Kataluniaren independentziarako prozesua

Masek ohartarazi dio CUPi ez duela presidentegaia aldarazteko nahikoa indar

Aitortu du haien hamar diputatuen esku dagoela martxoan berriro ere hauteskundeak deitzea. Baikor agertu da igandeko batzarrean parte hartu zutenen erdiek bere aldeko aukeraren alde egin zutelako.

Artur Mas, igandean, Tarragonako presondegi berri baten inaugurazioan. JAUME SELLART, EFE
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko abenduaren 29a
13:22
Entzun

Erabaki handiak soilik CUPek hartuko balitu, zenbat jende jaitsiko litzateke prozesuaren trenetik?", egin du galdera Kataluniako Generalitateko jarduneko presidente Artur Masek, eta indarra "neurriz" erabiltzeko deia egin dio CUPi. Catalunya Radion goizean egin dioten elkarrizketan aitortu du CUPen hamar diputatuen eskuetan dagoela hauteskundeak errepikatzea, baina ohartarazi die ez dutela nahikoa indar presidentegaia aldatzeko, Hau da, Junts Pel Siren hautagaia izaten jarraituko duela berretsi du. Hauteskundeak berriro egiteak ez duela beldurtzen erantsi du Masek.

Igandeko CUPen batzarraren bozketan berdinketa izan zela-eta "harrituta" gelditu zela esan du Masek. Hala ere, bertan parte hartu zutenen erdiek bere hautagaitzaren aldeko aukera babestu izana seinale ona dela uste du.

CDCko alderdikide Carles Campuzanoren proposamena hizpide hartuta esan du aurretik epe guztiak agortu behar diela. Beraz, ez du uste du, Campuzanok adierazi bezala, beste aliatu bat bilatzeko ordua edota hauteskundeak deitzeko garaia denik.  "Urtarrilaren 10a arte bizia dago".

Ehun batzar

CUPen kontseilu politikoa larunbatean bilduko da Masen inbestiduarri buruz erabakitzeko, baina horren aurretik tokian tokiko ehun batzar inguru egingo dituzte militanteek. Haietan irteten dena eramango dute kontseiluaren bilerara batzar horien ordezkariek —hamahiru dira—. Ordezkari horiekin batera, CUPen hamar diputatuk, idazkaritzako hamabost kidek eta CUP babestu zuten dozena bat eragilek hartuko dute parte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.