2011ko ekainaren 4a
00:00
SIRIA
•Hildakoak. Ortziraleko otoitzen ondoren, milaka lagun elkartu ziren Hama hirian (herrialdearen erdialdean), Bashar al Assaden erregimenaren aurka protesta egiteko. Siriako Giza Eskubideen Behatokiak azaldu duenez, estatuko indarrek tiro egin zieten manifestariei, eta gutxienez horietako 34 hil zituzten. Gobernuz kanpoko erakunde horren arabera, zauritu anitz daude, eta hildakoak gehiago izan litezke.
BAHRAIN
•Protestak. Duela hiru egun kendu zuen Bahraingo Gobernuak larrialdi legea, eta armada Manama hiriburuko karriketatik erretiratu zuen. Hala ere, protestak ez dira itzali.Hiriaren erdigunean bildutako manifestariei Poliziak negar eragiteko gasa eta gomazko balak jaurti zizkien atzo. Manaman bertan, martxoko protestetan zauritutako lagun bat hil zen atzo goizean, eta ehunka lagun izan ziren haren hiletan.
MAROKO
•Errepresioa. Safi hirian (Rabatetik 350 kilometro hegoaldera) 30 urteko gazte bat hil zen manifestazio batean herenegun. Bertsio ofizialaren arabera, bihotzekoak jota zendu zen. Gaztearen familiak, baina, Poliziak hil zuela salatu du. «Zauri larriak eragin zizkioten gorputz osoan, batez ere buruan, begietan eta belaunetan».
TUNISIA-LIBIA
•Errefuxiatuak. Tunisiako itsasoan desagertutako 270 errefuxiaturen gorpurik ez duela aurkitu adierazi dute herrialde horretako kostazainek. NBEk eta Gurutze Gorriak aitzinetik errana zuten 150 gorpu berreskuratu zituztela kostazainek. Errefuxiatuak Libiako gerratik ihesi zihoazen. Tripolin, berriz, Libiako erregimenak jakinarazi du NATOk gutxienez hamar eraso egin zituela hiriburuan atzo.
IRAK
•Atentatuak. Tikrit hirian egun odoltsua izan zuten atzo. Goizean, lehergailu bat leherrarazi zuten meskita batean eta gutxienez hamazazpi lagun hil zituzten. Zaurituak 55 izan ziren. Arratsaldean, berriz, zauritu gehienak zeuden ospitalean, suizida batek bonba bat zartarazi eta bertze hamazazpi lagun hil zituen.