Maitasunak min ematen du». Sinesmen hori aski zabaldua dago munduan, haren aitzakiatan egin behar diren sakrifizioak justifikatzeko. Leku batzuetan, idatzi gabeko arau horrek forma beldurgarriak hartzen ditu; esaterako, Afrika ipar-ekialdean errotuta dagoen ablazioarekin.
Asko dira oraindik kanpoko sexu organoen erauztea jasaten duten emakumeak: OME Osasunerako Mundu Erakundeak atzo emandako datuen arabera, munduan hiru milioi neskatilak dute horretarako arriskua. Herrialde batzuetan, nesken %90i egiten zaie ablazioa.
Pubertaroaren aurretik egin ohi zaie klitoria kentzeko ebakuntza, 4 eta 8 urte artean dituztenean. Azken urteotan, ordea, gero eta goizago egiten dela ikusi du Desert Flower fundazioak, ohitura horren aurka diharduen elkarteak. Haurrak zer gertatzen ari zaien ez daitezen jabetu egiten diete hala.
Ebakuntzak baldintza eskasetan egiten dira gehienetan; etxeetan edo etxe inguruetan, anestesiarik gabe eta eskura dauden tresnak erabiliz: bizar xaflak, labanak, guraizeak edo hautsitako beira puskak. Ebakuntza traketsen ondorioz, askotan, klitoriaz gain, haurren baginako beste zenbait atal ere mozten dituzte.
Kasuen %15etan, nahita kentzen dira kanpoko sexu organo guztiak: klitoria eta kanpoko ezpainak. Ondoren, zauria are modu traketsagoan ixten saiatzen dira, eta zulo txiki-txiki bat salbu, bagina guztiz josten diete.
Nesken %3 eta %7 artean hiltzen dira ebakuntzaren ostean;60.000 eta 140.000 artean urtero, OMEren arabera. Ebakuntzatik bizirik irten direnek bizitza osoan nabaritzen dituzte ondorioak: sexu organoetako infekzioak, pixa kontrolatu ezina, eta sexu harremanak izaterakoan mina. Bagina josita dutenek, gainera, zailtasun handiak izaten dituzte hilekoa dutenean; odola ezin da behar bezala atera eta min handia izaten dute. Ebakuntzak ugalketa aparatuan ere eragin dezake, eta erditzeak oso arriskutsuak bihurtzen dira amarentzat eta haurrarentzat.
Helburua, behintzat, lortzen dute: ablazioa pairatzen duten emakumeek sexualitatea minez eta amorruz bizi dute ebakuntza egiten dieten unetik aurrera. Ezkontzara birjina eta garbi iristea nahi dute horren alde egiten dutenek, sexu organorik gabe, zikintzat baitauzkate.
Sexua guztiz funtzionala bihurtzen da emakume horientzat: plazeraren ordez mina sentitzen dutenez, «behar-beharrezkoa» denean baino ez dituzte izaten sexu harremanak, hau da, haurrak edukitzeko edo gizona asetzeko. Horrela, ezkontzaz kanpoko harremanak ere saihestu nahi izaten dituzte. Bagina josi dieten emakumeen kasuan, sarketaren eta erditzearen aurretik ireki egin behar izaten dute gaizki itxitako zauria, eta askori erditu ondoren berriz ixten diete. Izan ere, leku askotan oso zabaldutako ustea da emakumearen bagina zenbat eta txikiagoa izan orduan eta gehiago gozatuko duela gizonak. Eta, kasu hauetan, sexua gizonezkoentzat bakarrik erreserbatuta dagoen pribilegio bat da.
Paradoxikoki, emakumeek egiten dituzte ebakuntzak; gizartean errespetu handia izaten diete, eta soldatek aski independenteki bizitzeko aukera ematen diete, ongi ordaintzen baitiete.
Europan ere bai
Ablazioa emakumezkoen giza eskubideen urraketatzat jotzen da mundu osoan, baina oso herrialde gutxik hartzen dituzte haren aurkako neurriak. Gehienetan, indar handiagoa dute konbentzioak eta presio sozialak.
Azken urteotan gero eta ugariagoak dira Europan gertatutako ablazio kasuak. Ablazioa tradizio den herrialdeetatik etorritako familiek ez dute ohitura hori etxean uzten, euren familien ohorea galtzeko beldurrez. Migrazioetarako Mundu Erakundeak emandako datuen arabera, ablazioa pairatu duten 500.000 emakume daude Europan, eta urtero 180.000k dute horretarako arriskua.
Momentuz, ordea, Frantzia izan da bere mugen barruan egindako ablazioa zigortu duen estatu bakarra. Familia gehienak harrituta gelditzen dira, euren herrian hain errotuta dagoen tradizio bat nola izan litekeen delitu. Ama gehienek maitasunagatik eta alabari ezkontzeko aukera hobea emateagatik egin dutela esaten dute. Emazteek gizonei eta gurasoek haurrei zor dieten maitasunaren izenean onartzen baitute ablazioa.
Maitasunaren izenean
Osasunerako Mundu Erakundearen arabera, hiru milioi neska daude ablazioa pairatzeko arriskuan. Klitoria kentzea tradizioa da Afrikako ipar-ekialdean, eta ondorio lazgarriak izaten ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu