Macronek esan du polizia gehiago jarriko dituela istiluak kontrolatzeko

Frantziako presidenteak «ardura» eskatu die protestetako gazteen gurasoei. Poliziak 917 lagun atxilotu ditu azken liskarretan. Gazte bat hiltzea egozten dioten agenteak barkamena eskatu du

Frantziako Polizia agenteen eta manifestarien arteko istiluak, herenegun gauean, Nanterren, Parisko aldirietan. JULIEN MATTIA / EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Beste koska bat egin dute gora Frantziako Poliziaren eta manifestarien arteko istiluek. Parisko aldirietako Nanterre hirian auto bat gidatzen ari zen 17 urteko gazte bat tiroz hil zuen asteartean Poliziako agente batek, eta gertakari hark haserre olatua eragin du herritarren artean. Herrialdeko zenbait hiritan liskarrak izan ziren atzo gauean ere, hirugarren egunez jarraian, eta, Frantziako Barne ministro Gerald Darmaninen arabera, gutxienez 917 pertsona atxilotu zituzten, aurreko egunean halako lau; horietatik gehienak 14 eta 18 urteko gazteak dira. Horregatik, Emmanuel Macron presidenteak «ardura» eskatu zien atzo protestetan parte hartzen ari diren gazteen gurasoei, «etxean gera daitezen». Eskaera bera egin zien sare sozialak kudeatzen dituzten plataformei ere, «irudi delikatuak» kontrola ditzaten. Eta, egoeran esku hartzeko asmoz, estatuburuak iragarri zuen polizia eta jendarme gehiago mobilizatuko dituela; 45.000 ari ziren lanean atzo gauean.

Beste egun batez, Nanterre izan zen atzo protesten epizentroa. Bertan, herritarrek hainbat bankuri eta eraikin publikori su eman zioten; zenbait ikastetxek ere kalte handiak izan zituzten. Gainera, Frantziako hedabideek zabaldu zutenez, molotov koktelekin eraso zioten Sena Saint-Denis departamenduko Aubervilliers hiriko RATP enpresako autobus zentro bati, eta gutxienez hamabi ibilgailu kiskali ziren. Parisen bertan, halaber, manifestariek arpilatzeak eta kalte material ugari eragin zituzten denda handietan.

Roubaixen, Lillen, Lyonen, Okzitaniako Tolosan eta Marseillan ere liskarrak egon ziren, baita Akitania Berrian ere. Bada, Ile-de-France eskualdeko zenbait herritako alkatek etxeratze agindua ezarri zuten. Guyana Frantsesean, berriz, pertsona bat hil zen atzo goizaldean, Poliziak jaurtitako balak eragindako zaurien ondorioz. Frantziako hedabideek Eliseoko iturriak aipatuta jakinarazi zutenez, orotara bostehun bat eraikin publiko eta 2.000 ibilgailu erre zituzten, eta guztira 3.880 sute izan ziren Frantzia osoan. Darmaninek nabarmendu zuen agenteak «ausardiaz» lanean ari direla «ezohiko indarkeria horren aurka».

Frantziako lehen ministro Elisabeth Borne Parisko aldirietan izan zen atzo goizean, eta, ondoren, ezohiko gobernu bilera batera deitu zuen; Macronek ere bertan parte hartu zuen. «Lehentasuna da batasun nazionala bermatzea, eta hori egiteko modua da ordena lehengoratzea», esan zuen Bornek batzarraren atarian, eta erantsi «hipotesi guztiak» aztertuko zituztela. Era berean, Macronek gaitzetsi egin zuen herritarrak «desordenaz» baliatu izana erakunde publikoei erasotzeko.

Bestalde, estatu osoan larrialdi egoera ezarriko zuten galdetuta, Eliseoak erantzun zuen segurtasun neurriak egokitzeko prest dagoela, «taburik gabe», azken egunetako protestei erantzun ahal izateko, AFP berri agentziak gobernuko iturriak aipatuta jakinarazi zuenez. Eliseoak hartutako neurrien artean, prefeturei agindu zien autobus eta tranbia zerbitzuak 21:00etatik aurrera geldiarazteko. Horrez gain, jendarmeriaren ibilgailu blindatuak hedatuko dituzte, baita «indar mugikor osagarriak» ere, eta debekatu egingo dituzte «tokiko egoeren arabera ordena publikoarentzat arriskutsuak izan daitezkeen ekitaldi jendetsuak».

Bien bitartean, behin-behineko espetxealdian dago 17 urteko gazteari tiro egin zion agentea, eta nahita egindako homizidioa egozten diote. Epaileak delitu hori ezarri aurretik, Nanterreko Fiskaltzaren arabera, «legezko baldintzak» ez ziren bete gertakari horretan arma erabiltzeko, eta espetxeratzeko eskatu zuen. Bada, atzo, agenteak barkamena eskatu zion hildakoaren familiari.

Antzeko gertaera bat

2005eko urrian, antzeko gertaera batek ere istilu handiak eragin zituen Frantzia osoan. 17 eta 15 urteko bi gazte —Zyed Benna eta Bouna Traore, hurrenez hurren— elektrokutatuta hil ziren, Poliziarengandik ihes egiten ari zirela, Parisko aldirietako Clichy-sous-Bois hirian. Heriotzen berri izan eta gutxira piztu ziren liskarrak; ia 3.000 lagun atxilotu zituzten, eta gutxienez hiru lagun hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.