Mahoma iraintzen duen bideoaren harira herrialde musulmanetan duela egun batzuetatikAEBen aurka antolatu diren protestek pauso bat gehiago eman dute, eta Mendebaldearen aurkako amorru adierazpena bihurtu dira. AEBetako interesei ez ezik, Europako hainbat herrialdetakoei ere eraso diete, eta Afrika iparraldeko eta Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetan hildakoak izan dira manifestarien eta indar armatuen arteko liskarretan. Tunisian eta Sudanen, adibidez, hiruna lagun hil dituzte AEBetako enbaxaden parean. Ezertarako ez dute balio izan Washingtongo agintariek bideoa salatzeko egindako adierazpenek. Presidentetzarako hauteskundeen kanpaina hasi berritan, AEBek Ekialde Hurbilean duten posizioa larritu dute protestek, Barack Obamaren estrategia politikoa kolokan paratuz.
Herrialde arabiarretan iaz piztu ziren matxinadetan, ortzirala izan ohi zen protesta handienak biltzen zituen eguna, musulmanen asteko egun santua delako eta eguerdiko errezoen ondoren jendetzak elkartzea errazagoa delako. Atzokoan gauza bera gertatu zen herrialde musulman anitzetan, baina amorruaren helburua ez ziren izan bertako gobernuak, Mendebaldeko ordezkaritza diplomatikoak eta interesak baizik. Mahoma iraintzen duen bideoak Mendebaldeak herrialde musulmanekiko duen mesprezua sinbolizatzen du manifestarientzat.
Aitzineko egunetan bezala, AEBetako ordezkaritzak izan dira manifestazioen helburu nagusia, baina bertze herrialde batzuk ere paratu dituzte jomugan. Sudanen, adibidez, Alemaniako eta Erresuma Batuko enbaxadetan sartu, eta bi herrialde horien banderak kendu dituzte. Egipton, Sinai penintsulan NBE Nazio Batuen Erakundeko indarren base batera sartu da ustezko islamista talde bat. NBEko iturriek jakinarazi dute misioko lau kide zauritu dituztela. Sinaiko egoera lehendik ere ezegonkorra da, baina hedabide gehienek protesten testuinguruan kokatu dute erasoa. AFPk argitaratu duenez, bideoarengatik protesta egin nahi zuen beduino talde batek jo du basearen aurka. Gainera, erakunde ofizialetako eraikinez gain, Mendebaldearekin zerikusia duten bertzelako interesei ere eraso diete: adibidez, Libanoko Tripoli hirianAEBetako Kentucky Fried Chicken janari lasterraren katearen saltoki bat erre dute, eta Tunisiako Tunis hiriburuan Eskola Amerikarrari su eman diote.
Kentucky Fried Chicken, sutan
Istilu larrienetakoak, hain zuzen, Tunisen izan dira, AEBetako enbaxadaren kanpoaldean. Herrialdeko telebista publikoaren arabera, eguerdiko errezoen ondotik manifestariak eraikinera hurbildu eta sartzen saiatu dira. Poliziak balak eta negar gasa jaurti dizkio jendetzari, eta hiru lagun hil ditu. Manifestariek harrika erantzun diete. Enbaxada hiriburuko Al-Buhaira auzoan dago, eta Poliziak eraikinera ematen duten karrika guztiak itxi ditu istiluen ondoren. Helikopteroak ere zaintza lanean ibili dira Tunisen.
Sudanen ere AEBetako enbaxadaren inguruan izan dira hildakoak, Khartum hiriburuan. Alemaniako eta Erresuma Batuko enbaxadetako erasoen ondoren bildu dira manifestariak AEBetako ordezkaritzaren aitzinean. Mohamed Abderrahim Ala Profetaren Defentsarako Herri Erakundeko kide eta protestaren antolatzaileetako batek adierazi duenez, Poliziak bi manifestari tiroz hil ditu, eta bertze bat autoarekin harrapatuta hil dute. Negar gasa ere erabili du Poliziak.
Libano iparraldeko Tripoli hirian ere istilu larriak izan dira. Manifestariak gobernuaren egoitza batera hurbildu dira, eta armada oldartu da haien aurka. Soldaduek lagun bat hil dute tiroz. Reuters agentziaren arabera, hamabi militar eta bi manifestari zauritu dira liskarretan. Eliza katolikoko aita santua Libanora bisitan joana da, eta, Reuters agentziako berriemailearen arabera, haren aurkako oihuak egin dituzte manifestariek. Siriako gatazka dela eta, azkenaldian Tripolin suniten, xiiten eta kristauen arteko borrokak ugaritu dira.
Yemenen eta Egipton, berriz,herenegungo mobilizazioek segida izan dute. Yemengo Sana hiriburuan, bi elkarretaratze handi egin dituzte: alde batetik, Anaia Musulmanek Sitin enparantzan deitutakoa —ez dute istiluen berririk eman—; bertzea, berriz, iparraldeko xiiten ordezkariekAEBetako enbaxadara deitutako protesta izan da. Poliziak bidea itxi dio manifestazioari, eta tiroka eta ur kanoien bidez saiatu da jendetza sakabanatzen. Herenegun, manifestariek enbaxadako lorategira sartzea lortu zuten, eta Poliziak lagun bat hil zuen tiroz. Egipton, Tahrir plazan ehunka lagun bildu dira, eta AEBetako enbaxadaren inguruan liskarrak izan dira berriz ere. Agintariek jakinarazi dutenez, gutxienez 40 lagun atxilotu dituzte.
Bertze hainbat herrialdetan ere mobilizazio andana egin dira, eremu geopolitiko aski ezberdinetan. Iranen milaka lagun elkartu dira Teheranen. Kutsu instituzionala izan dute protestek. Lurralde palestinarretan, Gazan eta Jerusalem Ekialdean izan dira mobilizazio nabarmenenak. Gaza hirian milaka lagun bildu dira eguerdiko errezoaren ondotik. Saharaz hegoaldeko Afrikara ere hedatu dira protestak; zehazki, Nigeriako Jos hirian armadak tiro egin die manifestariei. Indian, berriz, hegoaldeko Chennai hirian AEBek duten kontsulatuari harrika egin diote, eta Poliziak 86 lagun atxilotu ditu. Europan ere izan da protestarik. Bruselan, AEBek enbaxada hustu dute bertan deituta zegoen elkarretaratzea hasi aitzinetik, eta Londresen 200 lagun inguru bildu dira Washingtonen ordezkaritzaren aitzinean.
Obamaren erantzunak
Obamarentzat ez dira nolanahiko erronka piztu diren protestak. Hiru erantzunen artean dagoAEBetako presidentea: bideoa gogor kritikatu eta inongo zerikusirik duela ukatu, tokian tokiko agintariei presio egin manifestazioak kontrola ditzaten, eta indarra erabili. Lehenbiziko aukerak jada ez du fruiturik eman, presidentea bera eta Hillary Clinton Estatu idazkariak hainbat alditan kritikatu baitute bideoaren edukia. Etxe Zuriak, gainera, Youtube atariari eskatu dio bideoak ea erabiltzaileen arauak hausten dituen aztertzeko, Tommy Vietor Segurtasunerako Kontseilu Nazionaleko bozeramaileak. Hainbat herrialdetan bideorako sarrera blokeatu egin du Youtubek, baina gisako neurrietarako berandu da daogeneko, milioika lagunek eduki baitute haren berri.
Bertze herrialdeetako agintariei dagokienez, lehen egunetako deiak Mohamed Mursi Egiptoko presidentearengan zentratu ziren nagusiki. Mursik erasoak kritikatu ditu bertze behin, «arduragabeak» eta «umeen erreakzioak» direla erranez. Baina Mursi islamista da, eta bideoaren aurka jarrera aktiboa hartu du. Horregatik, AEBek iradoki dute Egipton eta bertze hainbat herrialdetan ez dutela behar bertze egin erasoak saihesteko. William Hague Erresuma Batuko Atzerri ministroak ere hori leporatu dio Sudango Gobernuari.
Indarrari dagokionez, Libian egin bezala, Yemenera ere 50 marinez osatutako talde berezi bat bidali du Obamak. Libian hildako enbaxadorearen eta bertze lau funtzionarioren gorpuak atzo ailegatu ziren AEBetara. Harreran, Obamak erran zuen AEBak ez direla «mundutik erretiratuko» eta haren diplomatikoak «nonahi» defendatuko dituela.
Matxinadak hasiz geroztik Obamak Ekialde Hurbilean egin duen politika bidegurutzean para dezakete bideoaren harira sortu diren protestek. Hori baliatu du Alderdi Errepublikanoak kanpainan bete-betean sartzeko. Mitt Romneyk Libiako enbaxadako erasoaren ondoren egindako kritikak berretsi ditu, Obamak emandako erantzuna «desegokia» izan dela erranez. Paul Ryan presidenteordegaiaren iritziz, protestek «zibilizazioaren balioak» jarri dituzte arriskuan.
Mendebaldearen aurkako amorru bihurtu dira musulmanen protestak
Ortziraletako errezoen ondoren, hainbat herrialdetan istilu larriak izan dira AEBetako eta Europako enbaxadetanSudanen eta Tunisian hiruna lagun hil ditu Poliziak, eta Libanon bertze bat armadak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu