Marokoko segurtasun indarrak atzetik dituztelako, duela egun batzuetatik ezkutatuta bizi dira Isabel Terraza eta Antonio Velazquez Aaiunen. Agdaim Izik kanpalekua desegin zutenetik daude Mendebaldeko Saharako hiriburuan, eta beren segurtasunagatik handik irteteko eskatu badiete ere, Aaiunen segituko dutela jakinarazi dute -beste bi ekintzaile asteburuan irten ziren Aaiundik, zer gertatuko ote zitzaien beldur zirelako-. «Genozidioaren» lekuko izatea tokatu zaie, eta nazioarteari gertatzen ari denaren berri emateko ardura hartu dute. Informazio iturri bakanak bihurtu dira. «Nazio Batuen Erakundeari eta Gurutze Gorriari gatazkan esku hartzeko eskatzen diegu», diote bi ekintzaileek sarean zabaldutako bideo batean.
«Hil egin nahi gaituzte, mundu guztiari gure lekukotasuna ematen ari garelako. Baina milaka saharar daude gure egoera berean edo okerragoan. Izan ere, poliziak eta militarrak indarrez sartzen dira haien etxeetan, torturatu egiten dituzte; asko jasandako torturengatik hiltzen dira», adierazi dute Terrazak eta Velazquezek. Marokoren jazarpena oso bortitza izaten ari da, bi ekintzaile horien hitzetan, eta, horregatik, berehalako neurriak hartu behar direla uste dute: «Nazioarteko larrialdia da; ezinbestekoa da sarraski hau lehenbailehen amaitzea».
Velazquezek adierazi duenez, kanpalekuaren aurkako erasoaldia izan zenetik, eta Poliziaren aginduz, kolonoak sahararren atzetik dabiltza. «Gauero hotsak entzuten ditugu, soinuak eta torturak». Hiriburua bare dago, baina itxuran bakarrik, atxilotuko dituzten beldur sahararrak ez baitira kalera irten ere egiten. «Atxilotu dituztenak, berriz, bigarren hezkuntzako institutuetara eraman dituzte; polizia etxe bihurtu dituzte». Beste asko Aaiungo Kartzela Beltzera eraman dituzte, edota Rabatera, auzitegi militarretan epaitzeko. Marokok, haatik, ukatu egin du Aaiungo kartzelan «dozenaka» lagun preso hartu dituztela.
Kanpalekuaren aurkako erasoaldia salatzeagatik atxilotutakoetatik sei epaituko dituzte auzitegi militarretan; besteak, epaitegi arruntetan. Mohamed VI.a errege izendatu zutenetik, lehenengo aldia izango da zibilak epaimahai militarren esku uzten dituztela.
NBEren bilera
Ehunka gazte sahararrek erantzun irmoagoa emateko eskatu diote Fronte Polisarioari. Gerra hasteko eskatu dute asteburuko protestetan, Aljeriako errefuxiatu guneetan. Eskari horri erantzunez, Sahara Askatzeko Armadak «larrialdiko ekintzarako plana» onartu du; plan horretan, dena dela, ez dute jaso ekintza zehatzik oraingoz.
Gerra saihesteko bide bakarra nazioartearen esku-hartzea izango dela uste du Polisarioak; haatik, NBEk ez du adierazpen argirik egin orain arte. Gaur erakunde horretako Segurtasun Kontseilua bilduko da, auzi sahararraz hitz egiteko.
Maroko sahararren aurka egiten ari den «genozidioa» salatu dute ekintzaileek
Sahara Askatzeko Armadak «larrialdiko ekintzarako plana» onartu du, herritar asko gerraren alde daudelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu