Migratzaileen kontrako oihuak, lelo xenofoboak, entzun dira Tijuanan (Mexiko), ehunka lagunek migratzaile karabanaren kontra egin duten manifestazioan. "Mexiko mexikarrentzat", "gu lehenengo", "migratzaileak bai, inbasorerik ez" eta "esnatu Mexiko, ez dugu arazorik nahi, marak kanpora", dira entzun diren oihuetako batzuk. 300 herritar inguruk "ordena" galdegin diete agintariei.
Manifestazioa "Migratzaile karabanaren kaosaren kontrako mugimendu herritarra" plataformak deitu du sare sozialen bidez. Manifestariak Tijuanako Benito Juarez aterpera bidean abiatu dira. Aterpe horretan hartu dute babes Tijuanara karabanan iritsi diren 3.000 migratzaileetako gehienek. Poliziak esku hartu behar izan du manifestariei bidea mozteko, eta hainbat manifestarik aurre egin diote Ooliziari. Deialdiak 2.000 lagun biltzeko asmoa zuen, baina askoz ere gutxiago izan dira mobilizatu direnak. "Gure aberria defendatzeko ardura hartu dugu, legez kanpoko inbasoreen aurka gaude", adierazi du Fidel Gonzalez deitzaileetako batek.
Manifestarien artean, Mexikoko bandera ugari eta mezu faxistak zituzten zenbait kamiseta ikus zitezkeen. "Migratzaileak Mexikoko subiranotasuna urratuz eta gu umiliatuz sartu dira. Ez dugu onartuko Mexikon eta Tijuanan nahi duten bezala sartu eta gelditzea. Ezin dugu onartu gaizkileak etortzea", adierazi du kaputxa batekin aurpegia estalita zuen manifestari batek. "Erdialdeko Amerikarrek indarrez zeharkatu dute Mexiko hegoaldeko muga, eta, hori egitean, gure nazio subiranotasuna urratu dute", nabarmendu du beste batek. Emakume batek legedia betearazteko galdegin dio gobernuari. "Ez zaie esaten bizitza hobe baten bila muga ez pasatzeko, baina gure legeak bete behar dituzte. Mexikarrok legea urratzen badugu, zigortu egiten gaituzte, eta ezin dugu nahi duguna egin. Zergatik haiek bai?".
Tijuana erdialdeko udal ordezkari Pablo Genaro Lopezek azaldu du manifestazioa kontrolpean egin dela. "Espero genuena baino jende kopuru txikiagoa bildu da. Kontrako beste manifestazio bat antolatzeko aukerak kezkatzen gintuen, eta bien arteko liskar bat egoteak". Migratzaileen aldeko manifestazio batera deitua zuten, baina bertan behera gelditu da azkenean.
Lopezek ohartarazi du Tijuanak ezin izango diela denbora luzez erantzun migratzaileen beharrei. Hori dela eta, erakunde federalei "esku hartzeko" eskatu die.
Duela hilabete Hondurastik karabanan irten ziren 5.000 migratzaile ingurutik 3.000 Tijuanan daude. Joan den asteazkenean, Tijuanako bizilagun talde batek alde egiteko oihukatu zieten hiriko hondartzetan kanpatu zuten migratzaileei, eta zenbait migratzaileri eraso egin zieten.