Junta militarrak berriz astindu ditu Maliko lurrak: herrialdeko parlamentuak, Trantsizio Kontseilu Nazionalak, bortz urteko agintaldia ezarri dio Assimi Goita lider militarrari, beste gobernu bat osa dezan. Hala, boterea agintari zibilen esku uzteko aukera bertan behera geratuko da oraingoz, militarrek iaz hala eginen zutela hitzeman bazuten ere. Bortz urteko epe hori, Kontseiluak erran duenez, «herrialdearen beharren arabera» luza liteke; eta, kontrara, hauteskundeak egin ahal izateko «baldintza egokiak» betetzen badira, denbora tartea labur liteke.
Joan den ekain erdialdean ekin zioten bortz urteko agintaldia ezartzearen proposamenari, parlamentuak Trantsizio Gutunean aldaketa bat egitea onartu zuenean. Honela zioen aldaketak: «Hauteskundeak antolatu aurretik, lehentasunezko erreforma politiko eta instituzionalak eginen dira herrialdean». Hauteskundeetara deitu aitzinetik trantsizio gobernua osatzeko bidea irekiko dio horrek Goitari. Behin baino gehiagotan egin dute bozetarako deia Malin, baina estatu kolpeek atzeratu egiten dituzte epeak.
2020ko abuztuaren 18an egin zuten lehen estatu kolpea Maliko Indar Armatuetako kideek. Ibrahim Boubacar Keita ordura arteko presidentea boteretik kendu, gobernuko bertze hainbat kide atxilotu eta Assimi Goita izendatu zuten Herria Salbatzeko Batzorde Nazionaleko lider, horixe baitzuten helburu: bozak antolatzea eta trantsizio gobernua sortzea. Oposizioak, baina, ez zien militarrei halakorik onartu, eta, hainbat bileraren eta negoziazioren ondotik, urrian, Ba N’Daou Defentsa ministro ohia izendatu zuten presidente. Goitak, orduan, presidenteorde kargua hartu zuen.
Bigarren estatu kolpe bat
Gobernu horrek, ordea, ez zuen nahi bertze iraun: Maliko Indar Armatuak bertze estatu kolpe bat eman zuen 2021eko maiatzean. Lehen ministroa eta presidentea atxilotu zituzten, eta indarrez hartu zuten herrialdearen agintea. Geroztik, junta militarraren eskuetan da Mali, eta hauteskundeak gibeleratzen jarraitzen dute. Joan den maiatzean, alderdi politiko eta izaera politikoko erakunde guztiak desegin zituen.
2020ko matxinada hura egin zutenean, 2022ko otsailerako deitu zuten hauteskundeetara, baina, bigarren estatu kolpearen ondotik, 2025eko otsailera gibeleratu zituzten. Erabaki hori zela eta, hainbat zigor ekonomiko onartu zituzten Frantziak, EB Europako Batasunak, eta Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak.
Aurten ziren hauteskundeak egitekoak, baina ez dituzte eginen. Trantsizio Kontseilu Nazionalak jakinarazi du Goitak berak eta haren ingurukoek —gobernuko eta Kontseiluko kideek— hauteskundeetara aurkezteko ahalmena izanen dutela.