Filipinak

Maria Ressa kazetaria erruduntzat jo du Filipinetako justiziak, ziberdifamazioagatik

Enpresari batek kazetariaren kontrako salaketa jarri zuen, narkotrafikoarekin lotu zuelako. Ressak Rappler webgunea zuzentzen du. Rodrigo Duterte presidentearen hainbat eskandalu azaleratu ditu hedabideak.

Maria Ressa 'Rappler' hedabideko zuzendaria, gaur, epailearen aurretik igaro ostean. MARK R. CRISTINO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 15a
12:31
Entzun

Maria Ressa kazetariak sei hilabete eta sei urte arteko kartzela zigorra jaso dezake, Filipinetako justiziak ziberdifamazio delituagatik errudun dela ebatzi ostean. Ressarekin batera, Reynaldo Santos kazetaria ere erantzuletzat jo dute, Rappler hedabideak 2012ko maiatzean argitaratu zuen artikulu batengatik. Idatzi horretan, Wilfredo Keng enpresaria lotu zuten droga trafikoarekin. Kengek salaketa aurkeztu zuen bost urte geroago, 2017ko urrian.

Ressak eta Santosek aukera dute epaiari helegitea jartzeko, eta, beraz, ez dute kartzelara joan beharko oraingoz. Hala ere, enpresariari 7.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko diote.

Ressak Rappler webgunea zuzentzen du 2012az geroztik. Duterteren gobernuarekin lotutako hainbat polemika atera ditu argitara, eta droga trafikoaren aurkako gerran botere gehiegikeriaz jokatu izana leporatu dio presidenteari. 2018an, Times aldizkariak urteko pertsonaia izendatu zuen.

Kazetariak beste bederatzi kasu ditu bere kontra auzibideetan, zerga iruzurra eta hedabideen jabetzari buruzko Filipinetako legedia urratzea egotzita. Filipinetan, hedabideek debekatua dute atzerriko kapitala jasotzea.

Dutertek ez du ezkutatu Rappler-en kontrako bere iritzia. CIA AEBetako inteligentzia zerbitzuak finantzatzen duela adierazi du; haren lizentzia indargabetzen ahalegindu da, eta hedabideko kazetariei debekatu egin die jauregi presidentzialera sartzea.

Ressak behin eta berriz ziurtatu du bere kontrako karguak «asmakizun» hutsa direla, Duterteren saiakera bat prentsa askea isilarazteko.

Horrez gain, kondenatu berri duten auzian hainbat irregulartasun izan direla salatu du. Nagusiki, leporatzen zaion delitua preskribatuta dagoela nabarmendu du. Bestetik, akusazioak oinarri hartu duen Delitu Zibernetikoen Legea 2012ko urrian argitaratu zenez, atzeraeraginez aplikatu dutela ohartarazi du. Hori dela eta, Delitu Zibernetikoen Dibisioak kasua bertan behera utzi zuen 2018ko otsailean, baina Justizia Sailak berriro ireki zuen, argudiatuta hedabideak 2014an albistea eguneratu zuela akats tipografiko bat zuzentzeko.

Keng enpresariak auzitara eraman zuen erreportajea garai hartan Filipinetako Auzitegi Goreneko presidente zenari buruzkoa da. Idatzia publikatu zenean, kargugabetua izateko epaitzen ari ziren, ustez hainbat enpresariren luxuzko opariak jaso zituelako. Besteak beste, Kengenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.