Putinek esan du Mendebaldeak Ukrainan eskua sartzen segituz gero gerra nuklear bat sor litekeela

Errusiako presidenteak herrialdearen egoera baloratzeko urteroko hitzaldia eman du. EBk ez ditu onartuko Errusiako estatuburua aukeratzeko bozen emaitzak lurralde anexionatuetan.

Vladimir Putin Errusiako presidentea hitzaldia ematen Moskun, gaur. ERRUSIAKO GOBERNUA / EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentea hitzaldia ematen Moskun, gaur. ERRUSIAKO GOBERNUA / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko otsailaren 29a
15:50
Entzun

«Mendebaldeak egiten dituen ekintza orok gatazka nuklear batera gerturatzen gaitu». Ukrainako gerrak bi urte bete eta egun gutxira eman du Vladimir Putin Errusiako presidenteak parlamentuko urteroko hitzaldia, herrialdearen egoeraren balorazioa egiteko; hori aintzat harturik, eta estatuburua aukeratzeko hauteskundeak bi aste barru egingo dituztela —datorren martxoaren 17an—, Putinek testuinguru berezian egin ditu adierazpen horiek. Ukrainako gerraren egoerari lotutakoek eman dute zeresanik handiena, Errusiako presidenteak Mendebaldeari ohartarazi baitio, tropak Ukrainako frontera bidaliz gero, gerraren ondorioak «tragikoagoak» bihurtuko direla. Horren ondorioz gatazka okertuko balitz, gerra nuklear bat sor liteke, eta horrek «zibilizazioaren suntsiketa» eragingo luke, Putinen arabera. Hori bai, Errusiako estatuburuak argi utzi du epe laburrean bere herrialdearen asmoa ez dela EB Europako Batasunari eraso egitea: «Irrigarrikeria bat da».

Putinek Mendebaldeko herrialdeei leporatu die beste Gerra Hotz bat sortu nahi izatea, eta salatu du Mendebaldeak 1980ko hamarkadan AEB Ameriketako Estatu Batuek eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunak izan zuten «lasterketa armamentistikoaren» antzeko egoera eragin nahi duela. Errusiako presidenteak adierazi duenaren arabera, gaur egun bere herrialdeak BPG barne produktu gordinaren %13 armetara bideratzen du, eta azaldu du gastu horrek gora egingo duela Ukrainako gerra okertuz gero.

Gainera, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen hedapena gaitsetzi egin du Putinek. Hitzok ez ditu ausaz hautatu; izan ere, Hungariako Asanblea Nazionalak iragan astelehenean onartu zuen Suedia NATOn sartzea, eta, horrela, 31 kide ez, 32 izango ditu Mendebaldeko aliantza militarrak datozen asteetan. Hedapen hori zein Mendebaldeko estatuen Ukrainarekiko elkartasuna erasotzat ditu Errusiako presidenteak: «Egonkortasunaz mintzo dira, baina gure desagerpena nahi dute». Are, Putinek «errusofobiatzat» jo ditu azken urteetan Mendebaldeak egindako urratsak. Nolanahi ere, Putinek eskua luzatu dio Mendebaldeari elkarrizketak hasteko, «denentzako arriskutsuak diren egoerak» sortzen ari direlako. «Eurasiarako segurtasun konplexu bat izateko lan egin behar dugu», azaldu du Errusiako presidenteak.

Donbassen anexioa

Putinek garrantzia eman dio Donbass eskualdeari bere hitzaldian. Errusiak 2022ko irailean anexionaturiko lurraldea presidenteak atzean zuen mapan agertu da —baita Kherson, Krimea eta Zaporizhia ere—, eta Putinek argi utzi nahi izan du Errusiaren parte dela, Donbassko garapen ekonomikorako plana iragarri baitu. Hori iragartzean, «Errusiako herritarren ongizatea bermatzea» duela xede esan du Errusiako presidenteak, lurralde horretako herritarrak multzo horretan sartuta.

EB, ordea, ez dago batere ados. Presidentetzarako hauteskundeak hasi dituzte jada Errusian, eta aurretiazkoa botoa emateko aukera dute herritarrek; besteak beste, Errusiak urteotan Ukrainari anexionaturiko lurraldeetan. Talde komunitarioak gaur adierazi du, kanpo ekintzarako zerbitzuaren bozeramaile Peter Stanoren bitartez, ez dituela onartuko «lur okupatuetan» emandako botoak, horrek nazioarteko legedia «hausten» duela argudiatuta.

Stanok ohartarazi du, gainera, lurraldeotan Errusiako presidentetzarako bozak prestatzen lagundu dutenek EBri «kontu eman» beharko diola, eta zigor ekonomikoak aurreikusi ditu.

Hazkunde ekonomikoa

Errusiak Mendebaldearekin duen gatazka ez da soilik alor militarrean irudikatu, ekonomiak ere bere lekua izan baitu Putinen hitzaldian. BRICSen —besteak beste, Brasilek, Errusiak, Indiak, Txinak eta Hegoafrikak osatzen duten talde komertzialak— eta G7koen —Alemaniak, Kanadak, AEB Ameriketako Estatu Batuek, Frantziak, Italiak, Japoniak eta Erresuma Batuak osatzen dute taldea— arteko ezberdintasunak plazaratu ditu, eta argudiatu lehenengoak bigarrengoa gaindituko duela laster. Errusiako presidentearen arabera, 2028an munduaren BPGaren %36,6 BRICSeko herrialdeena izango da, eta %27,8, berriz, G7koena.

Are gehiago, Errusiako presidenteak esan du bere herrialdea, BPGari erreparatuz gero, munduko ekonomiarik indartsuenetan bosgarrena dela. Munduko Ekonomia Foroaren arabera, baina, Errusia ez dago aurreneko hamarretan.

Bi ordu baino gehiagoz aritu da Putin hizketan. Ukrainako gerra, ekonomia, garapen soziala eta familientzako laguntzak izan ditu hizpide, besteak beste. Hala ere, ez die erreferentziarik egin barne oposizioari eta aste gutxi barru egitekoak diren presidentetzarako hauteskundeei. Estatuburu karguan mantentzeko aukera argiak ditu Putinek, ez baitu oposizio indartsurik aurrez aurre.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.