Koronabirusa munduan

Maskarak lortzeko lehia betean

Zenbait herrialdek kargamentuak blokeatu dituzte, osasun baliabideen esportazioaren gaineko mugen bidez. Maskarak eta arnasgailuak lortzeko ahaleginek tirabirak eragin dituzte ohiko aliatuak diren estatuen artean

Langile batzuk maskaren, koronabirus azterketen eta bestelako osasun materialen kargamentu bat kontrolatzen, igandean, Katalunian. QUIQUE GARCIA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Koronabirusaren epidemiak agerian utzi du: Mendebaldeko herrialde aberatsenak ez dira gai izan krisi honetan behar dituzten osasun baliabideak ekoizteko. Atzerriko merkatuetara jo behar izan dute SARS-CoV-2 birusari aurre egiteko horren beharrezkoak diren maskarak eta arnasgailuak lortze aldera. Ez dago, ordea, eskaria asetzeko nahikoa eskaintzarik, eta, urritasun egoeran, lehian ari dira estatuak, baita ohiko aliatu direnak ere.

Frantziak, esaterako, Italiara eta Espainiara bidean zihoazen bi milioi maskararen kargamentua blokeatu zuen martxoaren hasieran. Emmanuel Macron presidenteak herrialdean ziren maskara guztiak konfiskatzeko agindua eman zuen martxoaren 3an, eta, bi egun beranduago, Suediako Molnlycke enpresak Txinan ekoitzi zituen lau milioi maskara konfiskatu zituen Lyonen, L'Express aldizkariak azaleratu zuenez. Horietatik milioi bat Italiara eta beste milioi bat Espainiara bidaltzekoak ziren. Enpresa suediarrak maskarak berreskuratzeko laguntza eskatu zion bere herrialdeko gobernuari. Stockholmek presio egin zion Parisi. Bi asteren ondoren, Frantziak bide eman zien Italiak eta Espainiak jaso beharreko maskarei.

Frantziak ere izan ditu zailtasunak hitzartuak zituen maskara kargamentuak jasotzeko. Hainbat lurraldetako agintariek salatu dutenez, Txinatik maskarekin irtetekoak ziren hegazkinak azken orduan AEBetara desbideratu dituzte, erosle estatubatuarrek salmenta prezioaren hirukoitza edo laukoitza eskudirutan ordaintzea eskaini dutelako Txinako aireportuetan bertan.

Valeria Pecresse Parisko eskualdeko presidenteak bidalketak jasotzeko oztopoak dituztela aitortu du. «Identifikatua genuen eskari bat galdu genuen estatubatuarrek diru gehiago eskaini zutelako eskudirutan».

AEBetako Gobernuak ukatu egin du «Frantziara bideratutako maskarak» erosi izana.

Txekiako Errepublikak eta Italiak ere tirabirak izan dituzte, maskara kargamentu bat tarteko. Italiara iritsi behar zuen ehunka mila maskara blokeatu zituen, «ustelkeria eta legez kanpoko jarduerekin lotutako susmoengatik». Pragak hitzeman zuen kopuru bereko kargamentu bat bidaliko zuela «ahalik eta azkarren» Italiara.

Arnasgailuak

Maskaren bidalketekin ez ezik, herrialdeek eragozpenak dituzte atzerrian erositako arnasgailuak jasotzeko ere. Horren adibide dira Espainiak Turkian erosi zuen arnasgailu sorta jasotzeko izan dituen eragozpenak.

Hasieran, kargamentu hori blokeatzea eta arnasgailuak herrialdeko beharretarako gordetzea erabaki zuen Turkiako Gobernuak. Beste hainbat herrialdetako gobernuek egin bezala, osasun baliabideen esportazioa mugatu zuen Ankarak.

Negoziazio diplomatikoak tarteko, arnasgailuak Espainiara bidaltzea baimendu zuen Turkiak joan den astean. Atzerapenak Hego Euskal Herriari ere eragin dio, hainbat arnasgailu baitziren Hegoaldera bidaltzekoak.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak joan den ostegunean jakinarazi zuen Txinatik irtetekoak diren 150 arnasgailuren bidalketa atzeratu egin dela, «garraio arazoak» direla eta. Bidalketa hori aste honetan jasotzea espero du.

Nazioarteko merkatuan dagoen eskasiak eta erosleenartean osasun baliabideak lortzeko dagoen lehia ikusita, beren tokiko ekoizpen sistema indartzeko neurriak hartu dituzte hainbat estatuk.

Macronek iragarri du gobernuaren helburua izango dela urtea amaitu aurretik Frantzia gai izatea behar dituen maskarak ekoizteko. Halaber, maiatz erdialderako 10.000 arnasgailu ekoitziko dituen partzuergo bat eratuko du, lau talde industrialen parte hartzearekin.

Bide beretik, 10.000 arnasgailu ekoizteko eskatu die Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak arlo aeroespazialeko, ingeniaritzako eta 1 Formulako hainbat enpresak osatutako partzuergoari.

Donald Trump AEBetako presidenteak, berriz, ehun egunean 50.000 arnasgailu ekoizteko plana aurkeztu du. Autogintzako, argindar sektoreko eta osasun arloko enpresen elkarlana sustatuko du horretarako.

Pentsatzekoa denez, egoera askoz ere latzagoa da herrialde pobretuetan. Yemenen edo Kongoko Errepublika Demokratikoan, adibidez, hiru arnasgailu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.