KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Mas: "Zergatik ari gara hau guztia egiten? Herrialde eta gizarte proiektu propio bat garatzeko"

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak igandeko prozesu parte hartzailea baliogabetu eta biharamunera, Kataluniako Gobernuko presidenteak esan du Kataluniak "duintasunagatik" abiatu duela prozesu subiranista. Herritarrei "lasai" egoteko eskatu die.  

Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidentea, atzo, gobernuaren bileran. ALBERTO ESTEVEZ / EFE
jon olano
2014ko azaroaren 5a
08:28
Entzun

"Lasaitasun mezua" zabaltzearen eta egoerari "dramatismoa kentzearen" alde mintzatu da Artur Mas Kataluniako Gobernuko presidentea, Europa Press agentziak antolatutako foro batean. Aitortu du "garai berezi batean" dagoela Katalunia, eta argudiatu du "eskubide natural bat" defendatzen ari direla: "Edozein herriren erabakitzeko eskubidea". Esan du Espainiak ez diola eskubide hori aitortu Kataluniari, eta azaldu egungo "borroka" eskubide hori "aitortzeko eta gauzatzeko" dela: "Zergatik ari gara hau guztia egiten? Herrialde eta gizarte proiektu propio bat garatzeko".

Galdeketaren biharamunean zer egin duen ere jakinarazi du: "Astelehenetik aurrera, gutun bat bidaliko diot Rajoyri, gertatutakoaren balantze bat egin eta beste behin akordio bat egitea proposatzeko".

Zehaztu du proiektu propio bat izateak ez duela esan nahi "bakartua" behar duenik, uste baitu Kataluniako gizartearen gehiengoak "Europa batuarekin" partekatu nahi duela proiektu hori. "Duintasunagatik" abiatu dute prozesu subiranista, Masen esanetan: "Mendeetan bere identitateari eutsi dion herrialde bat mentalitate irekiko herrialde bat da; horrelako herrialde bat ezin da umiliatzen utzi".

Kataluniaren gehiengoaren nahiari erantzuten diola oroitarazi du Masek, azpimarratuz herritarren "agindu oso esplizitua" duela eta prozesua "gehiengo zabal eta gizalege eredugarriarekin" egiten ari direla. Udalen %96 erabakitzeko eskubidearen alde agertu direla ere izan du gogoan.

Generalitateko presidenteak uste du igandera bitartean herritarren artean "beldurra eta nahasmena" eragiten saiatuko dela Espainia, eta horren haritik azpimarratu du lasaitasunari eustearen garrantzia. Alde horretatik, boluntario lanetan ariko diren langile publikoei mezua bidali die: "Eskubide osoa duzue boluntario izateko; ezin dizuete galarazi".

PPren "ezgaitasun politiko izugarria"

Prozesu subiranistako "katebegi ahulena" azaroaren 9ko galdeketaren aldeko alderdien adostasun politikoa dela nabarmendu du: "Bereziki irudimentsuak eta eskuzabalak izan beharko dugu, prozesu honen katebegi ahulenak ez diezaion kate osoari kalte egin".

Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu du: "[Madrilen] Gutxiespena, ezberdintasunarekiko tolerantziarik eza eta une batzuetan azpijokoa jasan dugu. Ezgaitasun politiko izugarria topatu dugu. Kataluniaren auzian, Madrilen ez dago ekimen bat bera ere".

Ohartarazi du Kataluniako Gobernua saiatu dela negoziatzen baina PPren gobernuak "entzungor" egin duela: "Itun fiskala, hauteskundeak, baimendutako erreferendum bat estatuarekin adosteko Kataluniako Parlamentuaren eskaria".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.