Espainiako Ministroen Kontseilua bilduta dago orain, eta, okerrik ezean, Puigdemonten hautagaitza bera inpugnatuko du, nahiz eta Estatu Kontseiluak atzo jakinarazi zion ez dagoela horretarako oinarririk. Horren harira mintzatu zen atzo gauean, Ser irratian, Josep Rull JxC Junts Per Catalunyaren diputatua, eta nabarmendu Madril "goi mailako intimidazio ariketa bat" ari dela gauzatzen, eta hori ezin dela "toleratu".
Horregatik, Espainiko Zigor Kodearen 498. artikuluaren babesean gobernuaren kontrako kereila kriminal bat aurkeztea pentsatzen ari da JxC. Artikulu hori mintzo da, hain zuzen, indarra, larderia edo mehatxuak erabiltzeaz, kargudun publiko batek bere zereginak betetzea eragozteko intentzioarekin. "Eskubide politikoak mugatzea edo bertan behera uztea erabakitzen dutenak auzitegiak dira, ez estatu bateko gobernuak", azpimarratu zuen Rullek.
Madrilek, azkenean, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak proposatutako hautagaitza bera —unionistek, esaterako, ez dute presidentegairik aurkeztu— inpugnatzea erabakitzen badu eta Konstituzionalak eskaera tramiterako onartzen badu, hautagaitza bertan behera geratuko litzateke automatikoki. Ikusi beharko litzateke, orduan, zer erabakiko zukeen Torrentek berak. Atzo, Madrilen hautuaren berri edukita ere, inbestidura saioa datorren astearterako (15:00) deitzea erabaki zuen.
Rulli atzo galdetu zioten ea bera izan ote daitekeen Puigdemonten ordezkoa, eta erantzun zuen aukera hori guztiz baztertzen duela. "Hau ez da apeta pertsonal bat. Esan genuen gure asmoa dela Generalitateko presidentea eta instituzioak berrezartzea".