Herriko bozak Frantzian

Macron, hondamendi baten atarian

Frantziako presidentearen alderdiak arrakastarako aukera txikia du igandeko udal bozetan. Parisko alkatetza lortzeko apustua gaizki atera zaio, eta koronabirusaren mehatxuak abstentzioa handitu lezake.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea, artxiboko irudi batean. EFE
ander perez zala
2020ko martxoaren 13a
14:54
Entzun

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ahalik eta azkarrena egin nahi ditu igandeko udal hauteskundeak, ezer ez baita gertatuko hark espero zuen bezala. Ez zuen aurreikusi bere agintaldiko krisirik handiena —Jaka Horiak—, bere alderdiak ez zuelako sustrairik maila lokalean, baina biharko bozek ez diote erabat konponduko arazo hori. Ez hori bakarrik: izaera lokala eman nahi izan dion arren, ez dago zalantzarik emaitzak ikuspegi nazionalarekin aztertu beharko dituela, bere agintaldiari buruzko erreferendum itxura izango dutelako hauteskundeek.

Hori eragotzi nahian, Frantziako presidenteak ez du parte hartu bere alderdiaren hautagaien ekitaldietan, emaitzek bere figuran eta agintaldian eraginik ez izateko, eta, aldi berean, bere parte hartzeak alkategaien kanpainan eta irabazteko aukeran eraginik ez izateko. 2018tik, krisi batetik bestera pasatzen ari da Frantziako Gobernua: Jaka Horiak, erretreten erreformaren aurkako grebak, protestak osasungintzan eta hezkuntzan...

Panorama lazgarria da Macronen Errepublika Martxan-entzat (LREM), inkestek ez baitiote aurreikusten ia alkatetzarik Frantziako hiririk handienetan. Emaitzek agerian utziko dute sustrai lokal falta, LREMren diputatuen gehiengo zabalak ez baitu lotura zuzenik herriekin; are, estatuaren eta kolektibitate lokalen artean haustura bat izan da egungo presidentea karguan dagoenetik.

Macronen alderdiak emaitza onak lortu zituen iazko Europako Parlamenturako bozetan, nahiz eta Marine Le Penen Batasun Nazionalaren (BN) atzean geratu, baina aurtengoetan, izaera lokala izanda, plana aldarazi dio agintariari. Errealitatea ere bestelakoa da: iazkoetan, 100.000 biztanle baino gehiagoko hirietan LREM izan zen gehien bozkaturiko alderdia —hego-ekialdekoetan izan ezik—, botoa itzuli batean eman zutenean. Udal hauteskundeetan, ordea, bi itzulitan arituko dira, eta aliantzak Macronen alderdia eta Le Penena baztertzen saiatuko dira hiri handietan.

Berez, Frantziako presidentearen apustu handia Paris hiriburua zen, baina arazoak besterik ez ditu izan igandeko data hurbildu ahala. LREMek Benjamin Griveaux gobernuaren bozeramailea zena aukeratu zuen alkategai, eta Cedric Villani diputatuak, Griveauxen lehiakideak, ez zituen primarioetako emaitzak onartu; lehen krisia sortu zen orduan, eta Villanik bere zerrenda aurkeztea erabaki zuen. Hasteko, Macronen Parisko hauteskunde oinarria zatitu egin zen.

Anne Hidalgo Parisko egungo alkatea, eta Rachida Dati hautagai eskuindarra, asteon egindako eztabaida batean. EFE

Ez ziren horretara mugatu LREMren arazoak: otsail hasieran, alkategaia lehiatik atera zen bideo sexual batek sorturiko zalapartagatik, eta Frantziako presidenteak Agnes Buzyn Osasun ministroari eskatu zion lasterketan sartzeko. Buzynek onartu egin zuen eskaintza, eta, inkestek Griveauxi baino emaitza hobeak aurreikusten dizkioten arren —%20aren inguruan—, Rachida Dati Errepublikanoak, (LR) alderdi eskuindarraren alkategaiak, aurrea hartu dio, eta faboritoa da Anne Hidalgo egungo alkatearekin batera; Hidalgoren zerrendak Alderdi Sozialistaren eta Alderdi Komunistaren babesa du, eta aukerarik handienak ditu igandeko lehen itzulian boto gehien jasoko duen hautagaia izateko.

Bigarren itzulirako, zerrenden arteko aliantzak erabakigarriak izango dira. Parisen kasua desberdina da: boto emaile bakoitzak bere barrutiko zerrenda bozkatzen du, eta bozketa horretatik aterako diren kontseilariek aukeratzen dute alkatea; horregatik, alderdiek aliantzak eta adostasunak barrutietan egingo dituzte, hiri osoan egin beharrean. Kasua edozein dela ere, Macronen porrota agerikoa da, are gehiago kontuan hartuta 2017ko presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulian botoen %35 jaso zituela hiriburuan, eta bigarrenean %89.

Ministroak, alkategai

Frantziako Gobernuko hamar ministro dira alkate bilakatzeko hautagai, Frantziako presidenteak bozei eman dien garrantziaren erakusle; baina horiek dira, hain justu, Macronen agintaldiak sortu duen haserrearen ondorioak jasan ditzaketenak. Frantzia hegoaldean dago jokoan dagoen beste hiri garrantzitsu bat: Marseilla. Han ere, LREMren zerrendak aukera gutxi ditu alkatetza lortzeko, inkestek soilik botoen %7 aurreikusten diotelako; horiek ikusirik, LRren eta BNren zerrendek dute alkatetza eskuratzeko aukerarik handiena.

Herrialdeko hiri handi bakar bat ere eskuratzen ez badu, Macronek porrot handitzat jo beharko ditu udal hauteskundeak, hondamendi politiko gisa hartzeraino. Hori eragozteko, arreta bi hiritan du jarria, aurkeztu dituen alkategaiengatik: iparraldeko Le Havren, eta ekialdeko Lyonen.

Frantziako lehen ministroa zerrendaburua da iparraldeko Le Havre hiriko alkate izateko. EFE

Edouard Philippe lehen ministroak zerrendaburu gisa aurkeztea erabaki zuen bere herrian, Le Havren, eta hor garaipenik ez lortzeak zaplazteko handia emango lioke LREMri; are, Philippek bere burua behartuta ikus lezake dimisioa aurkeztera, eta horrek beste krisi bat sortuko luke gobernuan. 2014an lehen itzulian lortu zuen alkatetza, baina aurtengo inkestek ez diote garaipena aurreikusten, ezta bigarren itzulian ere.

Lyonen ere, Macronek asko du jokoan, bere zerrenda eta ekologistena parez pare baitaude inkestetan, botoen %22rekin. Besteak beste, Gerard Collombe ministro ohi eta alkate ohiaren sostengua eskuratu du LREMek —Alderdi Sozialistako utzi zuen Frantziako presidentearen alderdian sartzeko—.

Perpinyan, eskuin muturra faborito

Le Penen alderdiak inoizko aukerarik handienak ditu Ipar Kataluniako hiriburuaren alkatetza eskuratzeko. Ifop etxearen inkesta baten arabera, Louis Aliot diputatua buru duen zerrendak botoen %36 jasoko lituzke lehen itzulian, eta atzean izango luke egungo alkate Jean-Marc Pujolen zerrenda eskuindarra, botoen %19rekin; hirugarren postuan geratuko litzateke ekologisten zerrenda —Alderdi Sozialistaren babesten du—, botoen %15 lortuta.

Inkesta horren arabera, hiru zerrenda horiek edo soilik Aliotena eta Pujolena pasatuko balira bigarren itzulira, bi kasuetan BNren hautagaiak jasoko luke boto gehien Perpinyako alkate bilakatzeko.

Korsikan, agintean dagoen koalizio nazionalista ez da bere osotasunean aurkeztuko Ajaccio hiriburuko bozetara: ezkerreko Corsica Libera eta Korsikako Nazioaren Alderdia (PNC) ados jarri ziren zerrenda bakarra osatzeko, baina Gilles Simeoniren Femu a Corsicak beste zerrenda bat babestu du. Bastia hirian, nazionalistek hiru zerrenda aurkeztuko dituzte, tartean egungo alkate Pierre Savillek; lehen aldiz lehiatuko da, Simeoniren dimisioaren ostean iritsi baitzen kargura, 2016an.

Testuinguru horretan, abstentzioa izango da emaitzak baldintzatuko dituen faktoreetako bat, besteak beste koronabirusaren mehatxuak bultzatuta. Ifopen arabera, %30 inguru izango da udal hauteskundeetan. 2014ko bozetan, abstentzio tasa inoizko handiena izan zen Frantzian: %37,8.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.