Venezuela

Madurok AEBen aurkako salaketa aurkeztu du Nazioarteko Zigor Auzitegian

Gizateriaren aurkako delituak leporatu dizkio Venezuelako Gobernuak Washingtoni, 2014tik indarrean dauden zigor ekonomikoengatik.

Nicolas Maduro, Caracasen, bere aldeko manifestazio baten amaierako ekitaldian. MIGUEL GUTIERREZ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko otsailaren 14a
11:24
Entzun

Azken urteetan, Venezuelaren aurkako zigor ugari onartu dituzte AEBek, Europako Batasunak eta Kanadak; besteak beste, bidaiatzeko debekuak eta kontu korronteen bahimenduak. Horiek gogortu egin dira Juan Guaido oposizioko buruak bere burua presidente aldarrikatu zuenetik. Guaidok nazioarteko 50 herrialderen babesa lortu du geroztik.

Oraingoan, Nicolas Maduro presidentea izan da AEBen aurka egin duena eta Nazioarteko Zigor Auzitegian haren aurkako salaketa jarri duena. Jorge Arreaza Atzerri ministroak azaldu duenez, Washingtonek 2014tik Venezuelako herriari ezarritako «legez kanpoko eta aldebakarreko neurrien» aurkako kanpainaren barruan kokatu behar da salaketa. Horietan oinarrituta, gizateriaren aurkako delitua egitea egotzi diete AEBei.

Twitterreko bere kontuan zabaldutako mezuan, Madurok adierazi du venezuelarrek bakerako eta autodeterminazio askerako eskubidea dutela, eta eskatu du amai ditzatela eraso eta blokeoak.

 

 

AEBek ez dute onartzen Maduroren agintea; haientzat, Guaido da Venezuelako presidente «zilegia». Hain zuzen ere, joan den otsailaren 5ean oposizioko buruarekin egindako bileraren ostean, Donald Trump presidenteak iragarri zuen «estuago» hartuko zuela estatuburua.

Egun, Nazioarteko Zigor Auzitegia Maduroren aurkako beste salaketa bat ikertzen ari da, 2018an sei herrialdek —Argentinak, Kanadak, Txilek, Kolonbiak, Paraguaik eta Peruk— jarri zutena; gizateriaren aurkako delituak egin izana egozten zioten, 2017ko manifestazioekin lotuta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.