Lurrikararen bi urteurren

Sichuango lurrikaran eskolak izan ziren lehenak behera erortzen; urtebeteren ondoren, seme edo alabaren bat galdu zuten gurasoek justizia eske jarraitzen dute. Txinako Gobernuak, baina, auzia itxi nahi du.

2009ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Xinjian eskolako haurren jolas ordua14:30ean hasten zen.Sichuango (Txina) lurrikara 14:28ean izan zen, haurrak oraindik eskola barruan zirela. Bi minutu eskasengatik erori zitzaien eraikina gainera; azpian 400 bat haur harrapatu zituen. Eskola hori izan zen lurrikarak Dujiangyanen eraitsitako eraikin bakarrenetakoa; haren ingurukoak zutik ziren lurrikara izan eta gero ere. Hondamendian seme edo alabaren bat galdu zuten gurasoak, horregatik, sinetsita daude Xinjian gaizki eraiki zutela. Ingurukoek zutik irauteak eta eskola txiki-txiki gelditzeak ez du beste esplikaziorik haientzat. Hori hala, erantzuleak zigortzeko eskatu diote Pekingo gobernuari. Atzo, urtebete egin zuten justizia eske.

Iazko lurrikaran hildakoei minutuko isilunea eskaini zieten Txinako agintariek. Yingxiun egin zuten ekitaldi ofiziala, lurrikararen epizentrotik gertuen dagoen herrian. Atzoko egunez duela urtebete 6.300 lagun hil ziren han -9.000 biztanleko herria zen lurrikara gertatu aurretik-. Denetara, 87.000 lagun hil edo desagertu ziren Sichuango probintzian. Txinan 30 urteetan izandako hondamendi handiena izan zen.

«Elkartasunak indartzen gaitu, eta borroka eginez garaipena eskura dezakegu». Hu Jintao Txinako presidenteak salbamendu taldeen lana goraipatu du lehen urteurrenean. Horrentzat, «Txinako historiako azkarrena, jendetsuena eta eraginkorrena» izan zen emandako erantzuna. Harro dago egindakoaz, horregatik. Eta gertatutakoaren irudi horrekin gelditu nahi du. Eskolak behera erori izanaren errudun bakarra lurrikara izan zen; Pekinentzat natur hondamendiaren urteurrena zen atzokoa.

Giza hondamendia

Urtebeteren ondoren, Sichuango herritar askoren egoerak ez du hobera egin. Txinako Gobernuak ez du milaka biktimaren geroa bermatuko duen neurririk hartu. Ez du, halaber, berriro halako lurrikararik gertatuz gero martxan jarriko lukeen mekanismorik diseinatu. Bitartean, etxerik gabe gelditu ziren 4,8 milioi lagun aurrefabrikatutako eraikinetan bizi dira. Gobernuak etxebizitza berriak eraikiko zizkiela agindu zien. Eta haien zain dira. Horientzat giza hondamendiaren urteurrena izan zen atzokoa.

Geldo doa berreraikitze lana. Baina hori ere ez da berdina toki guztietan. Txinako eskualde bakoitzak eremu jakin batzuk berreraikitzeko lana hartu du bere gain; hala, eskualde aberatsenen menpe daudenetan -hala nola Shanghairen eta Cantonen menpe- eraikitze lanak azkarrago doaz. Besteetan, iazko irudia presente dago oraindik.

Badirudi horrek ez duela askorik kezkatzen Hu Jintao, urteurren ekitaldia balorazio baikorra egiteko baliatu baitu: «Pixkanaka-pixkanaka orain arte egindako lanen fruituak jasotzen ari gara, eta kalteak jasan zituzten herritarrek bizitza berri bati ekin diote». Aipamenik ere ez dio egin lurrikaran suntsitutako dozenaka eskolen auziari. Kontu deserosoa bihurtu da hori Pekingo gobernuarentzat. Hildako haur eta nerabeen datua ere ezkutuan izan zuen joan den astera arte: 5.335 ikasle hil ziren ofizialki. Gurasoek eta haiei sostengua agertu dieten ekintzaileek, ordea, kopuruak handiagoa izan behar duela uste dute.

Lurrikaran seme-alabak galdu zituzten gurasoen borrokarekin bat egin duten ekintzaileetako bat da Ai Weiwei, Pekingo Olinpiar Jokoetako estadioa diseinatu zuena. Gobernuari eskolak gaizki eraiki eta diru publikoarekin aberastu ziren horiek zigortzeko eskatzen dietenen artean da bera. «Informazio publikoa sekretuan edukitzeko ohitura dago Txinan. Lurrikarak, baina, gauza asko agerian utzi zituen, hala nola etxe asko eta asko gaizki eraiki zituztela. Baita lurrikara ondoren martxan jarritako neurrien porrota ere; laguntzaren banaketa, besteak beste», azaldu du Ai Weiweik.

Hu Jintaoren gobernuak, izan ere, gertatutakoa ikertuko zuela agindu zien biktimei. «Kriminalak» harrapatuko zituela hitzeman zien. Urtebeteren buruan, baina, inori errua egozteko aski frogarik ez dela dio. Orrialdea pasa nahi du, kosta ahala kosta. Horregatik atxilotu ditu orain gutxi Tan Zuoren eta Huang Qi ekintzaileak ere; Sichuango eskolak zergatik erori ziren argitzeko ikertzen ari zirela. Estatuaren aurkako «subertsioa» leporatu diete Tan eta Huangi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.