Ahmat Yacubi. Idazle palestinarra

«Makurrarazi eta esklabo nahi gaituzte; ez dute bakerik nahi»

Yacubik ez du uste menia iraunkorrik iritsiko denik; nazioartea ez du gai ikusten «genozidioa» geldiarazteko. Israelen su-etenak gerra psikologikotzat ditu.

BERRIA.
Adrian Garcia.
2014ko uztailaren 29a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
«Bizirik jarraitzen badut». Gazan ezin daiteke inoiz jakin bonbek nor hilko duten hurrena. «Zerrenda osoan ez dago sotorik edo babeslekurik». Ezkorra da Ahmat Yacubi idazlea nazioarteak Israel geldiarazteko egin dezakeenari buruz. Gaza hiriko iparraldean bizi da, kostaldetik gertu. Batez ere umeen etorkizunak kezkatzen du. Israelen erasoak eragindako 6.000tik gorako zaurituetatik, gehienak haurrak dira. «Pilatuta bizi gara. Zerutik harri bat botaz gero, litekeena da haur bati jotzea».

Su-etenaren ondoren baretu al da egoera?

Hemen ondoan bota duten bonba baten leherketa entzun dut oraintxe bertan. Droneen burrunba etengabea da, Gazako zerua hegazkin horiez beteta dago. Su-eten humanitarioaz ari dira hitz egiten. Horrelakorik ezinezkoa da, Israelek ez baitaki zer esan nahi duen humanitario hitzak. Su-etena ezarri dutenetik hainbat gune bonbardatu dituzte, eta bi lagun hil dituzte.

Larunbatean bai adostu zuten hamabi orduko menia.

Gerra psikologiko bat ari gara sufritzen. Adarra jotzen ari zaizkigu. Atzo su-etena egon zen, baina indarrean sartu baina ordu erdi lehenago erasoaldi bortitz bati ekin zioten zerrenda osoan, iparraldetik hegoaldera. Tankeetatik kanoikada ugari bota dituzte gaur [atzo] gure auzora. Gasa ere jaurti digute. Gas horrek urduri jartzen du jendea, izutu egiten du, eta kirats jasangaitza du. Jendea ez da fio su-etenez. Izugarria da beldurra eta segurtasun eza.

Ramadanen osteko Eid al-Fitr ospakizuna da gaur.

Umeak urte osoa egoten dira festa horren esperoan. Arropak, zapatak... erosi eta opariak ematen dizkiete. Kalean egon ohi dira lagunekin jolasten. Gaur da [atzo] Eid-en lehen eguna, baina hutsak daude kaleak. Herritarrak minduta daude, dolu eguna da. Gaur ez da jai egun bat. Kalea mutu dago, droneak besterik ez dira entzuten.

22 egunez bonbardatu dute Gazako zerrenda. Bonbak erortzean non babesten zarete?

Ez daukagu nora jo. Zerrenda osoan ez dago sotorik edo babeslekurik. Ez dauzkagu alarmarik ohartarazteko eraso bat hasiko dutela. Hau ez da gerra bat, genozidio bat da. Gazatarrak dituzte jomugan, armarik gabeko jendea. 350 kilometro koadro da Gazaren eremua, Madril edo Mexiko Hiriko auzo bat. 1,8 miloi lagun bizi gara eremu txiki honetan. Biztanleria dentsitate handienetakoa du Gazak. Hemengo familiak handiak dira, eta kide asko dituzte. Misil batek etxe bat jotzen duenean, gutxienez zortzi lagun egon ohi dira barruan. Gaza ez da estatu bat, eta ez dugu armadarik, ezta Israelek dituen gailu teknologiko sofistikaturik. Ez da gerra bat, eraso bat baizik.

Su-eten iraunkor bat lortzeko itxaropenik ba al duzu?

Egiari zor, nik itxaropenik ez dut. Hurrengo orduetan bonba batek nire etxea jo dezake eta hil egin naiteke. Ez dugu alternatibarik.Israelen politika oso maltzurra da. Hamas errenditzea nahi dute, eta negoziazioetan Israelen proposamenek Hamas toki txarrean utzi nahi dute. Ni ez naiz Hamaseko militantea, baina Israelen erasoa palestinar guztien aurkakoa da. Gehienek infernu hau amaitzea nahi dute. Inork ez du gerrarik nahi.

2009an Berun urtua, eta 2012an Babeserako oinarria. Nola uler daiteke Israelen jarrera.

Estatu kolonialista da. Palestinarron lurraldeak okupatzen ditu 1967tik. Golaneko gaina ere okupatu du, baita Libano hegoaldeko eremua. XXI. mendeko estatu koloniala da. Israelek ez du bakerik nahi, eta ez du palestinarrokin bizi nahi. Makurrarazi eta haien esklabo nahi gaituzte. Egia da Hamaseko eta beste taldeetako militanteek suziriak jaurtitzen dituztela. Kolonizazioaren aurkako erresistentzia da.

Desberdintasunik ba al dute aurreko erasoek oraingoarekin?

Denek dute krudeltasun, basakeria eta kriminalitate berbera. Helburua ere berbera da: ahalik eta zibil gehien hiltzea.

Zer deritzozu nazioartearen jokamoldeari?

Jendea oso minduta dago, batez ere AEBek jokatzen duten rolarekin. Petrolio eta finantza herrialde arabiarren isiltasunak konplize egiten ditu.22 egun dira. 1.050 hildako baino gehiago. 6.000 zauritu, horietako gehienak umeak. Eta hala ere, Europako Batasuna eta Nazio Batuen Erakundea ez dira gai izan Israel izeneko gaizki hezitako umea geldiarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.