Mendebaldeak begi onez ikusten duen diktadura

Giza eskubideak urratzen baditu ere, nazioarteak akordio ekonomiko andana egin ditu Ben Alirekin

2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Mendebaldeko demokraziek era bateko edo besteko iritzi eta jarrera izan ohi dituzte aginte autokratiko edo diktatorialekin, horiek adiskideak edo arerioak dituzten. Zine El Abidine Ben Ali lagun hurkotzat daukate —Tunisiako presidentetza 1987an eskuratu zuen, estatu kolpe baten bidez—. Tunisiako eta Irango egoera soziopolitikoak, alta, parekatu egin daitezke, nahiz eta hango presidentea —Mahmud Ahmadinejad— ez duten horren begi onez ikusten. Ezaugarri berdintsuak daude herrialde batean zein bestean; itxurazko oposizio bat, benetako oposizioaren kontrako jazarpena, hedabide independenteen kontrako jarrera, giza eskubideen urraketa eta, azken batean, oinarrizko askatasunen urraketa.

Ben Ali presidentearen botere larderiatsuak, hala ere, baditu Mendebaldeak begi onez ikusten dituen bi ezaugarri: ekonomia garapen sendo bat eta muturreko islamismoaren kontrako jokaera tinko bat. Ekonomiaren kontuari dagokionez, esan ohi da hazkunde sendoa duela aspalditik Tunisiak; Europako Batasunarekin, gainera, ekonomia trukeen %80 gauzatzen ditu.

Desorekak eta ustelkeria

Alabaina, ekonomiaren sendotasun hori erabat desorekatuta dagoela salatu izan dute giza ekintzaileek. Suhair Belhassenek dioenez, langabezia tasa %14koa da eta ustelkeria erabat hedatuta dago: «Gafsako meatokiak dira sendotasun ekonomiko horren iturri bakarra, eta agintarien eta haien jarraitzaileen artean banatzen dituzte irabaziak».

Muturreko islamisten kontra presidenteak duen jokaera gogorrak ere Mendebaldearen begikoa da. Ennahda mugimendua, esaterako, debekatuta dago, hala nola benetako oposizio diren beste hainbat alderdi laiko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.