Maldivetako presidenteak dimisioa eman du, eta atxilotu egin du armadak

Presidente ohiaren aldekoek eta Poliziak estatu kolpea eman dute Malen, telebista kate publikoa hartu ondoren

Ane Urrutikoetxea.
2012ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Mohamed Nasheed Maldivetako presidente eta lehen ministroak dimisioa aurkeztu du, oposizioaren aldekoek eta matxinatutako poliziek estatu kolpea eman ondoren. Maumoon Abdul Gayoom presidente ohi eta oposizioko buruaren aldekoek telebista kate publikoa eta MNBC telebista kateak hartu, eta herritarrei Nasheeden aurkako manifestaziora batzekodeia egin diete. Horrez gain, armadako kide batzuk manifestariekin batu dira Maleko presidentearen jauregian, eta borrokak ekiditeko, Nasheedek kargua utzi du, «indarkeriarik ez duela erabiliko» esanez. Ibrahim Nasheed presidentearen anaiaren esanetan, dimisioa eman eta gero armadak atxilotu egin du, eta atxikita daukate jauregian: «Segurtasun indarrek diote kalera ateratzea arriskutsua dela, eta ezin dutela askatu, berak etxera bueltatu nahi duen arren».

Nasheedek dio, ez duela boterean indarrez jarraitzeko asmorik: «Gobernuak agintzen jarraitu zezakeen indarra erabilita, baina ez diet herritarrei kalterik egin nahi. Nire dimisioa da herrialdearen alde har dezakedan erabakirik onena». Presidentearen aldekoen esanetan, oposizioak estatu kolpea eman du armadaren laguntzarekin, baina Mohamed Waheed Hassan Manik presidenteordeak «herritarren nahia bete dela» adierazi du. Oposizioko kideen babesa du presidenteordeak, etaberak hartu du presidente kargua. 2013 amaiera arte, hauteskundeak iritsi arte, luzatuko du agintaldia.

Erdibitutako gobernua

Maldivetako borrokak duela hilabete hasi ziren, gobernuak Abdula Mohamed Auzitegi Konstituzionaleko epailea atxilotu ondoren. Gayoomen aldeko epaiketa politikoak egitea eta legearen aurkako erabakiak hartzea leporatu zion gobernuak epaileari, eta atxilotu egin zuen, Auzitegi Konstituzionalaren epailea askatzeko eskatu arren. Horrek oposizioaren haserrea piztu zuen, eta islamaren aurkako ekintzak egitea eta kristautasuna defendatzea leporatu zioten presidenteari.

Nasheeden Gobernuaren esanetan, Mohamedena ez da Maldivetako Justiziaren ustelkeria kasu bakarra. 2008an hauteskundeak irabazi zituen Nasheedek, demokratikoki aukeratutako Maldivetako lehen presidentea bilakatuz. Aurretik, Gayoomek 30 urteko gobernu autokratikoa zuzendu zuen. Baina hauteskundeetan Nasheed irabazle atera arren, Gayoomek legebiltzarra osatzeko legeak aldatu zituen, eta, hala, parlamentuko eserleku gehienak eskuratzea lortu zuen, gobernua erdibituz.

Oposizioak Nasheeden aurkako salaketak egin ditu etengabe, eta aliatuak bildu ditu gobernuan, parlamentuan eta auzitegietan. Gayoomen agintaldian 27 aldiz atxilotu zuten Nasheed, eta sei urtez kartzelan egon zen. Maldivetako presidentearentzat ez da erraza izan erdibitutako gobernua aurrera ateratzea, herrialdea 1.200 irlekin osatuta dagoela kontuan hartuta. Soilik 200 irletan bizi dira Maldivetako herritarrak, eta biztanle gutxien dituen herrialde islamikoa da. Nasheedek giza eskubideen eta ingurumenaren aldeko ekintzak bideratu ditu irletan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.