Marokoko Marrakex hiriko kafetegi batean herenegun izandako atentatuak kezka sortu du oposizioko hainbat talderengan, gobernuak iragarritako erreforma politikoak ez betetzeko aitzakiatzat erabil dezakeelakoan. Komunikazio ministro eta gobernuko bozeramaile Jalid Nacirik adierazi du, baina, Mohamed VI.a erregeak iragan martxoan jakinarazitako aldaketak bete eginen dituztela. «Une zaila da, baina Marokok desafio honi aurre eginen dio, segurtasuna mantentzea eta erreformak gauzatzea ez baitira bateraezinak».
Herrialde arabiarretako protesten harira, Marokon ere manifestazioak izan dira erreforma politikoak eta bizi-baldintzak hobetzeko neurriak eskatzeko. Aste honetan bertan, gobernuak funtzionarioen soldatak igotzeko erabakia hartu du, protestak baretu nahian. Hala ere, etziko, maiatzaren 1erako, mobilizazio gehiago iragarri dituzte oposizioko taldeek.
Argana kafetegiko atentatuaren ikerketari dagokionez, Nacirik azaldu du Marrakexko Fiskaltza Nagusia ari dela erasoa «gainbegiratzen». Atentatua oraingoz ezin diotela inori egotzi erran du Nacirik. Barne Ministerioak jakinarazi duenez, urruneko kontrol bidez aktibatutako bonbak eragin zuen leherketa. Marokoko eta nazioarteko hedabideek, ordea, ekintzaile suizidaren aukera aipatu zuten hasieratik. «Gizon bat sartu zen kafetegian. Zuku bat eskatu zuen, eta handik minutu batzuetara leherketa eragin zuen», azaldu zion erasoaren orduan Arganan zegoen bezero batek France Presse agentziari.
Egileari dagokionez, Al Kaedaren itzala nabarmendu da. Barne ministroak adierazi du atentatuak Al Kaedaren estiloa gogora dakarrela, baina ez du beste egiletzarik baztertu. Atzerri Ministerioko idazkari nagusi Jusef Amranik erran du, ordea, Al Kaeda Afrika iparraldean «errealitatea» den arren atentatuaren egilea dela errateko «goizegi» dela.
Barne Ministerioak jakinarazi du hildakoak hamasei direla, eta zauritutakoak 25. Hildakoetatik zazpi frantziarrak direla berretsi du Parisek. Bi kanadar, herbeheretar bat eta israeldar bat ere hil dira. Frantziak Polizia talde bat bidali du Marrakexera, ikerketan parte hartzeko. EB Europako Batasunak, berriz, atentatua gaitzetsi du, «ekintza terrorista gorrotagarria» izan dela erranez.
48 preso saharar aske
Marokoko atentatua hilabete gorabeheretsuan etorri da. Herri protestak apaltzeko hartutako distentsio neurrietako bat preso politikoen askapena izan da. Neurri horrek ere Mendebaldeko Saharako presoei eragin die. Apirilaren 14a eta 21a artean, Marokok 48 preso saharar behin-behinean aske utzi zituen. Mendebaldeko Saharako Fundazioak adierazi du Marokoko Erresuma «desegiten» ari dela eta horregatik preso sahararrak askatzera «behartua» ikusi duela bere burua.
Marokoko Gobernuak dio atentatuak ez dituela geldiaraziko erreformak
Erasoa urruneko kontrol bidez zartarazitako bonbarekin eginikoa dela diote agintariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu