Izan humanitarioa, izan militarra, izan ekonomikoa, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea laguntza eskatzen ari da Errusia 2022ko otsailean herrialdea inbaditzen hasi zenetik. Gaur, ordea, plan jakin bat aipatu du laguntza hori bideratzeko: Marshall plana, hain zuzen. AEBek bultzatutako egitasmo ekonomiko hori ezinbestekoa izan zen Bigarren Mundu Gerra (1939-1945) amaitu ondoren mendebaldeko Europa berreraikitzeko, eta Zelenskik esan du plan horren antzeko zerbait behar dela Ukraina berreraikitzeko.
Erroman egin ditu adierazpenok, agerraldi batean. Izan ere, Ukraina Berreraikitzeko IV. Goi Bilera egingo dute gaur eta bihar Italiako hiriburuan. Luganon (Suitza, 2022), Londresen (2023) eta Berlinen (2024) egin zituzten aurreko goi bilerak. Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa ari da anfitrioi lanetan, eta hark adierazi du aurreikusten duela 10.000 milioi euroren akordioak lortuko dituztela goi bileran —orduko 13.000 milioi dolar erabili zituzten Marshall planean; hau da, 11.000 milioi euro inguru—. Antolatzaileen arabera, horretan parte hartuko dute ehun herrialde baino gehiagotako ordezkaritza ofizialek, nazioarteko 40 erakunde inguruk, garapen bankuek eta, besteak beste, energia eta defentsa esparruko enpresak.
Ukrainako presidenteak berariazko finantzaketa mekanismoak eskatu ditu, eta, beste batzuetan egin bezala, esan du Ukrainari laguntzeko erabili beharko liratekeela EB Europako Batasunak Errusiari blokeatutako aktiboak. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak iragarri du Bruselan, horrekin guztiarekin lotuta, funts bat sortu dutela Italiak, Frantziak, Alemaniak, Poloniak eta Europako Inbertsio Bankuak, berreraikuntzarako inbertsio pribatuak erakartzeko ahaleginean.
Errusiak, berriz, Ukraina bonbardatzen segitzen du. Iturri ofizialek azaldu dutenez, gaur goizaldean 400 drone eta hemezortzi misil jaurti ditu, eta kalteak eragin ditu herrialdearen luze zabalean: Txernihiven (iparraldea), Sumin, Kharkiven (ipar-ekialdea), Kirovograden, Poltavan (erdialdea), eta bai Kieven ere. Hiriburuan, hain justu, bi hildako eta hamasei zauritu eragin ditu Errusiaren erasoak. Sare sozialetan, Errusiako Defentsa Ministerioak esan du instalazio militarrak izan dituztela helburu.
Erasoak gertatu eta gutxira erreakzionatu du Zelenskik, eta sare sozialetan eskatu dio Mendebaldeari «azkarragoa» izateko Errusiari zigor ekonomikoak ezartzeko orduan, modu horretan «senti ditzan eragiten duen izuaren ondorioak». Aintzat hartu behar da, gainera, 2022ko otsailaz geroztiko erasoaldirik masiboena egin zuela Errusiak atzo Ukrainan: 728 drone eta hamahiru misil erabili zituen.
25Ukrainaren zenbat drone erorarazi dituen Errusiak. Errusiaren aireko defentsa sistemek Ukrainak jaurtitako 25 drone erorarazi dituzte gaur Errusiako hiru probintziatan: Kursken, Belgoroden eta Penzan. Haietako bi Krimean bota dituztela nabarmendu du Errusiaren Defentsa Ministerioak.
Zelenskik lehentasuntzat jo du aireko defentsa sistemak indartzea, eraso horiei aurre egiteko ahaleginean. Ukrainak berak droneak eta misileak erorazteko droneak fabrikatzen ditu, baina Zelenskik nahi du Mendebaldeak laguntza ekonomiko handiagoa ematea, halakoen ekoizpena areagotzeko eta, erasoak eten nahian, modu masibo batean erabiltzeko. Hori bera berretsi zuen atzo Andri Sibiga Ukrainako Atzerri ministroak, sare sozialetan.
Moskuren mezua Trumpi
AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek lehengo astean esan zuen arma gehiago bidaliko dituztela Ukrainara, bere burua «defenda» dezan. Eta Ukrainako presidentea Keith Kellogg Etxe Zuriaren Ukrainako gerrarako ordezkariarekin batzartu zen atzo Erroman, arma bidalketa horri buruz hitz egiteko. Zelenskik sare sozialetan azpimarratu zuenez, «esanguratsua» izan zen bilera, eta «aireko defentsa sistemak indartzeaz» hitz egin zuten, kontuan hartuta ezen, presidentearen esanetan, Errusiaren erasoak areagotu egin direla.
Trumpen beraren esanetan, Errusia «jende gehiegi» hiltzen ari da Ukrainan, eta, asteartean esan zuenez, ez du baztertu Kremlini zigor ekonomiko gehiago jartzea. Nabarmendu zuen, bide batez, ez dagoela pozik Vladimir Putin Errusiako presidentearen jarrerarekin. Hori ikusirik, Sergei Riabkov Errusiako Atzerri ministrordeak salatu du AEBek zigorrak jartzeko duten «irrika». Hori jaso dute Errusiako zenbait egunkarik. «Zigorren mehatxua ohiko bihurtu zaigu. Badakigu halakoei nola aurre egin».