Katalunia

Manifestariek gaua pasatuko dute parlamentuaren atarian

Errepublikaren Defentsarako Komiteek herritarrak deitu ditu kanpadendekin parlamentuaren parera joatera, bertan gaua pasatzeko eta Puigdemonten inbestidurari babesa adierazteko.

Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko urtarrilaren 30a
08:10
Entzun

Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak inbestidura saioa atzeratzeko hartu duen erabakia ez du begi onez jo ANC elkarte subiranistak, eta eutsi egin dio arratsaldean Puigdemonten izendapenari babesa adierazteko antolatuta zuen manifestazioari. Herritar ugari bildu da mobilizazioan, Puigdemont presidente izendatzearen alde. Manifestazioa parlamentu ondoko Ciutadella parkera iritsi denean, hainbat manifestarik mossoen segurtasun hesia zeharkatzea lortu dute eta Kataluniako Parlamentuaren atariraino iritsi dira. Ehunka lagun heldu dira parlamentuaren atari parera, eta mossoek atea itxi dute berriz, manifestari gehiago sar ez zedin.

Manifestariek Kataluniako Errepublikaren aldeko leloak, eta Puigdemont presidente izendatzearen aldeko oihuak errepikatu dituzte. "Bozkatu dugu, eta ez da errespetatu", salatu dute. Hainbatek Puigdemonten maskarak eraman dituzte soinean.

Agusti Alcoberro ANCko presidenteordeak hitza hartu du, eta babesa agertu dio Puigdemonti. "Gure presidentearekin, gure instituzioekin eta gure herriarekin gaude".

JxCko, ERCko eta Cupeko hainbat legebiltzarkide parlamentuaren atarira hurbildu dira, manifestariak agurtzera.

ANCk amaitutzat eman du mobilizazioa, iluntzean. "Inbestidurarekin aurrera egiteko lanean jarraitzen dugu alderdi politikoekin eta parlamentuko presidentetzarekin, mehatxuen gainetik", adierazi du elkarte subiranistak. ANCk nabarmendu du mobilizazio oro era baketsuan egitearen garrantzia. Hala egin du Omnium elkarteak ere.

Hala ere, manifestari batzuk parlamentuaren parean gelditzea erabaki dute, eta, Errepublikaren Aldeko Komiteekin batera, batzarrean erabaki dute gaua bertan pasatzea. Komiteek deia zabaldu diete herritarrei kanpin dendak hartu eta parlamentura hurbiltzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.