Presidentetzarako bozak Frantzian. Lehen itzulia

Macronen erronka: bigarren itzulia hari buruzko galdeketa bat ez izatea

Le Penek herritarren haserrea eta auzi sozialen garrantzia baliatu nahi ditu presidentetzara iristeko. Estatuburuaren arabera, eskuin muturraren aurkako fronte errepublikanoa «jada ez da existitzen»

Emmanuel Macron eta Marine Le Pen lehiatuko dira bigarren itzulian, 2017an gertatu bezala. Aurten lehia estuagoa espero da. SALVATORE DI NOLFI / EFE.
ander perez zala
2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Louis Aliot Perpinyako alkate ultraeskuindarrak atzo goizean RTL irratian esandakoak laburbiltzen du Frantziako presidentetzarako bozetako bi itzulien artekoa: «Marine Le Pen prestatzen ari da [hilaren 20ko] eztabaidarako. Bere gaiak menperatzen ditu, eta, aurreko aldian ez bezala, Emmanuel Macronek bilan bat du, eta bere burua azaldu beharko du». Eskuin muturra indartsuen dagoen honetan, Le Penek estrategia argia du asteotarako, Macronen agintaldi gatazkatsu eta polarizatzaileari buruz aritzea eta kanpaina agintariari buruzko erreferendum bat bilakatzea.

Eskuin muturreko hautagaiak ez du duela bost urteko esperientzia bera izan nahi. Bi itzulien arteko haren kanpaina ez zen positiboa izan, eta estatuburuarekin izan zuen eztabaida izan zen bereziki txarra, horrek are gehiago okertu baitzuen herritar askoren aurrean zuen irudia. Aurten, baina, Le Penek bere burua sinesgarriagotzat aurkeztu nahi du, eta horregatik jarri du arreta auzi sozialetan, eta batez ere erosteko ahalmenean; immigrazioaren eta segurtasunaren aferek, berriz, ez dute hainbesteko itzalik izan, nahiz eta bere programa duela bost urtekoaren oso antzekoa izan.

Macron presidenteak badaki ezingo duela 2017ko estrategia erabat baliatu berriro, eta eskuin muturraren mehatxua ez dela nahikoa izango fronte errepublikanoa erabat aktibatzeko; are, estatuburuak atzo esan zuenez, hori desagertu egin da: «Jada ez dago fronte errepublikanorik. Ezin dut jardun existituko balitz bezala». Hala, lehen itzuliaren emaitzak jakin osteko agerraldian, herenegun gauean, estatuburuak dei egin zuen «desberdintasunen gainetik batasunaren eta ekintzaren mugimendu politiko handi bat» osatzera. Ohartarazpena ere egin zuen: ezer ez dagoela erabakita, bigarren itzuliko garaipena ez duela ziurtatua. «Ez zaitezte tronpatu».

Orain arte ia ez du kanpainarik egin, baina badirudi Macronek bigarren itzulian ekitaldi eta mitin askoz ere gehiago egingo dituela. Le Penek, berriz, kontrakoa erabaki du, eta agenda askoz ere lasaiagoa izango du azken hilabetekoarekin konparatuz gero; printzipioz, hautagai ultraeskuindarrak prentsaurreko bat egingo du gaur, bere «gobernatzeko moduaz» aritzeko, eta, horrez gain, bi mitin egin eta pare bat elkarrizketa emango ditu. Haren helburua hilaren 20ko eztabaida prestatzea baita, aurten ere erabakigarria izango delakoan.

Le Penek botoen %23,15 bildu ditu bozen lehen itzulian —2017an baino 1,85 puntu gehiago—, eta, printzipioz, bigarren itzulirako, Eric Zemmour ultraeskuindarraren botoak ere gehitu beharko zaizkio (%7,07), polemistak haren alde egitera deitu baitu.

Nicolas Dupont-Aignanek lorturiko %2,06ak ere Le Penengana joan beharko luke, eta, beraz, transmisio horiek beteko balira, eskuin muturreko presidentegaiak botoen %32,28 lituzke ziurtatuak hilaren 24rako, duela bost urte lorturiko emaitzatik gertu (%33,9). Presidentegai ultraeskuindarra, hortaz, abstentzionistei, LR Errepublikanoko boto emaileei —Valerie Pecressek babesen %4,78 jaso ditu— eta batez ere Jean-Luc Melenchon ezkertiarrarenei begira jarriko da.

Melenchon berriz ere geratu da bigarren itzulirako sailkatzeko atarian, eta botoen %21,95 bildu ditu, 2017an baino 2,37 puntu gehiago. Duela bost urte bezala, militanteen esku utzi du zer egin hilaren 24an, baina herenegun gauean adierazi zuen ez zaiola «boto bakar bat ere» eman behar eskuin muturrari; iragan hauteskundeetan, gehienek abstentziora jo zuten, eta beste askok Macronen alde bozkatu zuten.

LFI, boto agindurik gabe

Adrien Quatennens LFI Frantzia Intsumisoko koordinatzaileak atzo egin zuen emaitzen balorazioa, eta France Inter irratian adierazi zuen aurten PCF Frantziako Alderdi Komunistaren botoak falta izan zaizkiela bigarren itzulirako sailkatzeko; izan ere, PCFren sostengua jaso zuten 2012ko eta 2017ko hauteskundeetan, baina aurten komunistek hautagaia aurkeztea erabaki zuten, eta Quatennensek Fabien Rousseli bota dio horren errua—botoen %2,28 jaso ditu hark—.

Le Pen intsumisoak konbentzitzeko xedeaz mintzatzen aritu da kanpainan, eta herenegun gauean ere keinuak egin zizkion Melenchonen oinarriari, auzi sozialetan arreta jarrita. «Zuen araberakoa da gure gizartean pertsonei eman nahi diegun tokia diruaren aurrean», esan zuen. Baita zera ere: «Garrantzitsua da erretiroan osasuntsu sartzea, bermaturiko eskubideez gozatzea».

Macroni botoa emateaz, aldiz, LFIko koordinatzaileak ez zuen boto agindurik eman atzo, argudiatuta «kontraeraginkorra izango» litzatekeela, ez baitute «ezer espero» estatuburuaren partetik. Jordan Barella Batasun Nazionaleko presidentea kexu agertu zen jarrera horrekin, eta intsumisoei ohartarazi zien badakitela Le Penen alde egin ezean «lapurreta soziala» izango dutela «beste bost urtez».

Bi aldeek finkatuak dituzte bigarren itzuliko lehiaren oinarriak. Jean-Pierre Chevenement Barne ministro ohiaren eta Macronen aliatuak atzo gauean esan zuen modura: konbentzitzea, eta bi proiektuak aurrez aurre jartzea, hori egin beharko dute.

Behin betiko emaitzen arabera, presidenteak botoen %27,84 bildu ditu —duela bost urte baino 3,83 puntu gehiago—, eta haren alde bozkatzera deitu dute Yannick Jadot ekologistak (%4,63), Anne Hidalgo sozialistak (%1,75) eta Rousselek —lehiatik kanpo geratu dira—. Hortaz, printzipioz, Macronek botoen %36,5 lituzke ziurtatuak. Ezkerreko hautagaien oinarri elektoralaren jarrera erabakigarria izango da bigarren itzulian, horietako asko haserre baitaude presidentearekin.

Ifop etxeak herenegun gauean bertan egindako inkesta baten arabera, estatuburuak gutxigatik irabaziko lioke hautagai ultraeskuindarrari: %51-49. Ipsosek, berriz, tarte handiagoa eman dio estatuburuari, baina ez litzateke 2017koa bezalakoa izango; %54-46koa litzateke. Duela bost urte 32,2 puntukoa izan zen estatuburuaren alde —%66,1-33,9—.

Presidentetzarako hauteskundeen lehen itzuliak azken urteetako errealitatea baieztatu du: mende erdiz herrialdeko agintea partekatu duten bi alderdiak erabat hondoratu direla. Pecresseren eta Hidalgoren emaitzak batuta, bipartidismo tradizionala botoen %6,53an geratu da; duela bost urte %26,37 jaso zituen, eta, horren aurretik, batez beste %50-60 ingururen artean aritu da. Aldiz, Frantzia hiru bloketan zatitu da: Macronena, eskuin muturrarena eta ezker zatituarena.

PSk eta LRk, biek ala biek izan dituzte beren historiako emaitzarik txarrenak, eta datozen asteak barne eztabaidari buruzkoak izango dira. Finantzen aldetik ere arazoak egon litezke, hautagaiak %5era iritsi ez direnez ez baitiete kanpainan xahuturikoa itzuliko; Pecressek, esaterako, «premiazko laguntza» eskatu zuen atzo, egoera «kritikoa» delakoan.

Fronte politikoan, Laurent Wauquiez LR-ren buruzagi ohi eta Auvernia-Rodano-Alpeak eskualdeko presidentea «dena berreraikitzeaz» aritu zen alderdiak atzo egin duen bilkuran: «Eta horrek esan nahi du elkartuta egon behar dugula». Sozialisten kasuan, Olivier Faure lehen idazkariak France Info telebista katean adierazi zuen, atzo, bere indar politikoa ez dagoela «batere» amiltzear, birfundazio zurrumurruak zabaltzen ari diren honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.