Atentatu bat egin zuten atzo Marokoko Marrakex hirian, Jamaa el Fna plaza turistikoan. Leherketan hamabost lagun hil ziren gutxienez, eta beste hogei zauritu. Hildakoetatik bederatzi inguru atzerritarrak direla jakinarazi dute.
Eguerdian, Jamaa el Fna plazan dagoen Argana kafetegian eztanda handi bat entzun zen; plaza jendez gainezka zegoen ordu horretan. Hasiera batean leherketa istripu baten ondorio izan zela zabaldu zen, kafetegiko hainbat gas bonbona lehertu egin zirela pentsatuta. Gerora, ordea, atentatu suizida baten hipotesia gailendu zen. Marokoko Gobernuak atentatua izan zitekeela jakinarazi zuen, eztanda gertatu zen lekuan Poliziak «gauza arraroak» topatu baitzituen. Jalid Naciri Komunikazio ministroaren arabera, hain zuzen ere, «aztarna guztiek baieztatzen dute leherketa ekintza kriminal bat izan dela ».
Atentatuaren zergatiak argitzeko, ikerketa bat jarri du martxan barne sailak. Frantziako Fiskaltzak ere ikerketa abiarazi duela esan du; izan ere, atentatuko biktimen artean bertako herritarrak daude, oraindik zenbat diren argitu ez badute ere.
Argana kafetegiko sukaldean eztandarazi zituen lehergailuak atentatuaren egileak, butano bonbona batzuen ondoan, Marokoko hainbat komunikabideren arabera. Erasoaren atzean ekintzaile islamistak egon daitezkeela zabaldu da. Zurrumurruek diote apirilaren 14an gobernuak aske utzi zituen 148 preso politikoen ekintza izan daitekeela. Oraingoz, baina, inork ez du erasoa bere gain hartu.
Casablancako 2003ko atentatuaz geroztik, Marokon hildako gehien eragin dituen erasoa izan da Marrakexkoa. Orduko hartan 45 lagun hil ziren, hiriko gune ezberdinetan hainbat lehergailu zartarazita. Azken hamazazpi urteetan herrialdean egin den atentatu handienetakoa ere badela azaldu dute agintariek.
Erasoa hiriko gunerik turistikoenean egin dute. Izan ere, Jamaa el Fna plaza gizateriaren kultura ondare izendatu zuen Unescok 2001ean, eta turistentzat erakargarri nagusienetakoa da. Hain justu, atentatuan hil diren hamabost lagunetik bederatzi atzerritarrak dira, turistak ziurrenera.
Ezegonkortasun politikoa
Eskualdeko hainbat herrialdetan gertatzen den bezala, Marokon ere ezegonkortasun politikoa handia da. Hainbat herrialde arabiarretan egin dituzten iraultzek adoretuta, herritarrek kalera jo dute gobernuaren aurka protesta egiteko. Erreforma politikoak exijitzen dituzte.
Gobernuak hainbat neurri iragarri ditu protestak isilarazteko. Hainbat preso politiko aske uztea onartu zuen duela gutxi; gehienak ekintzaile islamistak ziren. Hainbat palestinar ere aske utzi zituen. Aste honetan, funtzionarioen soldatak eta gizarte laguntzak igoko dituela iragarri du.
Neurri horiekin, dena den, ez du oposizioaren haserrea baretzea lortu. Datorren iganderako protestetara deitu dute.
Marokoko Marrakex hirian hamabost lagun hil ditu ekintzaile suizida batek
Atentatuaren biktimetatik bederatzi atzerritarrak direla jakinarazi dute; leherketan hogei lagun inguru zauritu diraCasablancako 2003ko atentatuaz geroztik, hildako gehien eragin dituen erasoa izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu