Matxinoek diote Halab erdia kontrolpean dutela

NBEk Sirian dituen behatzaileen erdiak erretiratu ditu, eta esan du herrialdean egoera «oso hauskorra» dela

2012ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Siriako gatazka Damasko hiriburuan eta Halab herrialdeko bigarren hiririk garrantzitsuenean ari da jokatzen azken egunotan. Borrokak gogortu egin dira bi hirietan, eta, atzo, erasoaldi bortitz baten ondoren, Halab erdia hartzea lortu zutela jakinarazi zuten matxinoek. Armadak berehala erantzun du, bonbardaketekin.

Oposizioak salatu duenez, 50 lagunetik gora hil ziren atzo, gehienak Damaskon eta Halaben. Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera, baina, kasik ehun lagun hil zituen Baxar al-Assaden armadak.

NBE Nazio Batuen Erakundeak, hain justu, Siriako egoera «oso hauskorra» dela ohartarazi du. Sirian dauden 300 behatzaileetatik erdiak herrialdetik ateratzea erabaki du, eta gainontzeko 150ak hainbat eskualdetan kokatu ditu. «Ahal dutena egiten ari dira», esan du Herve Ladsous NBEren baketze operazioetako idazkariorde orokorrak. Erakundeak gatazkari irtenbide politiko bat bilatzeko lanean jarraituko duela esan du Ladsousek, «herritarren sufrimendua arintzeko». «Esperantza daukagu bake prozesua indartu egingo dela eta, irtenbide politiko baten bidez, amaitu egingo dela bukatzen ez den indarkeriaren soka».

Enbaxadoreen auzia

Desertzioak «bultzatu» dituzten herrialdeak kritikatu ditu Damaskok. Izan ere, azken egunetan, zenbait enbaxadorek, kargua utzi, eta Al-Assaden aurka egin dute publikoki, baina hori egin dezaten Qatarrek eta Saudi Arabiak diruz erosten dituela salatu du Siriako Atzerri ministroak.

Manaf Tlassek, duela bi aste Siriako armada utzi zuen jeneralak, bere burua eskaini du Al-Assaden ondoren herrialdea gidatzeko. Esan du Siria ezin dela eraiki «mendekuaren gainean».

Bestalde, Errusiak Sirian korridore humanitarioak sortzearen aurka egin du. Moskuk salatu du nazioarteak oposizioa armekin babesten duen bitartean laguntza humanitarioa eskaintzeak zentzurik ez duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.