Orain arte Angolan, Kongoko Errepublika Demokratikoan, Kenian, Hegoafrikan eta Ugandan gertatu dira marburg gaitz kutsagarriaren agerraldiak. Baina, oraingoan, lehen aldiz atzeman dute Afrikako mendebaldean, Gineako Errepublikan. Ebolaren familiako birus batek eragiten du gaitza, eta hilgarria da askotan.
Osasunaren Mundu Erakundearen Afrikarako zuzendariak esan du birusak ahalmena duela «asko zabaltzeko». Erakundeak adierazi du «berehala gelditu» behar dela.
Frutaren saguzarrak dira birusaren bektoreak. Horiek kutsatzen dituzte gizakiak, eta, gero, horien artean transmiti daiteke, gorputzeko isurien bitartez. Marburg izena jarri zioten gaitzari, lehenengo agerraldia 1967an atzeman zutelako Alemaniako hiri horretan. 31 pertsona kutsatu ziren orduan, eta horietako zazpi hil.
Izan ere, heriotza tasa handia du birusak. Buruko mina, sukarra, eta giharretako mina dira sintometako batzuk. Gaixoek odola botaka egiten dute, eta odola isurtzen dute. Ez dago tratamendurik.
Halere, oso gutxitan gertatzen dira kasuak.
Gineako Errepublikako gaixoa hil egin da, eta haren gorpuko laginak aztertzean ondorioztatu dute Marburgeko gaitza zuela.
Nzerekore hiriko Gueckedoun gertatu zen, joan zen astean. Inguru horretan ebolaren agerraldi bat egon da duela gutxi, eta horren kontra eraturiko taldeak ari dira orain Marburgeko gaitzaren aurka. Hildakoarekin harremanetan egondako jendea aurkitzeko lanean ari dira.