Heriotza

Martin McGuinness hil da

66 urte zituen, eta gaixo zegoen. Sinn Feineko politikaria zena IRAko buruzagi ohia ere izan zen, eta Ostiral Santuko Akordioak lortzeko negoziazioetan eginkizun garrantzitsua izan zuen.

jarraia132902.jpg
2017ko martxoaren 21a
07:14
Entzun 00:00:0000:00:00

Urtarrilean utzi zuen politikagintza, eta orduan jakinarazi zuen gaixorik zegoela. Horregatik ez zen hautagai izan egin berri dituzten hauteskundeetan. Bihotzeko gaixotasuna zuen, eta goizaldean hil da, Derryn.

Ipar Irlandako lehen ministrorde karguaren dimisioa aurkeztu zuen urtarrilaren 9an. Gobernuan zeuden DUP eta Sinn Feinen arteko harremana gaiztotuta zegoen aspaldidanik, eta energia berriztagarriei buruzko eskandalu batek —Arlene Foster lehen ministroa zuzenean nahasten zuenak— eragin zuen eztanda, McGuinnessek orduan argudiatu zuenez.

Gaixoaldi "laburra" izan du, Sinn Feinen arabera. Gerry Adams alderdiko presidenteak azpimarratu du "determinazio, duintasun eta apaltasun handia" erakutsi zuela McGuinnesek bizitza osoan, baita gaixo egon den denboran ere. "Nekatu gabe lan egin zuen bakearen adiskidetzearen eta bere herriaren batasunaren alde".

Gobernuan eta handik kanpo, hainbat abagune historikotako protagonista izan zen. Besteak beste, Elisabet II.ari eskua eman zionekoa.

Izan ere, IRAko kide izateari utzi, eta DUPeko kideekin gobernatzen hasi zen McGuinnes. Bloody Sunday gertatu zenean, IRAko bigarrena zen. Ez du inoz ezkutatu erakunde armatuan izandako parte hartzea, eta ez da horretaz damutu. Armak eskuan izan arren, bakearen aldeko lanean aritu zen gazte-gaztetatik. 1972an bertan hasi zen parte hartzen Erresuma Batuarekin egindako negoziazio ezkutuetan, eta Sinn Feinnen negoziazio taldeko buru izendatu zuten, 1993an bake prozesua ezagutarazi zenean.

Euskal Herriko gatazka konpontzeko nazioarteko bitartekari taldeko kide izan zen McGuinness, eta gertutik erreparatu zion hemengo auziari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.