Haiti usteldurik zegoen lurrikararen aurretik, garai bateko munduko azukre esportatzailerik handiena gutxi batzuk zorpetua eta desitxuratua. Lurrikaraz gero eta hauteskundeen ondoren, putreen bazka izango dira nazioartetik datozen kiloka dolar; etxeko eta kanpoko interesak aseko ditu, baina herritarren beharretarako tarte txikia geratuko da. Nazioarteak presio egin du gobernu bat osatzearren, ustelduta badago ere; indarkeriak kaleak hartuak ditu, kolerak dozenaka hildako uzten ditu egunean, eta lur astinduaren hondakinen azpian gorpuak daude oraindik. Estali ezinezko abstentzioa eta iruzurra izango dira gaurko garaileak, eta bigarren itzulia beharko duten presidentegai bitxiak.
Port-au-Princen, hautagai ofizialistak eta oposiziokoak jende bera erakartzen dute, teknoa eta reggetona dantzatu nahi duten guztiak, bozkatu ezin duten haurrak ere bai, mitinak dantza egiteko aukera bakarra direlako inguru suntsitu eta gaixotu horretan. Gobernuz kanpoko erakundeek jartzen dute ura, elikagaiak, sendagaiak; eta politikariek, musika. Nahikoa da zelai idor bat diskoteka bilakatu eta jendez betetzeko. Batez ere Michel Martelly Sweet Micky heltzen denean. Konba haitiarraren kantaria, gazteen gustukoena, inkestetan hirugarren dago, baina igo eta igo egin du azkenaldian.
Gaur 4,6 milioi haitiarrek dute botoa emateko eskubidea, Rene Preval presidentearen ordezkoa aukeratzeko, koleraz eta indarkeriaz hitz egitea hauteskunde programaz hitz egitea baino ohikoagoa den herrian, kontinenteko pobreenean. Haitiarrek espero dute nazioarteak agindutako laguntzaren gutxienez %60 kudeatzeko gaitasun nahikoa duen gobernua sortzea.
Bigarren itzulian
Hemezortzi hautagai dituzte aukeran presidentetzarako; inkesten arabera, Mirlande Manigat oposizioko kideak irabaziko luke,baina ez tarte askorekin. Horrek esan nahi du bigarren itzulian erabaki beharko dutela presidentea, urtarrilaren 16an. Hautagaietako askok zalantzan jarri badute ere hauteskundeak orain egiteko egokitasuna, Manigatek, irabazteko aukera duten guztiek bezala, honela oihukatu du: «Ez lurrikarak, ez kolerak ez dituzte geldiaraziko hauteskundeak».
Inkestetan, bigarren lekuan Prevalen alderdiko eta haren suhi Jude Celestin dago. Gobernuak kanpainarako erabilitako milioika dolarrak kritika egiteko erabili ditu Sweet Mickyk: «Celestinek diru asko du hegazkinetan erabiltzeko, baina ez da gai izan jendea desplazatuen eremuetatik ateratzeko». Kantariak arroza merkeago lortuko duela agintzen du. Diputatuen Ganberarako 99 legebiltzarkide ere aukeratuko dituzte, eta Senatuko heren bat: 33 ordezkari.
Lut Fabert Haitin Europako Batasunak duen ordezkariarentzat, «egonkortasun politikoa arriskuan legoke hauteskundeak egingo ez balira. Lurrikarak eta epidemiak sortutako egoera eta herria bera administratzeko gai izango den gobernua osatu beharra dago». AEBek egin dute indar gehien hauteskundeok egin daitezen. Urteetan Haitiren inbaditzaile izan direnek orain ez dute arrazoi gutxiago eskua sartzen jarraitzeko.
Hauteskundeetarako behin-behineko batzordeak dagoeneko onartu du iruzurra ziurtatuta dagoela. Hainbat botopaper faltsu antzeman dituzte. Batzorde hori bera auzitan jartzen duenik ere bada, hainbat hautagai kanpoan utzi dituelako, inork ez dakizkien irizpideak erabilita.
Hauteskundeengatik edozein jarduera ekonomiko eta politiko geldirik dago, baina kolera ez. 1.650 jada hil ditu gaixotasunak, eta 60.000 kutsatu. Uharteko herritarrak haserre daude, uste dutelako NBE Nazio Batuen Erakundearen soldaduek zabaldu dutela kolera, eta azken egunotan ezer galtzekorik ez dutenen indarkeria nagusitu da politikarien kontra.
Lurrikara, kolera eta iruzurra
Presidentea eta Legebiltzarra aukeratzeko hauteskundeak egingo dituzte gaur Haitin, bozetarako une egokia den zalantzaren erdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu