Dozenaka mila lagunek hartu zituzten igande arratsean Qamishloko karrikak, Siriaren menpeko Kurdistango hiri handienean. Kurduen eskubideak onartzeko exijitu zuten, eta hango alderdiek iragan hil amaieran lortutako batasun akordioaren aldeko oihuak egin zituzten. Rudaw egunkariaren kronikaren arabera, manifestariek Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileriaren Alderdiko buruaren eta Massoud Barzani Iraken menpeko Kurdistango Eskualde Autonomoko presidentearen argazkiak erakutsi zituzten. Siriako kurduen inguruan mugimendu handiko aste bati amaiera eman dio manifestazioak, eta, hain zuzen, manifestariek argazkietan erakutsitako pertsonaietako bat, Barzani, izan da azken egunetan protagonista handia.
Siriako kurduen auzian interesa duten aktore garrantzitsuak pasatu dira Iraken menpeko Kurdistango Eskualde Autonomoko Arbil hiriburutik. Lehenak, Kurdistan mendebaldeko —Siriaren menpekoko— alderdi nagusiak izan ziren. Uztailean Barzaniren bitartekaritzarekin negoziatu ondoren, PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiak eta KNC Kontseilu Nazional Kurdua koalizioak Goi Batzorde Kurdua osatu dute, Kurdistan mendebaldean administrazio bateratu bat ezartzeko. Hori da Qamishlon manifestariek ospatu duten akordioa.
KNCren akordioa SNCrekin
Uztailaren 30ean hartu zuen oihartzuna hitzarmen horrek, hain zuzen, Abdelbasset Syda SNC Siriako Kontseilu Nazionaleko burua Arbilen Barzanirekin elkartu zen egunean. Eskualde autonomoko presidentearen bitartekaritzaren bila joan zen kurduak ere SNCren estrategiara hurbiltzeko. Handik bi egunera, bertze bisita aski adierazgarria jaso zuen Barzanik: Ahmet Davutoglu Turkiako Atzerri ministroarena. Lotura duten hainbat gertakari espazio berean eta denbora tarte laburrean gertatzen badira horretarako motibo bat dagoela dioen teoria bete egin da oraingoan, joan den asteburuan jakin den bezala: KNC koalizio kurduak Arbilen hitzarmena egin du SNCrekin, Syda, Barzani eta Davutoglu bertan zirela.
Sydak hitz eman dio KNCri Baxar al-Assad agintetik botaz gero, Siriako konstituzio berriak kurduen izaera onartuko duela, nahiz eta lehenago bai Sydak berak, bai SNCko bertze hainbat kidek horren kontrako adierazpenak egin. Davutogluk berak erran du Siriako kurduen eskubideak onartzearen alde daudela —Turkiaren menpekoekin inolaz ere nahi ez dutena—, baina ez dituztela «PYDen ekintzak» onartuko, Ankarak PKKren adartzat jotzen baitu PYD, eta Kurdistan mendebaldea inbaditzeko mehatxua ere egin du horregatik.
«Joko politikoekin tentuz»
Hain zuzen, ikusteko dagoena da aste amaieran jakinarazitako akordioak nola eraginen dion kurduek elkarrekin lortutakoari. Sydak erran du Al-Assaden ondorengo Sirian parte hartu nahi duten indarrek oraingo gobernuaren aurka borroka egin dutela erakutsi beharko dutela, «PYDek barne». Izan ere, bai SNCk, eta baita KNCk ere, Al-Assaden aurka ez egitea kritikatu diote PYDi, elkarlana ere egotzi ez diotenean. «Siriako kurduek batasuna maite dute, baina hori ez luke talde batek erabili behar bere helburuen mesedetan», adierazi dio Rudaw-i Kurdistan Mendebaldeko Herri Kontseiluko kide Ramziya Mohammedek —PYDekin elkartutako talde batekoa—, KNCren jarrera kritikatuz. «Eremuan egiten ari diren joko politikoekin tentuz ibili behar dugu, bereziki Turkiak herri kurduaren aurka egiten dituenekin».
Massoud Barzaniren astea
Iraken menpeko Kurdistango Eskualde Autonomoko presidentearen bitartekaritza nahi dute Siriako kurduen alderdiek, SNCk eta Turkiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu