Kataluniako Parlamentuko mahaiak talde parlamentarioen ebazpenak jaso aurretik, Espainiako Fiskaltzak aurreratu du ebazpen horien artean independentzia deklaratzea jasotzen duen baten bat onartuz gero mahaiko kideen kontrako kereila bat aurkeztuko duela matxinada leporatuta. Orain arte Carles Puigdemont presidentearen, Oriol Junqueras presidenteordearen eta beste kontseilarien kontrako kereila aurkezteko asmoa iragarria zuen, eta orain kereila hori Parlamentuko mahaiko kideen kontra zabalduko duela iragarri du.
Junts pel Si-k eta CUPek aurkeztu dituzten ebazpenetan independentzia deklaratzea eta errepublika independentea eratzea proposatu dute. Parlamentuko mahaiak onartu egin du tramitera ebazpen proposamen horiek eta orain ikusteko dago zer egiten duen Fiskaltzak. Albiste agentzien arabera, Fiskaltzak espero du azkenean kereila aurkeztu behar ez izatea, baina independentzia deklarazioan parte hartzen duten guztien kontra aktibatzearekin egin du mehatxu.
Matxinada delitua 30 urte arteko espetxe zigorrarekin zigortzen du Espainiako Zigor Kodeak. Matxinada delituari 15 eta 25 urte arteko espetxe zigorra dagokio horren arabera, eta armak erabiliz gero, beste bost urte gehitu diezaiokete. Zigor Kodearen arabera, "bortizki eta publikoki lurralde nazionalaren zati baten independentzia deklaratzeko altxatzen denari leporatu dakioke". Baita Konstituzioa zati batean edo osorik bertan behera utzi edo aldatzen duenari edo erregeari bere ahalmenak kentzen dizkionari. Fiskaltzak ez du argitu oraindik nork ikertuko duen matxinada delitua egin ote duten; forudun kargua dutenei 155. artikulua aktibatuz gero ematen zaien izaeraren araberakoa izango da.
Kataluniako Estatutuaren 57.2 eta 70.2 artikuluen arabera, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiari dagokio presidentea eta kontseilariak auzipetzea, baina Espainiako Epaitegi Gorenak ere epaitu ditzake delitua Kataluniatik kanpo izan bada. Fiskaltza aztertzen ari da matxinada delitu hori Kataluniatik atera daitekeen, besteak beste, Generalitatearen zenbait webguneen zerbitzariak kanpoan zeudelako edo kontseilariek hainbat forotan parte hartu dutelako Kataluniatik kanpo.
Oraingoz baztertuta dago Espainiako Auzitegi nazionalak hartzea auzia, bainan Puigdemontek bere karguari dagokione forudun izaera galtzen badu, aukera hori ere egon badago.