Milaka herritar irten ziren atzo kalera Katalunian, Euskal Herrian eta Espainiako hainbat hiriburutan, Kataluniako erreferendumaren kontrako polizia operazioa salatzera. Ikusteko zegoen, berehalako erantzun horrek nolako segida izango zuen gaur. Katalunian, Omniun Cultural eta ANC elkarteek "mobilizazio jarraitua" egitera deitu zituzten atzo herritarrak, eta haien deiari erantzunez, 20.000 lagun baino gehiago elkartu dira gaur eguerdian Kataluniako Auzitegi Gorenaren atarian. Hain justu, auzitegi horrek agindu ditu Kataluniako Gobernuaren egoitzak miatu eta hainbat atxilotzea —tartean, Generalitateko karguak—. Jendetzak auzitegiaren parean jarraitzen du atxilotual aske utz ditzatela aldarrikatzen.
Ehunka pertsona Gracia auzoko Guardia Zibilaren komandantziaren aurrean elkartu dira, bestalde. Bertan daude Guardia Zibilak atzo atxilotu zituen hamabost lagunetatik, zazpi. Gainerako zortziak behin behinean aske utzi ditu, karguekin.
Deitzaileek adierazi dutenez, protestari eutsiko diote atxilotuak aske uzten dituzten arte.
Halaber, Kataluniako sindikatu nagusienak, elkarte subiranistak, ezkerreko alderdiak eta gizarte mugimenduetako eragileak greba orokor bat egiteko aukera aztertzen ari dira, Madrilek urriaren 1ean erreferenduma egitea eragotziko balu. Urriaren 1a heldu aurretik ere, erreferendumaren aldeko mobilizazio aukerez mintzatzen aritu dira.
Aldiz, Kataluniako Gobernuak erreferenduma antolatzeko lanekin jarraitzen du, eta jakitera eman du urriaren 1ean bozkatzeko erabili asmo dituen hauteslukuak zein izango diren. Hala, erreferendumari buruzko informazioa zabaltzeko indarrean dauden webguneetan koltsultatu dezakete herritarrek non dagokion bozka ematea.
Espainiako Estatuak ere ez du bere bidea eten. Auzitegi Konstituzionalak zigor ekonomikoa ezarri die Hauteskunde Sindikaturako kideei; gaurtik, Generalitateko kontuak blokeatuta ditu Espainiako Ogasunak, eta alkateak fiskaltzaren aurretik deklaratzen jarraitu dute, gaur ere. Horrez gain, Madrilek hiru ferry bidali ditu Bartzelonako eta Tarragonako portuetara, erreferenduma eragozteko bildu dituen polizia eta guardia zibil errefortzuei ostatu emateko. Guztira, 3.800 bidaiari hartzeko ahalmena dute itsasontziek. Bartzelonako eta Tarragonako zamaketariek jakinarazi dute ez dietela zerbitzu emango.
Nazioartean ere oihartzuna izan dute Espainiako Estatuak hartu dituen neurriek. Erresuma Batuko parlamentuan esaterako, alderdi guztietako ordezkariak biltzen dituen hogei parlamentariko talde batek gogor gaitzetsi du Madrilen jokabidea, eta bultzatu dituen naurrieak "demokraziarentzako iraina" direla salatu du. Sardiniako Lurralde Kontseiluak berriz, bertako gobernuari eskatu dio Kataluniari eskaini diezaiola botopaperak eta bestelako hauteskunde materiala inprimatzeko eta gordetzeko aukera, erreferenduma egin ahal izan dadin.