Erresuma Batua eta Argentina aurrez aurre jarri zituen, orain dela hogeita bost urte, Malvinetako gerrak. Blair lehen ministro laboristak, hitz horien bidez, erabateko oniritzia eman dio orduan boterean zegoen Margaret Thatcher lehen ministro kontserbadoreak izan zuen jokabide oldarkorrari.
Nolabait laburbildu behar balitz, esan daiteke 74 egun iraun zuen gerra hark aurrez aurre jarri zituela oilarkeria eta harropuzkeria kontuetan bata bestea adinako zuten bi aginte: diktadura militarra bata eta politika kontserbadorea zuen gobernua bestea.
Argentinako diktadura militarrak, 1976. urtean boterea indarrez hartu zuen diktadura militarrak,interes berezia zuen gerra hori hasi zuenean. Argentinako itsasertzetik 1.483 kilometrora itsas zabalean daude Malvinak. Erresuma Batua 1883. urtean uharteez jabetu izana sekula ez zen onartua izan Argentinan. Leopoldo Galtieri jenerala buru zuen junta militarrak bazekien artxipelagoaren subiranotasuna aldarrikatzea bat zetorrela herritar askoren gogoarekin. Argentina, diktadurako sei urteren ondoren, egoera larrian zegoen 1982an. Militarrek Montenerosen gerrilla txikitzea lortu bazuten ere, egoera ekonomikoa ezin okerragoa zen - inflazioa, esaterako, %140koa zen-eta herritar gehienak diktaduraz nazkatuta zeuden. Galtieri jeneralak eta militarrek, herriaren egonezina desbideratzeko asmoz, sentimendu nazionalistak akuilatzeko apustuari ekin zioten.
'ROSARIO' VERSUS 'CORPORATE' . NBE Nazio Batuen Erakundean, Erresuma Batuaren aldera presioak areagotzearekin giroa berotu ondoren, Argentinako militarrek Rosario erasoaldiari ekin zioten.Malvina Handia uharte nagusia inbaditu zuten 1982ko apirilaren 2an. Malvina Handia eta Soledad uharte nagusiez eta beste berrehun uharte txikiagoz osatuta dagoen 12.173 kilometro koadroko artxipelagoa osatzen dute Malvinek. Erresuma Batuko 67 soldadu britainiar zeuden orduan bertan, eta haiei eta beste hogeita hiru boluntario zibili baino ez zieten aurre egin behar izan argentinarrek. Bi egun iraun zuten borroken ostean, britainiarrek amore eman behar izan zuten.
Londresen erantzuna, baina, berehalakoa izan zen. Margaret Thatcherren gobernuak gerraontzi bat bidaltzea erabaki zuen biharamunean, apirilaren 3an. Hilaren erdialdean iritsi zen ontzia uharteetara. Corporate izena eman zioten erasoaldiaren bigarren faseari ekinda, maiatzaren 1ean uharte nagusiaren aurkako erasoaldia hasi zuen itsas armada britainiarrak. Argentinak, ordurako, 13.000 soldadu inguru zabalduta zituen Malvinetan. Erresuma Batuak, berriz, 11.000 eta 15.000 militar artean bidali zituen Falklands uharteetara -Londresek izen hori erabiltzen zuen eta ez Malvinak-.Borrokek 74 egun iraungo zuten.
Gerrak ahaztu ezinezko bi une izan zituen. Erresuma Batuko Conqueror urpeko militarrak General Belgrano gerraontzi argentinarra hondoratu zuenekoa izan zen bat. Maiatzaren 2a zen. Bi egun geroago, baina, gerra-hegazkin argentinar batek Sheffield gerraontzi britainiarra hondoratu zuen. Bi erasoen ondorioak, baina, ez ziren parekoak izan. General Belgrano ontziaren hondoratzean 323 militar argentinar hil ziren, eta Sheffield ontziaren urperatzean, aldiz,22 soldadu britainiar.
ARGENTINAREN ERRETIRATZEA. Indar britainiarren lur erasoek maiatzaren 27tik ekainaren 13a arte iraun zuten. Mario Benjamin Menendez Argentinako indarren jenerala ekainaren 14an erretiratu zen uharteetatik bere 9.500 soldaduekin batera. Argentinako armadako 649 soldadu eta Erresuma Batuko 255 hil ziren gerran
Malvinetako gerraren porrotak diktadura militarraren gainbehera azkartu zuen Argentinan. Galtieri jeneralak berehala utzi zuen kargua.Rinaldo Bignone jeneralak hartu zuen haren lekua, eta bozak antolatzera behartuta egon zen urte bat geroago. Hauteskunde haien ondoren eratutako demokrazia ahularen babesean epaitu zituzten diktadurako buruak, 1986. urtean. Carlos Menem presidente peronistak, baina, hiru urte geroago zigorgabetasuna eman zien.
Petrolioa ekoizteko Londresekiko akordioa eten du Buenos Airesek
Malvina uharteetako itsas eremuan dagoen petrolioa ekoizteko akordioa sinatu zuten 1995. urteko irailean Erresuma Batuak eta Argentinak. Iragan asteartean, baina, bertan behera utzi zuenakordioa Argentinako Gobernuak. Jorge Taina Argentinako Atzerri ministroak ituna eteteko arrazoia azaldu du: «Erresuma Batuko Gobernuak bere kabuz erabaki du petrolio bilaketarako ikerketa gehiago egin ahal izateko deia egitea». Adituen arabera, haatik, akordioa bertan behera uzteko zinezko arrazoia uharte horien gaineko jabetza eskubidea aldarrikatzea izan da, Malvinetako gerraren 25. urtemugaren harira. «Argentina prest da Erresuma Batuarekin lan egitera, subiranotasunari buruzko elkarrizketei ekitekotan baina», gaineratuzuen Tainak.