Marchenak ziurtatu du inoiz ez duela jardun judiziala erabili "aukera politiko baten edo bestearen zerbitzurako tresna" gisa eta "zigor prozedura baten emaitza kontrolatzeko": "Independentzia izan da beti nire irizpide nagusia". Arrazoi horietan oinarrituta jakinarazi du ez dagoela prest CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko presidente izateko, PPk eta PSOEk erakunde horiek berritzeko egindako akordioan adostu bezala.
"Azken egunetako berriak" aipatu ditu epaileak hedabideei bidalitako oharrean. Hain zuzen, Espainiako Senatuan PPren bozeramaile Ignacio Cosidoren mezu pribatu bat zabaldu da egunotan, PSOErekin egindako akordioa "jokaldi paregabea" izan dela esanez: "Eta, gainera, bigarren sala kontrolatuko dugu atzetik".
Marchenak adierazitakoaren ondoren, PPk bertan behera utzi du PSOErekin zuen akordioa, eta CGPJ berritu nahi badu, Dolores Delgado Justizia ministroa kargutik kendu behar dutela esan dio Javier Maroto PPko idazkari nagusiordeak Pedro Sanchezi. Espainiako presidenteak, berriz, adierazi du "ondo" ulertzen duela Marchenak uko egin izana: "Inpartzialtasuna zalantzan jartzen denean, ulergarria da pauso bat atzera eman behar izatea". Hain zuzen, jarrera horrek erakusten du, Sanchezen esanetan, pertsona "egokia" zela CGPJren buru egiteko.