Artur Mas Kataluniako Generalitateko jarduneko presidente eta CiUren lehendakarigaiak data jarri dio prozesu subiranistari: "Urtarrilean hasiko genuke prozesu subiranista". Ser Espainiako irrati katean gaur egin dioten elkarrizketa iragarri du data. Haren ustez, prozesurako datorren igandeko hauteskundeetan CiUk gehiengo handi bat lortzea garrantzitsua izango da.
Autodeterminazio galdeketa noiz egingo luketen, baina, ez du jakinarazi, irailaren bukaeran Kataluniako Legebiltzarreko gehiengoak kontsulta datorren legealdian egiteko eskatu zion arren. Masek esan du aurrera begira "legeren bat egokitu" beharko dela "katalanak libre adierazteko".
Bera bada berriro Generalitateko presidente, egingo duen lehendabiziko gauza Kataluniako parlamentuko taldeak deitzea izango dela aurreratu du Masek. "Orduan jakingo dugu zeinek nahiko duen parte hartzea. Nik guztiei emango diet aukera".
"Prozesua hor dago", adierazi du irratiko elkarrizketan, eta garrantzi handia eman dio irailaren 11ko Diadako manifestazio erraldoiari. "Herriaren zati handi batek kalean gauza bat eskatu zuelako deitu nituen hauteskundeak".