Ozta-ozta lortu du Martine Aubry Lille-ko alkateak Frantziako PSko idazkari nagusi postua, Segolene Royal beste hautagaiari 42 botoko aldea besterik ez diolako kendu. Alderdiko militanteek atzo bigarren itzulian emandako 134.784 botoetatik %50,02 Aubryren alde azaldu dira eta %49,98 Royal Frantziako presidentziarako PSko azken hautagaiaren alde. Gaur goizeko seietan egin ditu emaitzak ofizial PSk -denera 232.912 militante ditu-.
Royalen jarraitzaileek beste bozketa bat eskatu dute ostegunerako. PSko Kontseilu Nazionala aste honetan bildu egingo da -asteazkenean ziurrenik-, emaitzak berretsi edo ez erabakitzeko. Aubryk adierazi du ez dagoela arrazoirik beste bozketa bat egiteko.
Lehen itzulian -herenegun- Royalek lortu zuen babesik handiena: %43,1ekoa. Benoit Hamon zen ordura arte beste hautagaia (%23 eskuratu zuen; Ipar Euskal Herrian berak irabazi zuen), eta ostegun gauean adierazi zuen atzo Aubryren (%34,5) alde egingo zuela.
François Hollandek PSko idazkaritza utzi du 11 urteren ondoren, eta haren oinordekoa aukeratzeko erabat zatituta heldu dira sozialistak barne hauteskundeetara.
Royalek Modem zentroko alderdiarekin ituna egiteko aukera iradoki du kanpainan, hurrengo hauteskundeetan eskuinaren kontrako herri frontea egiteko. Aubryk eta Hamonek, aldiz, etorkizunera begira alderdiaren ezkerreko nortasuna nabarmendu behar dela esan dute, eta Royalen asmoa arbuiatu dute. Aubryk PSk gizarte mugimenduekin bat egin behar duela aldarrikatu zuen pasa den asteburuko sozialisten batzarrean, eta eredu izateko, irakasleen manifestazioarekin bat egin zuen bere hirian, botoa ematera joan baino lehenago.
Mundua
Martine Aubry da Frantziako PSko idazkari nagusi berria, 42 botoko aldeagatik
%50,02ko babesa lortu du eta Segolene Royalek %49,98koa. Honen jarraitzaileek beste bozketa bat eskatu dute ostegunerako. François Hollande egon da azkeneko 11 urteetan postu horretan. 35 orduko lan astea onartu zuten garaian Lan ministroa izan zen Aubry -ama zuberotarra du-
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu