1975. urteaz geroztik espero zuen gertakizun politikoa nolabait histu egin zaio Mayotteri. Indiako Ozeanoan den uharte hori joan den ostegunean bilakatu zen ofizialki Frantziako 101. departamendua. Ordura arte, Itsasoz Haraindiko Lurralde Kolektibitate estatutua zuen. Departamendu bihurtu arren, Frantziako eskualde baten eskuduntzak izango ditu, horiek batzar bakar batek bideratuko dituelarik.
Komoreetako artxipelagoak 1975ean independentzia eskuratu zuelarik, Mayotteko herritarrek koloniaren menpe jarraitzekonahia agertu zuten. Gurari hori berretsi zuten 1976ko otsailean antolatutako erreferendum batean, boto-emaileen %99,4k Frantziaren men egotea aukeratu zutelarik. 2009ko martxoaren 29an, berriz, departamendu bilakatzeko erreferendumean, boto-emaileen %95,2k baiezkoa eman zuten.
Bozen emaitzetatik, ika-mika
Departamendu bilakatzea Mamudzu hiriburuan jarritako Kontseilu Nagusiaren Asanbleak aldarrikatu behar zuen ofizialki, martxoaren 31n. Alabaina, jaiegun izan behar zuena erabat itxuraldatu dute, Frantzia osoan bezala, martxoaren 20an eta 27an izan diren kantonamenduetarako hauteskundeek. Boz horien ondorioz, ezkerreko indarrak nagusitu dira Mayotten, hautatzekoak ziren hemeretzi kontseilarietarik 11 ezkertiarrak direlarik orain. Bat-bateko aldaketa horrek ika-mikak piztu ditu, eta eskuineko UMP eta zentroko NC zinegotziek boikotatu egin dute Kontseilu Nagusiko batzar berriaren lehen saioa.
Hasiera batean, Parisek pentsatu du departamendu bilakatzearen ekitaldi ofiziala larunbatera atzeratzea, baina, azkenean, erabaki du legezkoa zela gehiengo berriko 11 zinegotziak bakarrik egotea osteguneko saioan. Nahasketa horrek haserretu ditu Mayotteko herritar asko, horietarik 101 Frantziako banderaren koloreetan jarri zirelarik eta 101 haurrek Frantziako ereserki Marseillaise abestu behar zutelarik.
Mayotte uhartea Frantziako 101. departamendua izendatu dute, nahasketa artean
Ezkerrak irabazi ditu kantonamendu bozak, eta eskuinekoak ez dira Kontseilu Nagusiaren osaketa ekitaldira joan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu