Oso gazterik hasi zen gatazka armatuen berri ematen Unai Aranzadi (Getxo, Bizkaia, 1975). Al-Jazeera, BBC, CNN, Le Monde Diplomatique-rentzat egin ditu lanak, besteak beste. Suedian bizi da egun, eta Eguberri partean jaioterrira itzuli da.
20 urte zenituela hasi zinen gerren berri ematen. Zer garapen izan du gatazketako berriemaileen sektoreak?
Garapen bat baino, atzerakada bat gertatu da. 1991ko golkoko gerratik eta Balkanetako gerratik, gatazketako kazetaritzak men egin die komunikazio taldeen inguruan dauden botere zirkuluei. Egiazta daitekeen kontu bat da. Bestetik, gizon zuriek gizon beltz eta beltzaranen istorioak kontatzen dituzte oraindik ere. Herrialde aberatsek bidalitakoek herrialde pobreetan zer gertatzen den kontatzen dute. Beraz, garapena okerrerako izan da. Agenda gero eta itxiagoa da lekuei dagokienez. Kazetariak bertsio ofizialari gero eta atxikiago daude. Ofizioa kolonialista da. Mendebaldeko kazetariek narratiba bat inposatzen dute mundu osoan. Atzerakada horretan, bestalde, nahiz eta hedabide gehiago egon, etekinak atera nahi dituzte, kazetariei gutxiago ordainduz. Eta kazetariak beldur dira agenda itxi horretatik ateratzeko. Freelance asko egoteak ez du esan nahi kazetari independente asko egotea, baizik eta borroka basati bat dagoela hedabideek inposatutako agenda asetzeko. Narratiba mugatu egin da.
Gatazketako berriemaileak multimedia kazetari bihurtu dira. Zer material eramaten duzu norabait zoazenean?
Ni betidanik izan naiz multimedia. Koaderno bat, argazki kamera eta bideokamera eramaten ditut beti. Freelance gisa hedabide gehiagorekin egin dezakezu lan argazkiak, testuak eta bideoak egiten badituzu. Gerra kazetariak multimedia egin dira hedabideek eskatu dietelako, eta kazetariek berek ere eskaintza gehiago izateko.
Kazetari bat herrialde batera iristen denean, dela Afrikan edo Ekialde Hurbilean, zer egin behar du gaiak ondo lantzen hasteko?
Lehenik, ondo informatu. Anekdota batzuk izan ditut, tokietara iritsi eta berehala gertatutakoak. Simferopol Krimeako hiriburuan, adibidez, Espainiako eta Euskal Herriko hainbat hedabidetako berriemaileak zeuden mahai batean. Esan nien ez dakigula ezertxo ere joaten garen lekuez. Bota nien: “Esadazue Ukrainako idazle baten izena eta zinemagile batena”. Inork ez zuen izenik eman. Bada, horiek kontatuko diote munduari han zer gertatzen den. Alde batera utzita hizkuntza ez dakitela, ez dutela libururik aurretik irakurri... Tristea da informatu gabe iristea. Gure herrialdeko jendea bidali nahi dugu informatzeko han zer gertatzen den. Ez dugu benetan egia jakin nahi, baizik eta gure prismatik eta gure begietatik jaso nahi dugu gatazka. Askotan, berriemailea hotel batean dago Internetera konektatua, beste batzuek zer kontatzen duten begiratzen. Gero, kazetaria kamera aurrean jartzen da mikroarekin, eta informazioaren ilusioa sortzen du. Hain bizkor doa dena, ilusioaren bidez informatzen da, ez errealitatearen bidez. Ezin zara leku batera iritsi eta kazetaritzari eta errealitateari fidel izan, hedabideek egun inposatzen duten bizkortasunarekin. Zerbait antinatural eskatzen dute. Dena eszenifikazioa da, batez ere telebistan. Lehen eskuko edukiak izateko egun batzuk behar dira. Iritsi eta bospasei egun egin eta gero has daiteke kazetaria pieza propioak egiten.
Karlos Zurutuzak egin zizun elkarrizketa batean, esan zenuen kazetaritza oportunistaren jokalekuetatik alde egiten saiatzen zarela. Prentsa oportunista gailentzen da gaur egun?
Bai, erabat. Hedabideek kazetari batzuei ordaintzen diete, profesioan ibilbide bat eta izen bat egin dezaten. Baina hedabide horiek oso argi dute toki bakoitzaz zer kontatu nahi duten. Alde jakin batetik egin nahi dute kontakizuna. Kolonbian, adibidez, estatuaren bertsio ofizialetik egiten da kontakizuna. Prentsa oportunista da botereak esaten duenean: “Orain Siria, orain Libia... baina alde honetatik kontatua”. Gerra kazetariak ofizioan jarraitu nahi badu, izen bat egiteko eta sariak jasotzeko, bide horri jarraitu eta irentsi egin behar du. Irensteko gaitasun handia behar da zenbaitek egiten dutena egiteko. Kazetaritza fakultateetan, esaten dute istorioek ikuspegi asko dituztela, baina desinformazioaren merkatura iristen zarenean, esaten dizute begirada bakarra dagoela.
Ukrainan hiru aldiz izan zara azkeneko urtean. Zer analisi egiten duzu nazismoaren gorakadaz eta dagoen manipulazio mediatikoaz?
Ukrainan, ez dit halako dardara eragin nazismoaren gorakada ikusteak, gobernu bat suntsitu eta botereen jabe egin dela ikusteak. Dardara handiagoa eragin dit Euskal Herriko sektore eta hedabide kritikoek erakutsi duten ezaxolak eta ekidistantziak. Euskal Herriko ezkerraz ere ari naiz. Horrek dena esaten dit datorren Europaz. Bataloi naziak ikusteak asko hunkitu ninduen. Baina hemen ikusi dudan ekidistantzia beldurgarria iruditu zait.
Hondurasen grabatutako dokumental batean ari zara lanean. Zer kontatuko duzu?
2009an Hondurasko estatu kolpea gertatu zenean, Mexikon nintzen. Zenbait gauza anakronikoak iruditu zitzaizkidan. Hondurasera joan eta Suediako hedabide batzuentzat egin nuen lan. Konturatu nintzen alor mediatikoaren garrantzia nabarmena zela Hondurasen. Estatu kolpean komunikabideek izan zuten rolaz materiala grabatzen hasi nintzen. Ordutik, urtez urte joan naiz, eta komunikabideek izan duten jokaeraz sekuentzia osoa daukat: estatu kolpetik hauteskunde demokratikoak iritsi diren arte. Hondurasi buruz hitz egingo dut, baina aitzakia ona da kazetaritzaz ere hitz egiteko. Kritika zitala egingo dut gure garaian kazetaritzaz denaren inguruan.
2001ean Independent Docs sortu zenuen, eta ordutik lan ugari egin dituzu. Azkenaldian, Colombia Invisible eta Jambo Ambani lanekin nazioarteko jaialdi ugaritan ibili zara. Nola hartzen duzu dokumentalak han eta hemen aurkeztea?
Munduaren iparraldean ez ezik, hegoaldean ere sariak jaso dituzte lan horiek, Afrikan eta Kolonbian. Gustuko dut hori, ez baitut nahi nire lanak iparrean kontsumitzeko izatea, baizik eta hegoaldearentzat baliagarriak izatea. Ezin dut hegoaldea subjektu komertzial gisa erabili, gerrekin eta miseriarekin, eta gero haiengana ez daitezela itzul. Garrantzitsua da iparraz eta hegoaldeaz hitz egitea. Normalean, iparreko hedabide batek kazetaria bidaltzen du hegoaldeko istorio bat kontatzeko, eta iparrean kontsumitzen da istorioa. Baina zer gertatzen da hegoaldearekin? Bere miseriaren ikusle pasiboa al da? Negozio humanitario handia dago, kazetari konprometituekin. Ez da nahikoa deskribapen ekidistante bat egitea. Bestalde, gustuko dut zinema dokumentalaren mundua, kulturari lotuago dagoelako informazioari baino. Kazetari batzuek kultura gutxietsi egiten dute. Baina kultura da herriak izan dezakeen harresia, hedabideen eragin ezkorra mugatzeko. Hau da, informazioa ondo dago, baina kulturak interpretatzeko aukera ematen du, eta harago doa. New Yorken telefonoen zerrendak informazio asko emango du, baina Paul Austerren eleberri bateko pertsonaia bitxi batek hobeto deskribatzen du hiria. Dokumentaletan bi aukera daude: gelako izkinan eulia izatea eta parte hartu gabe dena ikustea, edo istorioaren ipurdian zizta egiten duen liztorra izatea. Liztorra busti eta erre egiten da. Gerrez ari garenean, liztorra izan nahiago dut. Hobe mila aldiz hanka sartzea modu horretan konprometituz, distantzia batetik erretratu hil bat eskaintzea baino.
Esan al dizute gaietan gehiegi bustitzen ote zaren?
Asko kritikatu izan naute horregatik. Baina egin kontu: gaur egun prentsan neutraltzat jotzen dena liberala izatea da. Baina ez Robespierreren liberala, baizik eta Vargas Llosarena edo Henri Levyrena. Hortik ateratzen bazara, izorratuta zaude. Nazioarteko sailetan hitz batzuk debekatuta daude. Adibidez: inperialismoa. Historiako esperientzia inperialista handiena ikusi dugu Amerikako Estatu Batuekin. Baina debekatuta dago inperialismo horretaz hitz egitea. Herrialde komunistez hitz egin daiteke, baina ez bloke kapitalistaz. Kapitalismoa ere ezin da erabili. Kazetariek badakite hori, eta autozentsura egiten dute. Egun dagoen zentsurarik handiena autozentsura da. Ezaxola da beste zentsura mota bat, hedabideek zure lana ez erostea. Esango dizute blog bat zabaldu dezakezula eta nahi duzuna idatzi, baina zure poltsikotik ordaindu beharko duzu. Eta ea nork irakurtzen dizun. Bestalde, iruzur handia da gatazka armatu baten berri ematea eta ez dela politika esatea.
Zein istoriok hunkitu zaitu gehien, barnean sartzeraino?
Berdintasunarengatik eta besteak laguntzegatik borrokan bizitza eman dutenen istorioek hunkitu naute. Terroristak deitzen dituztenak daude tartean. Ezagutu izan ditut terroristak gizatasun handiagoa dutenak horiei terrorista deitzen dieten guztiek batera baino. Erosotasunezko bizitza bat utzi eta helburu demokratiko baten alde borrokatzera joan diren horien istorioek hunkitu naute asko. Bestetik, hedabideek gatazken bat-bateko ondorioak maite dituzte, baina sustraiak batere ez.
Bi haur dituzu. Bizia arriskuan jarri izan duzu maiz. Nola uztartzen dituzu orain aitatasuna eta arriskua?
Nahiz eta aita izan, fronteetara joaten jarraitzen dut. Baina modu desberdinean bizi dut. Orain askoz gehiago zaintzen dut neure segurtasuna. Lehen baino alertago nago. Iraganean egin nituen erokeriak orain ez ditut egiten. Bestetik, aita izateak kazetari hobea egin nauela uste dut. Erantzukizunaren eta maitasunaren beste dimentsio bat eman dit. Aita izateak egoismoa kentzen dizu. Eta onuragarria da, kazetaritzan zein giza lanean, ni-aren garrantzia kentzea. Giza dramak ikusten ditudanean, pertsona beste dimentsio batekin sentitzen dut, haurrengan pentsatuz.
Euskal Herrian eta Espainian bidegabekeria ugari daude: politika egiteagatik batzuk kartzelan, etxe kaleratzeak, ustelkeria kasuak... Etorkizunean egingo al duzu lanik Euskal Herriko egoeraz?
Charlie Hebdo-ren sarraskia gertatu, eta denak adierazpen askatasunaz hitz egiten hasten dira. Baina inor ez da gogoratzen Jabier Salutregi Egin-eko zuzendari ohia kartzelan dagoela. Komunikabideak Espainiako estatuaren armazoi gisa funtzionatu dute, estatua oskolik gabe zegoenean. Duela urte pare bat, Vocento, Prisa eta TVErengatik izan ez balitz, estatuak krak egingo zuen. Jendea oso bero zegoen, M-15eko bongoez aparte. Eta gero Podemos sortu da. Interesatuko litzaidake zerbait egitea, baina dena esplizituegia ikusten dut. Gehiago interesatzen zait ikertzea, esploratzea, harago joatea. Bestetik, asko interesatzen zait Euskal Herriaren eta Eskandinaviaren arteko lotura. Euskal sustraiekin Suediara joan naiz bizitzera, eta galderak sortu zaizkit nongoa zaren-eta. Europaren galdera handia izango da ea zer den leku batekoa izatea.