Madrilen esku hartzeari erantzuteko saioa, Senatuarenaren bezperan

Junts pel Sik eta CUPek Kataluniako Parlamentuaren osoko bilkura ostegunean egitearen alde egin dute bozeramaile batzordean. Osoko bilkurak konsituzioaren 155. artikulua ezartzearen "ondorioez" eztabaidatuko du saio horretan, eta ikuskizun dago Kataluniaren independentzia deklaratzeko bilkura izango ote den. Eztabaida bakarra izango du osoko bilkuraren gai ordenak.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentea, gaur, bozeramaile batzordean. ANDREU DALMAU, EFE
2017ko urriaren 23a
08:17
Entzun

Osteguneko saioaren deialdiak ez dio erreferentziarik egingo independentzia deklarazioari, eta, era horretara, Auzitegi Konstituzionalak bilkura bertan behera ez uztea lortu nahi dute Junts pel Sik eta CUPek. Taldeek ez dute argitu independentzia deklarazioa egiteko saioa izango den. Helburu hori izanez gero ere, ez da espero halakorik baieztatzerik; hain zuzen, saioa debekatzeko motibo izan daitekeelako. Baina alderdi independentistek adierazia dute errepublika deklaratzearen aldeko jarrera. CUPek lehenbailehen egitea galdegin du. ERCk ere beharrezko jo du, Espainiako Gobernuarekiko elkarrizketa saiakera antzua izan dela iritzita eta autonomiaren kontrako neurriek behartuta. PDECatek independentzia deklarazioari bide emateko eskatu zion Puigdemonti joan den astean, Espainiako Gobernuak 155. artikulua ezartzearen aldeko apustua egiten bazuen.

Independentzia deklarazioa egiten bada, ez dago argi deklarazio hori bozkatu egingo den ala ez. Saioak horretarako bidea eman dezake, behintzat. Izan ere, Junts pel Si eta CUPen eskariak konstituzioaren 155. artikuluak Katalunian izan ditzakeen ondorio posibleak aztertzeko eztabaida orokorra proposatu du, eta formato horrekin talde bakoitzak aukera izango du gehienez ere hiruna ebazpen aurkezteko. Aurkezten diren ebazpenak bozkatu egingo ditu parlamentuak, eta independentzia deklaratzeko modu bat izan daiteke deklarazioa bera epazpen gisa aurkeztea.

Saioa Junts pel Si eta CUPeko ordezkariek hasiko dute. Eztabaida orokorra deitzeko arrazoiak azalduko dituzte gehienez ere 30 minutuko hitzaldian. Ondoren, Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak hartuko du hitza, denbora mugarik gabe. Atseden labur baten ostean, taldeek erantzunerako txanda izango dute, eta, guztiek hitz egin ostean, ebazpenak aurkezteko aukera izango dute osoko bilkurak bozkatu ditzan.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.