Meatzariak ez kaleratzeko eskatu du Hegoafrikako Gobernuak

Lonmin enpresako bozeramaileak esan du langileak ez dituztela kaleratuko, eta lanera itzultzeko deia egin die

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Hegoafrikako Gobernuak Erresuma Batuko Lonmin enpresari eskatu dio bertan behera uzteko lanera joaten ez diren meatzariak kalera botatzeko mehatxua. Zuzendaritzak langileei emandako ultimatumari eutsiz gero, egoera gaiztotu egingo dela uste du gobernuak. Collins Chabane presidenteordearen esanetan, meatzearen egoera «larriaz» jabetu behar du Lonminek.

Gobernuaren esku hartzearen ondotik, enpresako bozeramaile batek adierazi du ez dituztela kaleratuko lanera joaten ez direnak, baina langileei meatzera joateko deia egin die. Izan ere, herenegun ezin izan zioten ekoizpenari ekin, nahiko jende joan ez zelako. Atzo ere meatzari gutxi joan ziren beren postuetara. Enpresaren arabera, langileen %33 bakarrik.

Hegoafrikako hainbat ministro, Chabane buru zutela, ostiralean Poliziak 34 meatzari hil zituen lekura joan ziren atzo. Han, protesten antolatzaileekin bildu ziren ministroak. Sindikatuek gobernuko ordezkariekin hitz egiteko, poliziak erretiratzeko eskatu zuten, eta Chabanek onartu egin zuen eskaera. Langileak haserre agertu ziren, lehengo asteanPoliziak Marikana probintzian izandako jarrerarekin.

Bestalde, Jacob Zuma presidenteak batzorde bat osatu du hildakoen identifikazioak, hiletak eta zaurituen arreta errazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.