Nicolas Madurok kargua hartu du Venezuelako presidente gisa. Hirugarren agintaldia egingo du Hugo Chavezen ondorengoak, eta, ondo bidean, 2031ra arte egongo da agintean. Horiek horrela, iazko uztailaren 28an egin zituzten hauteskundeen garailetzat jo dute Maduro ofizialki, gaur Asanblea Nazionalean egindako ekitaldian.
«Hasiera ematen diot bakearen, oparotasunaren eta demokrazia berriaren aldiari», esan du Madurok Venezuelako Konstituzioa eskuetan zuela presidente karguaren zina egin duenean. Haren aurretik presidente izandakoaren agintaldian onartu zuten konstituzio hori, hau da, Chavezenean: 1999an, hain zuzen. Eta hori izan du mintzagai Madurok: «Herriak idatzi, herriak onartu eta herriak defendatu zuen. Konstituzio hau garaile irten da gaur». Datorren astean Konstituzioa berritzeko batzorde bat sortzeko dekretua sinatuko duela iragarri du presidenteak. Gainera, nabarmendu du «Chavezen ametsak» betetzen jarraituko duela.
Gatazkatsuak izan dira kargua hartu aurreko hilabeteak, baita azken orduak ere. Izan ere, oposizioak ez ditu onartzen presidentetzarako bozen emaitzak, chavismoak iruzur egin zuelakoan, eta argudiatzen du eskura dituzten akten «%85ek» frogatzen dutela Edmundo Gonzalez oposizioko hautagaiak bildu zuela boto gehien. Madurok, berriz, behin baino gehiagotan adierazi du prozesua «garbia» izan zela.
Gonzalezek Venezuelatik alde egin zuen irailean, argudiatuta «jazarpen politiko eta judiziala» pairatzen zituela, eta Espainian gotortu zen, babes diplomatikoa eman baitzioten. Ordutik behin baino gehiagotan esan du Caracasen agertuko zela gaur, presidente kargua hartzeko; oraingoz, baina, ez dago haren berririk.
Bitartean, Caracasek erabaki du Venezuelaren eta Kolonbiaren arteko lehorreko muga ixtea, atzo Kolonbiako Atzerri Ministerioak X sare sozialean jakinarazi zuenez. Erabakia alde bakarrez hartu du Venezuelako Gobernuak, eta «barne arrazoiak» aipatu ditu argudio gisa. Are gehiago, Venezuelako Tachira estatuko gobernadore Freddy Bernalek gaur kazetariei azaldu dienez, Madurok muga ixtea erabaki du «bakea nahasteko nazioarteko konspirazio bat» eragozteko.
Kargua hartzeko ekitaldia egin baino ordu batzuk lehenago, atzo iluntzean, oposizioak salatu zuen Maria Corina Machado oposizioko buruzagia atxilo hartu zutela. Machadok hilabeteak zeramatzan ezkutatuta, eta atzo jendaurrean agertu zen, Caracasen. Ekitaldi horren ostean atxilotu zuten, eta ordubete geroago aske utzi. Venezuelako Gobernuak, ordea, esan du ez zutela atxilotu.
Kritikak eta babesa
Nazioarteak ere kritika andana egin dio Madurori presidentetzarako hauteskunde egunetik. Are gehiago, hainbat herrialdek Gonzalez hartzen dute bozen garailetzat. EB Europako Batasuneko Parlamentuak, esaterako, Gonzalez aldarrikatu zuen bozen garaile iazko irailean. Hain justu, EBko Parlamentuko presidente Roberta Metsolak gogor egin du gaur Venezuelako estatuburuaren aurka. «Madurok justiziaren aurrean egon beharko luke, eta ez legez kontra presidente karguaren zina egiten», idatzi du bere sare sozialetan.
Horrez gain, EBk mezu bat bidali dio Venezuelako presidenteari kargua hartzeko egunean bertan. «EBk dei egin dio Venezuelari, atxiloketa bidegabe eta arbitrario guztiak amaitu ditzan, eta preso politiko oro askatu», esan du gaur EBko bozeramaile Anitta Hipperrek prentsaurreko batean. Dena den, behin betiko erabakiak EBko 27 estatu kideetako Atzerri ministroek hartzen dituzte; horiek ez dute Maduroren zilegitasuna aitortzen, baina ez dute Gonzalez presidente gisa aitortzen ere.
Dena ez da kritika izan, halere. Madurok baditu aliatuak ere, eta hainbat herrialdek ordezkaritzak bidali dituzte Caracasera, Maduroren zinean egoteko. Errusiak, esaterako, Dumako presidente Viacheslav Volodin bidali du hara —Duma esaten zaio Errusiako ordezkarien ganberari—. Errusiak hasieratik aitortu dio garaipena Madurori. Kubako presidente Miguel Diaz-Canel ere egon da Caracasen.
Horietaz gain, Nikaraguako, Aljeriako, Serbiako, Ugandako eta Bielorrusiako ordezkaritzak ere egon dira Caracasen, besteak beste.
Erdibideko jarrera izan duen herrialderik ere badago: Brasil eta Kolonbia, bereziki. Bi herrialde horien ustez bozak ez ziren «garbiak» izan; hori dela eta, ez diote ezein hautagairi garaipena aitortzen. Bide horretatik jo du gaur ere Kolonbiako presidente Gustavo Petrok X sare sozialean. «Herrialde boteretsuek presio ekonomikoak» egin izana gaitzetsi du.
Are gehiago, Petroren ustez blokeo ekonomiko horrek zuzenean eragin du Venezuelako bozetan, fidagarritasunaren kalterako: «Blokeoa botoaren deuseztapenik handiena da, botoak erabat askea izateari uzten baitio». Hala, Maduroren aurkako blokeoa ezartzeko eskatzen dietenei erantzun die, eta esan ez duela inoiz lagunduko «herri senide bat hiltzen».