Korsika

Macron marra gorriak planteatzekoa da Korsikako Asanblean

Frantziako presidentea ostiralera arte izango da Korsikan. Hitzaldi bat emango du uharteko asanblean, eta espero da mugimendu nazionalistak eskatutako autonomia legegilearen inguruan mintzatzea.

Emmanuele Macron Frantziako presidentea, Italiako presidente izandakoaren Giorgio Napolitanoren hiletan, atzo, Erroman. RICCARDO ANTIMIANI / EFE
maddi iztueta olano
2023ko irailaren 27a
13:01
Entzun

Frantziako presidente denetik laugarrenez bidaiatu du Korsikara Emmanuel Macronek. Ostiralera arte izango da han, eta, berez, hauxe da bisitaren arrazoi ofiziala: 80 urte bete dira Bigarren Mundu Gerran Korsika nazien kontroletik aske gelditu zenetik. Edonola ere, urteurrena aitzakia izango da Macronek Korsikako mugimendu nazionalistak eskatutako autonomia legegilearen inguruan hitz egin dezan. Uharteko gobernuburu Gilles Simeonirekin biltzekoa da bihar, eta gero agerraldia egingo du Korsikako Asanblean, 10:00etan.

Korsikako hainbat hedabidek adierazi dutenez, Eliseoko zenbait iturrik herenegun esan zuten Macron prest legokeela hainbat erreforma instituzional egiteko. Baina baldintza bat jarri du: uharteko nazionalistekin adosten duten akordioa «Frantziako egungo marko legalaren barruan egotea». Gainera, aintzat hartu behar da nazionalisten zenbait eskaerak gainditu egiten dituztela Parisentzat «marra gorriak» liratekeen zenbait muga; hala nola korsikeraren koofizialtasuna indarrean jartzea eta Korsikako biztanleei egoiliar estatusa aitortzea. Hortaz, ez dago bermatuta bisita honetan Parisek eskaera horri behin-behineko baiezkorik edo ezezkorik ematea.

Halere, haren hitzei gertutik erreparatuko diete hainbatek; esaterako, Core in Fronte alderdi independentistako buru Paul-Felix Benedetti, Corse Matin egunkariari azaldu dionez. «Emmanuel Macronen adierazpenaren irismen politikoari adi egongo gara nire taldea eta ni». Gero, azpimarratu du Korsikako Asanblean alderdi nazionalistek adostutako deliberazioa dela «kontuan hartu beharreko akordio bakarra».

Hain justu, uharteko alderdi nazionalistek uztailaren 6an adostu zuten Korsika autonomia legegile bihurtzearen aldeko deliberazio komun hori, Korsikako Asanblean. Bi indar autonomistek —Femu a Corsica eta PNC Korsikako Nazioaren Alderdia— eta bi indar independentistek —Core in Fronte eta Corsica Libera— bozkatu zuten alde. Ezusteko handiena eskuineko Un Soffiu Novuko ordezkari Pierre Ghiongak eman zuen, alde bozkatu zuelako —haren alderdiko kideek, ordea, aurka egin zuten—.

Denera, ganberan 63tik 46 botoren babesa izan zuen indar nazionalisten deliberazioak. Bost atal ditu testuak, 24 artikulutan banatuta. Hiru ideia nabarmentzen dira: lehenik, Korsikako herriaren aitortza, korsikeraren koofizialtasuna eta egoiliar estatusa; bigarrenik, titulu bat Frantziako Konstituzioan, estatutua biltzen duen lege organiko bat eta Korsikako herritarrak erreferendum baten bidez kontsultatzea; eta, azkenik, autonomia estatutua «progresiboki» sartzea indarrean, Parisekin finkatutako egutegi baten bitartez.

Berandu baino lehen uhartearen estatusarekin zer gertatuko den jakin nahi dute Korsikako alderdi nazionalistek, eta, horretarako, egutegi bat finkatu nahi dute Frantziako Gobernuarekin. Halere, aldizkakoak izan dira orain arte bi aldeen bilerak. Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa aritu da gobernuaren ordezkari gisa, eta hamalau hilabetean bost aldiz elkartu da Korsikako ordezkariekin. Hango zenbait hedabideren arabera, «garai kritiko» batera iritsi da afera, eta «aurrera edo atzera egiteko garaia da».

Finean, Frantziako Gobernuak erabaki behar du Korsikarentzat autonomia legegilea onartu edo ez. Baina, onartuko balu ere, gerora beharrezkoa litzateke Frantziako Kongresuaren hiru bostenen babesa, eta Macronek eta haren aliatu parlamentarioek ez dute gehiengo osorik. Beraz, ezer ez dago bermatuta.

Errautsetatik jaio dena

Mende erdiko «borroka eta gatazka» bizi izan du Korsikako mugimendu nazionalistak, deliberazio komuna onartu zuten egunean Simeonik hala esanda. Gatazka hori are gehiago hauspotu zuen Yvan Colonna militante independentistaren heriotzak, horren harira hasi baitzen Korsika autonomia legegile egiteko prozesua.

Iragan urteko martxoaren 2an jipoitu zuten Colonna, espetxean, eta hogei egun geroago hil zen. Haren heriotzak haserre handia eragin zuen Korsikan, eta batez ere gazteek antolatutako manifestazioak ugaritu egin ziren zenbait astez. Protestek etenik ez zutela ikusita, «taburik gabe» autonomiaz negoziatzea onartu zuen Parisek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.