Manifestarien ordezkariekin hitz eginen du Turkiako Gobernuak

Bulent Arinç lehen ministrordeak barkamena eskatu du Poliziak «hasieran» erabilitako indarkeriagatikOposizioko CHP alderdiko militante bat hil da, Poliziaren gas poto batek buruan jota

mikel rodriguez
2013ko ekainaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Istanbulgo Gezi parkean hainbat lagunek kanpalekua ezarri zutenetik astebete igaro da gaur. Turkiako Gobernuak manifestariekiko adierazpenak leundu zituen atzo, Bulent Arinç lehen ministrordearen ahotik. Poliziak zauritutakoei barkamena eskatu die Arinçek, eta parkea deuseztatzeko proiektuaren aurka protesta egin dutenei zilegitasuna onartu die. Gainera, gaur protesten erdigune den Taksim plazara agertzekoa da, manifestarien ordezkaritza batekin elkartzeko. Hala ere, protestek bere horretan jarraitu dute, eta bertze manifestari bat hil da, mobilizazioak hasi zirenetik bigarrena.

Recep Tayyip Erdogan lehen ministroa Afrika iparraldean dago bidaia ofizial batean. Haren faltan, gobernuko bigarrena izan da kameren aitzinean agerraldia egin duena. Hala ere, Arinçek argi utzi nahi izan du Erdoganen lehen ministrorde gisa solas eginen zuela, gobernuak ahots bakarra duela ulertaraziz. Eta aitzineko egunetan Erdoganek berak eta gobernuko bertze kideek erakutsitako jarrera gogorra anitz apaldu du. «Gure herritarrek Gezi parkean erreakzio legitimo, logiko eta bidezkoa erakutsi dute», adierazi du Arinçek. Eta «hasieran» Poliziak «ingurumenarekiko kezka» zuten manifestarien aurka gehiegizko indarra erabili zuelako ere barkamena eskatu du. Arinçek erran duenez, Poliziari agindu diote negar eragiteko gasa soilik «defentsarako» erabiltzea.

Bortz eskakizun gobernuari

Baina adierazgarriena da Taksim plazara agertzeko asmoa duela, Gezi parkeko protestak antolatu dituen plataformarekin biltzeko. Tayfun Kahraman ekintzaileak herenegun arratsean irakurri zituen Taksim Elkartasuna taldearen eskakizunak: bat, Gezi parkea bere horretan mantentzea; bi, «herriari bere eskubide demokratikoak erabiltzen utzi ez dioten agintariek, eta errepresiorako aginduak eman eta bete dituztenek» kargua uztea; hiru, negar eragiteko gasa debekatzea; lau, Turkia osoko protestetan atxilotutakoak kargurik gabe aske uztea; eta bortz, elkarretaratze publikoei debekurik ez ezartzea.

Protestek, ordea, Gezi parkearen inguruko problematika gainditu dute, eta gobernuko AKP Justizia eta Garapena Alderdi islamistaren politiken aurkako erreakzio bihurtu dira. Horretaz jakitun, Arinçek bere hitzaldian manifestarien artean bereizketa bat egin du. Lehen ministrordearen arabera, «parkeko jendearen erreakzio legitimoa legez kanpoko talde marjinalek erabili dute», eta Poliziaren hasierako oldarraldiengatik barkamena eskatu badu ere, Arinçek dio gobernuak ez diela «deus ere zor kalteak eragin dituztenei». Lehen ministrordeak bat egin du Erdoganek aitzineko egunetan errandakoarekin, eta atzerriko hedabideei leporatu die AKPren aurka jardutea.

Oposizioarekin, ordea, giroa baretu nahi izan du Arinçek. MHP Mugimendu Nazionalistaren Alderdiari eta Kurdistango BDP Bakea eta Demokrazia Alderdiari eskerrak eman dizkie «jarrera lasaia erakusteagatik». CHP Herri Errepublikanoaren Alderdiko buru Kemal Kiliçdarogluri ere eskerrak eman dizkio, protestetara alderdiaren izenean agertu beharrean norbanako bezala agertu delako. Aitzineko egunetan, baina, Erdoganek eta gobernuko bertze kideek CHPri egotzi diote protestak sustatzea.

Atzo hildako manifestaria, hain zuzen, alderdi horretako gazterietako kidea zen. Herenegun zauritu zuen Poliziak hegoaldeko kostako Mersin hirian, buruan gas poto batekin jota, eta atzo hil zen ospitalean, CHPk berretsi duenez.

Greba eguna gaur ere

Atzo, KESK Langile Publikoen Sindikatuen Konfederazioak Poliziaren indarkeria salatzeko lehenbiziko greba eguna egin zuen. Sindikatuaren jarraitzaileek beltzez jantzita manifestazio bat egin zuten arratsaldean Taksim plazara. Herrialdeko lau sindikatu handienetako bat da KESK, 250.000 kide ingururekin. Bertze sindikatu handietako batek, DISK Sindikatu Aurrerakoien Konfederazioak, gaur grebarekin bat eginen duela iragarri du. Parlamentuan ordezkaritza duen DTK Gizarte Demokratikorako Biltzarrak ere elkartasuna agertu dio KESKi.

Poliziaren indarkeria manifestarien salaketa nagusienetako bat da, eta hegoaldeko kostako Antalya hiriko udalak, adibidez, poliziei debekatu egin die protestei oldartzeko txorrotadak kargatzeko ura udal biltegietatik hartzea. Alkateak argudiatu du istiluetan suteren bat sortuz gero, suhiltzaileak urik gabe geratuko liratekeela. Barrutiko gobernadoreak, baina, ura hartzeko baimena eman die poliziei. Antalyako alkatea CHPkoa da, eta gobernadoreak, berriz, gobernuak hautatzen ditu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.