Antoni Comin ERCko diputatu erbesteratuak atzo egin zuen eskaria, eta Kataluniako Parlamentuko Mahaiak gaur onartu du haren botoa delegatzeko aukera. Erabaki horrekin, JxC Junts Per Catalunyak eta ERC Kataluniako Ezker Errepublikanoak gehiengo soila lukete inbestidurako bigarren bozketan —66 boto—, CUPek lau abstentzioei eusten badie. Unionistek, aldiz, 65 batuko lituzkete gehienez. Mariano Rajoy Espainiako presidenteak erabaki horren kontrako "legezko neurriak" aztertuko dituela ohartarazi du.
Hala ere, mahaiari iritziz aldarazteko ardura parlamentuko taldeena dela nabarmendu du Rajoyk. "Mahaiari eskatuko diogun lehenengo gauza, baina ez gobernu bezala, ez baitugu horretarako eskumenik, Comini botoa delegatzeko aukera ez onartzea da. Nire ustez, ez du zentzurik. Hortik aurrera, egun indarrean den legediaren kontrako erabakiak hartzea eragozteko legezko neurriak aztertuko ditugu".
Rajoyk adierazpen horiek egin aurretik, Ciudadanoseko presidente Albert Riverak Espainiako Gobernuari eskatu dio jo dezala "berehala" Auzitegi Konstituzionalera. Comini botoa delegatzeko aukera onartzea "adar jotzea" dela ziurtatu du.
Cominek, berriz, azaldu du alderdi independentistak Puigdemont inbestitzeko lanetan ari direla, baina ohartarazi du hori ez dela "plan bakarra" eta maiatzaren 22a baino lehen inbestituko dutela presidenteren bat.
Hautagaia Puigdemont izango balitz, CUPek ere haren alde bozkatuko luke eta lehen bozketan inbestitu ahal izango lukete, 70 botorekin.
Bihar egitekoa duten osoko bilkuran izango du Cominek boto delegatuaz baliatzeko lehen aukera. Alderdiko bozeramaileak, Sergi Sabriak, bozkatuko du haren izenean.
Puigdemont presidente izendatzeko, Presidentzia legea moldatu asmo du JxCk. Proposamena parlamentuan eztabaidatzeko bidean da, eta, Kataluniako hainbat hedabidek aurreratu dutenez, maiatzaren 3an bozkatuko dute moldaketa. Haren bidez, legezko egin nahi dute Generalitateko presidentea eta gobernu kontseilariak telematikoki izendatzeko aukera.
Presidentzia legea aldatzeko proposamena aztergai du egunotan Estatutu Bermeen Kontseiluak. Juridikoki bideragarri ikusten duen ala ez jakinarazi behar dio parlamentuko mahaiari. Kontseiluaren iritzia ostegunerako egotea espero da. Egun horretan zabalduko litzateke proposamenari emandakinak aurkezteko epea, eta astelehenera arte luzatuko litzateke. Urrats guzti horiek beteta, ostegunean osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko luke parlamentuak.
Parlamentuko taldeek maiatzaren 22a dute epe muga, Generalitateko presidente bat izendatzeko. Hala egin ezean, automatikoki parlamentua desegin eta hauteskundeetarako data ezarriko litzateke. Presidentzia legearen moldaketarako epeek denbora tarte nahiko utz dezakete Puigdemonten inbestidura saioa Espainiako Justiziak indargabetuz gero ere, "D plana" indarrean jarri eta, ERCK eskatu bezala, "gobernu eraginkor bat" abian jartzeko.
Llarenaren aurkako kereila, aurrera
Bestalde, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailearen kontrako kereila jartzea agindu dio parlamentuko mahaiak, erakundeko zerbitzu juridikoari. Ciutadansek erabaki hori berriz ere aztertzeko eskatu zion mahaiari, legez kontrako izan zitekeela argudiatuta, baina mahaiak aurrera egitea erabaki du. Alderdiak Roger Torrent parlamentuko presidentearen kontrako errekurtsoa jarriko duela iragarri du, diru publikoa "interes pribatuetara" bideratu nahi dela argudiatuta.
Parlamentuko letraduek uko egin diote kereila prestatzeko mahaiaren aginduari. Zalantzak adierazi dituzte haren egokitasunari buruz.
Llarenak Kataluniako prozesu subiranistarekin lotuta auzipetu duenetako bat da Jordi Sanchez JxCko diputatu eta ANCko presidente ohia. Sanchezek publiko egin du, gaur, Soto del Real espetxeko (Madril) zuzendaritzak zigorra ezarri diola, kartzelan mezu bat grabatu eta Kataluniako hauteskunde kanpainan zabaltzeagatik. Hilabetez, 18 ordu pasa beharko ditu eguneko bere ziegan.