Martxa bat gehiago presioari

Israelek bigarren egunez tiro egin du Siriako lurraldera, eta NATOk adierazi du «Turkia defendatzeko plan guztiak prest» dituelaOposizioko talde gehienek sortutako erakundea onarpen eske hasi da nazioartean

Martxa bat gehiago presioari.
mikel rodriguez
2012ko azaroaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Siriako Gobernuaren aurkako presioak abiadura bizia hartu du azken egunetan, bai militarki, bai diplomatikoki. Iparraldean Turkiako mugako tentsioa berriz hazi denean, hegoaldean Israel gehitu zaio gatazkari, bigarren egunez tiro egin baitu Golango gainetatik mugaren bertze aldera. Okupatutako lurralde horretatik hurbil Siriako armadak jaurtitako artilleria piezak lehertu direla erran du Tel Avivek erasoa justifikatzeko, eta ohartarazi du «nahita edo nahi gabe» jaurtita ere «gogor» erantzungo duela. Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkari nagusiak, berriz, adierazi du «Turkia defendatzeko plan guztiak prest» dituela aliantzak. Israelek eta Turkiak mugetan sortutako estualdi bikoitzari, berriz, Siria barnean FSA Siriako Armada Askeak Damaskon erasoaldia hasiko duela iragarri izana gehitu behar zaio. Arlo diplomatikoan, oposizioko talde gehienek Mendebaldearen eta Persiako golkoko herrialdeen sostenguarekin sortutako erakundeak berehala hasi du kanpaina nazioartean Siriako ordezkari bakartzat onar dezaten. Baxar al-Assaden arerioek martxa bat gehitu diote haren aurkako presioari.

Israelgo armadak lehenbiziko jaurtigaiak herenegun bota zituen Siriara. Aurrez obus bat Golango gainetan lehertu zela argudiatu zuen. Atzo eremu beretik tankeekin egin zuen tiro Siriara, aurrez mortero bat Israelgo armadaren kuartel batetik gertu lehertu zela argudiatuta. Israelgo armadako irratiaren arabera, tankeekin egindako tiroek Siriako armadaren artilleriako bi unitateri eman zieten. Soldadurik zauritu edo hil ote zuten ez dagoela argi dio iturri horrek. Siriako armadak Israelgoari tiroketa gelditzeko eskatu ziola adierazi du militarren irratiak.

«Israelek ez du bere lurraldearen aurkako erasorik onartuko», ohartarazi du Ehud Barak Defentsa ministroak. «Edozein egoerari aurre egiteko» armadari erantzuteko agindu diola jakinarazi du Barakek. Golango gainak Israelen menpe egon arren, 1967an Siriari okupatutako lurraldea dira, eta hala onartzen du nazioarteak ere. Siriaren hego-mendebaldeko muturrean daude. Bi herrialdeak azkenekoz 1973an ibili ziren elkarri tiroka eremu hartan, Yom Kippurreko gerran. Ordutik teknikoki gerran daude, ez dutelako bake hitzarmenik inoiz sinatu. Israelek azkenekoz 2007an eraso zion Siriari, airetik.

Israelekin orain sortutako tentsioa Turkiakoa berriz haztearekin bat etorri zaio Siriako Gobernuari. Ankararen arabera, Siriatik jaurtitako morteroek Ceylanpinar hirian jo zuten, Turkiako aldean —mugaren bi aldeak, baina, Kurdistan dira—. Ras al-Ain eskualdean matxinoen aurkako erasoaldia egiten ari da Damasko. CNNTurk katearen arabera, hiru lagun zauritu zituzten, horietako bat militarra. Hurriyet egunkariaren arabera, hegazkinak muga patruilatzen paratu zituen Turkiako armadak horren ondoren, «bonbardaketak saihesteko». Ahmet Davutoglu Atzerri ministroak ukatu egin du Israelekin elkar hartuta Siria estutzeko estrategia bat prestatzen ari direla. «Turkiak ez dauka aliaturik», erran du, «herrialde bakoitzak balora dezala bere segurtasuna». Gainera, bi tentsio guneak bereizi nahi izan ditu: «Golango gainak okupatutako lurraldeak dira; beraz, ez da Israelgo lurren burujabetzari urratu». Ceylanpinarreko erasoa NATOri eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari jakinarazi diotela erran du Davutogluk.

NATOren jarrerak garrantzierabakigarria du, Turkia aliantzako kidea baita. Azken astean Siriarekiko mugan misilak ezartzeko aukera izan dute ahotan NATOk eta Ankarak. Adierazpenen bidez bada ere, aliantzaren parte hartzea hazten ari da. Rasmussen idazkari nagusiak erran du espero duela Turkia defendatzeko planek «disuasiorako eragina» izatea, mugan eraso gehiago ez gertatzeko.

Nazioarteak, «aitzakiarik ez»

Israelgo eta Turkiako mugako tentsioa oposizioko taldeen pausoei gehitu zaie. Oposizioko talde gehienek Qatarren hitzartu duten erakunde berria dela eta, adierazgarria da Davutoglu Turkiako Atzerri ministroak erran duena: «Nazioarteak jada ez du aitzakiarik, alternatiba bat daukagulako». Hain zuzen, Mendebaldeko eta Persiako golkoko herrialdeen bitartekaritza eta presioarekin eratu dute Siriako Iraultzaileen eta Oposizioko Indarren Koalizio Nazionala, Moaz al-Khatib imam sunita ohia presidente duela. Sortu eta 24 ordura, Golkoko Lankidetzarako Kontseiluko kideek —Arabiar Emirerri Batuek, Bahrainek, Kuwaitek, Omanek, Qatarrek eta Saudi Arabiak— Siriako herriaren ordezkari bakartzat onartu dute koalizio hori, eta Arabiar Ligari eskatu diote gauza bera egiteko —atzo zen eztabaidatzekoa—. SNC Siriako Kontseilu Nazionalak bere kabuz ez zuen halako onarpen mailarik lortu nazioartean.

FSA taldeak Damaskon erasoaldi bat hasteko asmoa duela-eta atzerriko enbaxadoreei eta erakundeei egin hiriburua uzteko «gomendioaren» epea, berriz, bihar amaituko da. Errusiak gogor salatu du hori, eta, zeharka bada ere, oposizioko talde gehienek sortutako erakundeari eta horri sostengua eman dioten herrialdeei egin die kritika. «Onartezina da Siriaren etorkizuna lotzea indarraren eta metodo terroristen alde egiten duten taldeekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.