Madagaskarren estatu kolpea ematen saiatu dira erreferenduma egunean

Militarburu talde batek sustatu du matxinada; jarduneko presidenteak, berriz, botereari eusten diola jakinarazi du

2010eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Egoera nahasia dute Madagaskarren. Militarburu talde batek boterea bereganatu eta jardunekoinstituzioak desegin zituela iragarri zuen atzo. Haatik, Antananarivo hiriburuan normaltasuna eta lasaitasuna nabari zirelarik, presidenteak eta lehen ministroak jakinarazi dute botereari eusten diotela eta estatu kolpea emateko saioa ikusita «arduraz» jokatuko dutela.

Noel Rakotonandrasana izeneko jeneralak iragarri zuen kazetarien aurrean jarduneko instituzio zibilen ibilera «etenda» zegoela eta batzorde militar batek agintea hartu zuela. Defentsa ministro izan zen apirila arte jenerala, eta harekin hogei bat militarburuk egin dute bat. Charles Andrianasoavina koronela zen horietako bat, eta hark eman zion estatu kolpea emateko saioaren berri France 24 telebistari: «Goiz honetatik [atzo goizetik] matxinatuta gaudeeta jarduneko agintea garaituko dugu; Presidentetzako egoitzaz eta ministerioez laster jabetuko gara; herritar guztien onurarako izango den gobernu bat boterean jartzea da gure helburua ».

Armadaburuak, agintearekin

Madagaskarko Konstituzio berriaz herritarrek iritzia emateko xedez agintariek antolatutako erreferendum egunean izan zen kolpe saioa. Bozketa hori, hain zuzen, normal igaro zela ematen zuten aditzera lekukoek eta nazioarteko hedabide eta prentsa agentziek. Antananarivo hiriburuan, ohiko segurtasun indarrez gain, ez zen egun osoan tropa mugimendu berezirik nabarmendu, ezta uharteko beste hiritan ere.

Gobernuak, hala ere, premiazko bilera egin zuen militarburuek iragarpena egin ostean. Camille Vital lehen ministroa agertu zen telebista kate publikoan bileraren ostean, armadako adar guzietako buruzagiz inguratuta, azalpenak ematera. Vitalek Madagaskarko segurtasun indarrei «legezkotasunari eusteko» eskatu ziela jakinarazi zuen. Matxinatuekin «arduraz eta irmoki jokatuko» duela iragarri zuen; eta herritarrei, berriz, «lasai egoteko» gomendatu zien.

Andry Rajoelina presidenteak ildo beretik jo zuen: «Estatuak modu egokian egingo die aurre matxino bakan batzuen asmo eta jokaerei. Armadako agintari gorenak bilduta daude eta hartu beharreko neurriak aztertzen ari dira. Rajoelina 2009ko martxoaz geroztik da behin-behineko gobernuan. Rakotonandrasana jeneralak zuen Rajoelina sustatu, Marc Ravalomanana orduko presidentearen kontra altxatu zelarik, iaz piztu zen krisi politikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.