Italiako mafiaz mintzatzean beti alde batera uzten da ez dela bakarrik herrialdearen hegoaldeko arazo bat. Iparraldean ere luze-zabal hedatuta dago, eta horren adibiderik adierazgarriena dira Reggio nell'Emilian izan berri diren atentatuak. Italiako iparralde-erdialdeko hiri lasaia shock egoeran utzi du Calabriako ´Ndrangheta mafia taldeak, eraikuntzako bi enpresariren autoak leherrarazita. Historiaren joanean, gainera, lehenik komunistek eta gero zentro-ezkerrekoek gobernatu izan dute hiri hori. Iparraldean urte hauetan izandako espekulazio burbuilari etekin ederra atera diote mafiek, batez ere ´Ndranghetak. Emilia hiri aberatsean, hain zuzen, Calabriako familia ahaltsuen eskuetan dago eraikuntza sektorea; biztanleriak gora egin duela eta, behar baino gehiago eraiki dute, modu eskuzabalean emandako baimenak baliatuz. Orain, baina, burbuila lehertu delarik eta negozioak zaildu direlarik, ezinbestean areagotu egin da indarkeria eta mehatxu giroa.
Italia iparraldean, hainbat talde sortu dira azkeneko urte hauetan mafiari aurre egiteko: Mafiaren Kontrako Behatokia eta Mafiaren Kontrako Gazteak, adibidez. Urte asko behar izan dituzte arazo bat daukatela onartzeko. Eta, azkenean, gizarte zibilak hegoaldera jo behar izan du eskolara, eta, han, ausardiaz jokatuta eta lana gogotik eginda, legezkotasunaren aldeko ekimen baliotsuak sortu dituzte.
Kooperatibak abian
Reggio nell'Emiliako aktibistak, esaterako, Goel kooperatibakoekin elkartu dira; duela zazpi urte sortu zuten kooperatiba hori, Locriden, Reggio di Calabrian. «Camorra eta Cosa Nostra ezagunei buruz baino gutxiago hitz egiten da ´Ndranghetaz, baina mafiarik ahaltsuena eta aberatsena da», dio Vincenzo Linarellok, partzuergoko presidenteak. «Jendearen bizimodu prekarioan oinarritzen da mafiaren boterea, mendekotasunean. Kooperatiben bidez oinarrizko zerbitzuak ekoitzi nahi ditugu, eta jende artean zabaldu nahi dugu zerbitzu horiek eskuratzea ez dela mesede kontua, eskubide kontua baizik». Partzuergoko aktibistak, jakina, larderia eta mehatxuen biktima izan ohi dira maiz. Erabat sinetsita adierazten dute, ordea, beren proiektuek ekarritako askatasuna dela egunen batean etortzekoa den kultura aldaketaren sustraia, eta aldaketa horrek amaituko dituela azkenik mafia guztiak. «Kultura aldaketa, baina, ez du jendearen borondateak bakarrik ekarriko: ikuspegi gabezia handia dago hemen, handiegia. Gauzagarria izango den alternatiba bat eskaintzeak ekarriko du kultura aldaketa: alegia, modu etikoan lan egitea zilegi da, baina etekin hobeak ateratzea eta enplegu gehiago sortzea ere behar dugu. Horixe da gure mezua».
Locridetik gertu dago Rosarno; joan den urtarrilean, hiri horretantxe gertatu zen afrikarren kontrako erasoa, herrialde osoa lotsaizun arrazistaz zipriztintzeraino. Laranja biltzen ziharduten milaka afrikarren kontra aire balak jaurtitzen dibertitu ziren Calabriako zenbait gazte; bi lagun larri zauritu zituzten, ordea, eta afrikarrak matxinatu egin ziren, eta matxinatuetako batzuk indarrez kanporatu zituzten. Harrigarria bada ere, biztanle bakar batek ere ez dio mafiari egozten errua, gazte horiek etorkinen bizimodu lehendik ere latza amesgaizto bihurtu bazuten ere.
«´Ndranghetak ez du zirkinik egiten kontu apalengatik, laranja-biltzaile eta antzekoengatik», nabarmendu du pertsona anonimo batek, mespretxuz baina harro aldi berean. Mafia, ordea, adostasunean oinarritzen da, eta, herritar guztien iritziz, iparraldeko industrien krisia dela eta, afrikar gehiegi etorri da. Bada beste kontu jakingarri bat ere; Reggio di Calabriako auzitegian bonba bat lehertu eta berehala gertatu zen matxinada, mafiaren kontrako prozesu bat egiten ari ziren unean. Baten batek, beraz, ondo baino hobeto jakin du hedabideak gobernatzen, ohartarazpena interesdunen bihotzeraino helarazita, eta, hala, arreta mediatiko gogaikarria desbideratuta.
Erresistentzia
Calabriaz harago, bazter guztietan sortu da mafiaren kontrako erresistentzia. Nabarmenetako bat da iparraldearekin lankidetza sare bat eratu dutenena; Libera Terrak lurralde osoan ditu baseak, eta mafiosoei konfiskatutako lurrak berriro banatzeko helburua du. Libera Terrakoek milioi bat sinadura baino gehiago lortu zituzten 1996an, lege bat onartzeko, 106/96 izenekoa; lege horren bidez, mafiari konfiskatutako lurrak kooperatiba etikoei entregatu behar zaizkie, inolako mafia klanekin zerikusirik ez dutenei. Hamahiru urteren buruan, ordea, alferrik galtzeko zorian da lorpen hori. Gobernuak iaz onartutako zuzenketa baten bidez, zilegi da partikularrei saltzea lur horiek, «baldin eta hiru edo sei hilabete igarota gizarte helburuetarako baliatzeko modurik izan ez bada». Egiaz, ondasun horiek atzera mafiakoei entregatzea bezala da, berriro ere atzerantz jotzea. «Niretzat, eta beste hainbat gazterentzat, amets bat da lan duin bat aurkitzea hemen, kanpora jo beharrik gabe», hala esan du Libera Terraren Pio la Torre kooperatibako presidenteak -Palermo inguruan dago kooperatiba, Sizilian-. Ardoa, pasta eta beste hainbat nekazaritza produktu ekoizten ditu, baina uhartean baino gehiago iparraldean saltzen dituzte. «Ulertu beharra dago hemen ez garela hutsetik hasten, hutsaren hurrengotik baizik».
Mafiaren atzapar luzeak
Italia hegoaldean ez ezik, iparraldean ere areagotzen ari da mafiaren eragina; herritarrek, baina, beldurra alboratu eta hainbat ekimen abiatu dituzte egoerari aurre egite aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu