Agdaim Izik eraitsi zutela hilabete bete da. Zein da egoera une honetan Aaiunen?
Egoera bere horretan da. Egunero daude atxiloketak. Gaur bertan [atzo], bi ekintzaile atxilotu dituzte, eta, atzo [herenegun], beste hiru. Poliziak etengabe ari dira etxeak miatzen; giza eskubideen ekintzaileen eta erresistentzian ari diren gazteen bila ari dira. Aaiun setio egoeran dago, militar ugari dago oraindik kalean, sahararren auzoetan batez ere, asko eta asko kaleko jantzita badaude ere, eta sahararrek hilabete daramate etxean, ezkutatuta, kalera irteteko beldurrez. Herritarrak izututa daude. Beldurra bikoitza da orain, batetik polizien beldur direlako, baina baita kolonoen beldur direlako ere. Sahararren etxeetan sartzen ari dira arpilatzeak egitera, ondasunak lapurtzera, mehatxuak egitera, eta ez soilik hemen. Marokoko hirietan ere areagotzen ari da sahararren kontrako jazarpena; pentsa berezko jantziak, melfa eta darra, erabiltzeari uko egin behar izan diotela kalera irteteko. Rabaten, Casablancan eta Agadirren gertatzen ari da hori. Marokoko agintariek eta prentsak gorrotoa sustatu dute herritarren bihotzetan, eta chauvinismoa baino ezin zaio esan horri. Lastima da, sahararrok ez baitugu ezer marokoarren kontra, arazoa erregimenarekin dugu.
Agdaim Iziken eta Aaiunen gertatutakoazure kabuz ikertzeari ekin diozu. Zer dakizu orain artean?
Marokok masakre bat egin du, eta ez dut etsiko egia osoa jakin artean. Horregatik itzuli naiz. Informazioa biltzen ari naiz egunotan, eta xehetasun guztiak ikertuko ditut. Une honetan ezin dut esan genozidioa izan denik ez baitakigu zenbat lagun hil dituzten -lau dira orain arte-. Arazoa da gertatutakoa tapatzen saiatzen ari dela Maroko etengabe. Eta oraindik ez dakigu desagertuta daudenak hilik dauden edo kartzela sekretuetan atxilotuta dauden. Kartzela Beltzean, ospitale militarretan eta polizia etxeetan zenbat lagun dauden ere ez dakigu; kasu askotan, senideek ezin izan dituzte ikusi; dakiguna da atera diren guztiek mota guztietako torturak jasan dituztela, batzuk bortxatuak ere izan direla, ospitalean bertan. Sinestezina da. Abokatuek esan dute epaileen aurrera eraman dituzten sahararrek tortura zantzuak zituztela, eta oso egoera latzean zeudela. Ikaragarria da dena, ez soilik kanpalekuan gertatu zena, baita ondoren etorri den guztia ere. Hassan II.aren berunezko urteetan gaudela ematen du.
Hobi komunak zeudela esan zen. Ezer ba al dakizu horretaz?
Giza eskubideen ekintzaile gisa ezin dut hori egiaztatu, ezta gezurtatu ere; ez baitut informaziorik.
Marokok ikerketa egingo zuela agindu zuen. Ezer egin al du?
Marokok esaten duen horretan dagoeneko ez dut inongo konfiantzarik. Ikerketa egitekotan, ikerketa partziala izango da; errealitatean gertatu dena erabat tapatuko duen ikerketa bat, gezurrak baino ez dituena esango. Marokoko Justizia ez bada independentea, nola izango dira bada beste erakundeak; denak dira ustelak, eta, beraz, ez dute sinesgarritasunik guretzat.
Ikerketa egiteari ekin diozu zuk. Mugitzeko askatasunik ba al duzu?
Bai, harrigarria da, baina hala da.
Polizia atzean daukat egun osoan, baina urrun, ez dira niregana gerturatzen, eta ez didate trabarik jarri, baina hau bihar bertan alda daiteke, biharkoa beste egun bat izango baita.
Mendebaldeko Saharan sartzeko eragozpenik ez dizute jarri oraingoan. Iaz, berriz, ezin izan zenuen jaioterrira itzuli, eta horregatik egin zenituen 32 egun gose greban. Zer moduz zaude osasunez?
Tira, azken gertakarien ostean makaldu egin naiz, samin handia eragin baitit, eta nire urdailak sumatu du hori. Oinazea handia da oraindik, gose grebaren ondorioak ez dira guztiz arindu, baina, sahararrok esaten dugun moduan, ondo nago. Oso ondo dakit gure herriaren askatasuna lortzeko, gure eskubideak aitortzeko, borroka egin behar dudala, batzuetan gauzak sakrifikatu behar baditut ere; hori oso uste sendoa da niretzako, eta janaria behar dudan bezala behar dut nire sinesmenen alde lan egin. Ezin dut amore eman, printzipioak dituen emakumea bainaiz. Esperantzari eusten diot, herri sahararraren irmotasuna handia baita, eta nazioartearen elkartasuna zabala.
Gerrarako aldarrikapenak inoiz baino gogorragoak izan dira azken egunotan. Gerra piztuko al da?
Maroko bi herrien arteko gerra zibila sustatzen ari da, eta hori makurra izan daiteke. Eta, bestalde, egia da gazte sahararrak gerrarako deia egiten ari direla eta giza eskubideen ekintzaileok inoiz baino zailtasun gehiago ditugula baretzeko; erresistentzia baketsurako deia egiten diegu, baina ezinean gabiltza, amorrua handia baita, jazartuta baitaude, baita eskoletan ere. Indarkeria ekintza guztiak salatzen ditut, baita sahararrenak ere, min ematen baitit, baina nazioartea da iraganean gertatu denaren eta etorkizunean gertatuko denaren erantzule bakarra.
Zer iritzi diozu nazioarteko komunitateak krisi honetan izan duen jarrerari?
Nazioarteko politikaren hipokrisiaren biktima gara sahararrok; beste behin, interesen alde egin du, eta desilusioa eman dit isiltasunak. Giza eskubideak babesteko mekanismorik ez dagoelako gertatu da gertatu dena, eta onartezina da gertatu dena argitzeko ikerketa independenterik ez egitea. Maroko ez salatzea hipokrisia hutsa da!
Eta Espainiako jarrerari?
Horrek ez nau ezustean harrapatu. Iazkoa gogoratu baino ez da egin behar. Hipokrisia horren biktima zuzena izan nintzen.