Mendebaldeko espioiek palestinarrei buruzko informazioa bidaltzen zioten Israeli

Dokumentu desklasifikatu batzuen arabera, 1970eko hamarkadan Mendebaldeko espioi erakunde sekretu batek palestinarrei buruzko datuak bidaltzen zizkion Mossadi, ekintza «ilegalekin» lotura izan zezaketelakoan.

Israelgo armadako hainbat kide, iaz, Jerusalemen. EFE
Israelgo armadako hainbat kide, iaz, Jerusalemen. EFE
Iratxe Muxika
2025eko maiatzaren 14a
14:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Mendebaldeko espioi koalizio sekretu batek ezkutuko informazioa bidaltzen zion Israeli 1970eko hamarkadan. Hala ondorioztatu du ikerlari batek dokumentu desklasifikatu batzuk eskuratu ondoren. 1972ko irailean, militante palestinar batzuek eraso bat egin zuten Municheko Olinpiar Jokoetan, eta 11 atleta israeldar hil. Mossad Israelgo zerbitzu sekretuetako erakunde nagusiak gutxienez lau palestinar hil zituen ondotik, eta ikerlariak, dokumentu desklasifikatu horietan jasotakoan oinarrituz, jakinarazi du Europa mendebaldeko koalizio sekretu batek bidali ziola Mossadi atentatuan parte hartu zuten palestinarrei buruzko informazioa.

Aviva Guttman estrategiaren eta zerbitzu sekretuen arloko historialaria da Galesko Aberystwyth Unibertsitatean, eta hark aurkitu zituen dokumentu desklasifikatu horiek. The Guardian egunkariari kontatu dionez, kable zifratuak topatu zituen Suitzako artxibategi batean, eta hortxe frogatu zuen espioi talde batek Israelgo misioetan lagundu zuela.

Kable horietako anitzek orain arte ezezaguna zen Kilowatt izeneko sistema sekretu baten bidez zirkulatzen zuten, eta Mendebaldeko hemezortzi espioi taldek trukatzen zuten informazioa kable horiei esker. Erabiltzaile horien artean zeuden, erraterako, Israel, Erresuma Batua, Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Suitza, Italia eta Mendebaldeko Alemania. 1971. urtean sortu zuten Kilowatt sistema.

Alde batetik bertzera bidaltzen zuten informazioa era anitzetakoa izaten zen, oro har «ilegaltzat» eta «arriskutsutzat» jotako ekintzekin lotua, ikerlariak azaldu duenez. Ibilgailuei buruzko datuak trukatzen zituzten, kide «arriskutsuei» lotutako informazioa, eta baita talde armatu palestinarrek erabilitako estrategien eta tekniken ingurukoa eta pertsona jakinen lekualdatzeei buruzkoa ere. Olinpiar Jokoen ondotik lau palestinar hiltzeaz gain, bertze sei hil zituzten hamarkada bukatu arteko urteetan.

«Informazioaren parte handi bat hagitz zehatza zen, atentatuak eta pertsonak lotzen zituen, eta xehetasun lagungarri anitz ematen zituen», kontatu du Guttmanek. «Hilketak, albisteak eta prentsa ohar anitz helarazten zizkioten Mossadi». Killowatt sistemako materiala ikusi zuen lehen ikertzailea izan da Guttman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.