'Haserretuak'. Katalunia. Arcadi Oliveres. Justicia i Pauko presidentea

«M-15 mugimenduak pedagogia politikoa bultzatzen jarraitu behar du»

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasleak dio 'haserretuen' inguruan informazio desegokia ematen ari direla politikariak, gutxi batzuek egindakoagatik guztiak epaitzen ari direlako.

2011ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Ekonomia irakasle eta Justicia i Pau gobernuz kanpoko erakundeko presidentea da Arcadi Oliveres (Bartzelona, 1945). 1968an sortu zuten erakunde hori, eta giza eskubideak errespetatzeko hitzaldiak, kongresuak eta beste hainbat ekintza egiten ditu. Horrekin batera, bakea eta herrialdeen armagabetzea, pobrezia desagerraraztea eta herrialdeen hazkunde sostengarria aldarrikatzen dute. Erakundeak ongi erreparatu dio M-15 mugimenduari, eta horrekin bat egin du. Oliveresek salatu du herenegun Bartzelonan izandako istiluetan Polizia manifestarien artean infiltratu eta liskarrak eragin zituztela.

Generalitateko Barne sailburu Felip Puigek jakinarazi du zure aurkako salaketa egitea pentsatzen ari dela. Norbait zurekin kontaktuan jarri da?

Ez, saileko inor ez da nirekin harremanetan jarri, eta ez dut uste hala egingo dutenik ere. Arlo horretan oso lasai nago.

Politikarien aldetik M-15 mugimendua kriminalizatzeko asmoa ikusten al duzu?

Nik ez nuke hainbeste esango. Mugimenduaren inguruko informazio desegokia ematen ari da gobernua, gutxi batzuk egiten ari diren ekintzak guztien erantzukizun balira bezala aurkezten dituelako. 30.000 lagunek baino gehiagok jarraitzen duten mugimendu bat ezin dugu 30 lagunek egiten dituzten indarkeria ekintzengatik epaitu. Ekitaldi guztietan dago elkartzea indarkeria ekintzak egiteko baliatzen duen jendea. Kirol ekitaldietan, adibidez, talderen batek zerbait irabazten duenean ere gauza bera ikusten dugu. Horren inguruan, jendea jarrera hori izatera zerk bultzatzen duen ikusi beharko genuke.

Bartzelonan eta beste hainbat hiritan gertatutakoaren ondoren, zer egin behar du orain M-15 mugimenduak?

Hasieratik zituzten ideiekin aurrera jarraitu behar dute. Bartzelonako gertakariek ezin dute orain arte egindako lana baliogabetu. M-15 mugimenduak pedagogia politikoa bultzatzen jarriatu behar du, eta herritarrei politikan lan egitearen garrantzia erakutsi behar die. Orain arte egin duen lana azpimarragarria da, politikan kezka handirik ez zutela zirudien milaka lagun kalera protesta egitera bultzatu dituelako. Hori ez da galdu behar. Kanpalekuak jartzea oso ondo egon da, gobernuaren eta mundu guztiaren atentzioa erakarri duelako. Baina orain, kanpalekuak utzi eta beste hiri eta herrietara ideiak zabaltzen jarraitu behar dute, aldaketak eragin ahal izateko jarraitzaileak lortzeko.

Egunen batean M-15 mugimenduak alderdi politiko bihurtu beharko al luke?

Ez, guztiz kontrakoa. Herenegun eman nuen prentsaurreko batean Alemaniako Berdeen mugimendua egin behar denaren kontrako adibide moduan erabili nuen. Hasieran mugimendu ekologiko moduan sortu ziren, baina ondoren Gerhard Schroeder SPD Alderdi Sozialdemokratarekin koalizioa osatu zuten. Ondoren, Schroederrek Afganistango inbasioarekin bat egin zuen. Alderdi politikoren batekin koalizioa egitearen arriskua da. Mugimenduak bere ideiak dauzka, eta mantendu egin behar ditu.

M-15 mugimenduak maiatzaren 22ko hauteskundeetan eragina izan zuela uste duzu?

Egia esan, ez. Zazpi egun lehenago sortu zen, eta ez zuten aldaketa handirik egiteko denborarik izan. Euskal Herrian beste kasu bat izan da, baina herri gehienetanPPk eta PSOEk lortu dituzte udaletan. Katalunian CiUk ere lortu ditu, baina kontua da ez dela aldaketa esanguratsurik egon. Hauteskundeetan eragina izateko mugimenduak denbora beharko du.

Zeintzuk dira zure iritziz M-15 mugimendua sorrarazi zuten arrazoiak?

Arrazoi nagusietakoa krisi ekonomikoa dela esango nuke. Baina horrekin batera beste arrazoi ugari ere badaude, hainbat politikariren ustelkeria eta langabezia adibidez. Horregatik guztiagatik jendeak demokrazian aldaketen beharra dagoela ikusi du. Denek bat egiteak etorkizunean aldaketak egieko aukerak areagotzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.