Brexit adostu bat burura eramateko traba handienak etxean bertan ditu une honetan Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak. Jacob Rees-Mogg ERG Europarako Ikerketa Taldeko buruak hasi du May Alderdi kontserbadorearen buruzagitzatik kentzeko prozedura —lortuko balu, lehen ministro kargua ere galduko luke Mayk—. Alderdi Kontserbadorearen barrenean brexit gogorraren aldekoek sortu zuten taldea da ERG, eta haiek diotenez, 40 bat parlamentarik bat egiten dute ildo horrekin. Rees-Moggek arrazoitu duenez, Mayk aurkeztutako akordioak jasotzen duena ez da "benetako brexit-a".
Mayk akordio "tekniko" bat lortu zuen Europako Batasuneko negoziatzaileekin, eta bere gobernuaren babesa ere eskuratu zuen atzo. Erabakiak zatiketa eragin du gobernuan, ordea. Lau ministrok dimisioa eman dute, akordio proposamenarekin kritiko. Shailesh Vara Ipar Irlandarako ministroa izan da lehena, eta, haren ondoren, Dominic Raab Brexit-erako ministroak aurkeztu du dimisioa. Halaxe egin dute Suella Braverman Raaben ondokoak eta Ester McVey Lan eta Pentsio ministroak ere.
EBko agintariek, bestalde, azaroaren 25ean erabakiko dutebrexit-ari buruzko akordioa onartzen duten ala ez. Egun horretan bilduko dira Erresuma Batuko kide izaten jarraituko duten 27 estatuetako agintariak, Londresen eta Europako Batasunaren arteko akordioaren gainean erabakitzeko.
Bitartean, ordea, Erresuma Batuan dago fokua. Alderdi kontserbadoreko kritikoek pauso gehiago eman beharko dituzte, izan ere, konfiantza mozioa aurrera atera, Mayri atzera eginarazi eta EBrekin lortutako akordio "teknikoa" bertan behera uzteko.
Nolakoa da prozedura?
1. Prozedura abiatzea.
Alderdi kontserbadorearen barnean garatuko litzateke konfiantza mozioa aurrera ateratzeko prozedura. Hasteko, diputatu tory-en %15en babesa beharko luke proposamenak —315 diputatu dituzte kontserbadoreek; beraz, 48ren babesa beharko lukete—. Hau da, gutxienez 48 diputatuk aurkeztu beharko liokete gutun bana Graham Bradyri, Rees-Mogg diputatuak egin bezala.
Alderdi kontserbadoreko 1922 batzordeko burua Brady —gobernuan ez dauden diputatuak ordezkatzen ditu batzorde horrek—, eta hari dagokio konfiantza mozioaren prozedura kudeatzea.
2. Bozketa.
Behin tramite hori gainditu eta bozketara igaro ondoren, Alderdi kontserbadoreko diputatu guztiek hartuko lukete parte bozketan. Konfiantza mozioak aurrera egiteko, nahikoa da gehiengo sinplea. Atzera botatzeko ere, berdin.
3. Ondorioak
Mayk bozketa hori irabaziko balu, kritikoek ezingo lukete halako prozedurarik aurkeztu beste urtebetean. Galduko balu, ordea, dimisioa eman beharko luke, eta gainera, ezingo luke bere burua aurkeztu ordezkoa hautatzeko prozesuan. Konfiantza mozioa aurrera atera eta tory-ek lider berria hautatuko balute, alderdiko burua zuzenean bihurtuko litzateke gobernuburu ere. Hau da, bera izango litzateke Erresuma Batuko lehen ministro berria, hauteskundeetara deitu beharrik gabe.